Hitz egiteko moduan

Garun paralisia dutenek hitz egiteko dituzten zailtasunak gainditzeko, The Grid aplikazioa sortu du Gipuzkoako Aspace elkarteak; komunikatzeko bidea ireki die.

Itziar Erkizia, tabletarekin, eta Sonia Oliden, Goienetxeko laguntzailea. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Esaldia aukeratu, eta badoa kafetegiko barrara Itziar Erkizia. «Kafe hutsa; izotzarekin eta edateko lastotxoarekin nahi dut, mesedez», esan duen ahots bat entzun da gurpil aulkiaren ondoko bozgorailutik. Ahots hori Erkiziaren boza bihurtu da duela hiru hilabetetik, kalera tableta magalean duela ateratzen hasi zenetik. Garun paralisia du Erkiziak, eta, Aspacek landu duen The Grid softwarearen bidez, elkarrizketak izan ditzake. Tabletako aplikazio horrek erraztu egin dizkio harremanak, eta gizartean dagokion protagonismoa lortu du.

Gurpil aulki elektrikoak garun paralisia dutenengan eragin zuen «iraultza» gogoratu du Javier Garcia Gipuzkoako Aspace elkarteko Helduen Zerbitzuko kideak, The Grid aplikazioak sortu duen eraldaketa azaltzeko. «Aulki horiek aukera eman diete leku batetik bestera nahi dutenean joateko; aplikazio berri honek beste askatasun bat emango die, edonorekin hitz egiteko aukera». Bizi-kalitatea erabat hobetuko zaielakoan dago, askok disartria gaixotasuna pairatzen baitute. «Zailtasunak izan ohi dituzte hitz egiteko garaian, eta jendeak ez die beti ulertzen; horrek ezintasun ikaragarria sortzen die, zenbaitetan gainditu ezin den muga bihurtzeraino». Bigarren mailan gelditzen dira garun paralisia dutenak. «Izan ere, jendea pertsonari baino gehiago, aldamenean duen bitartekariari edo laguntzaileari mintzatzen zaio hitz egiteko», gehitu du Garciak. Aplikazioak, ordea, haiek protagonista bihurtzeaz gain, haien garapen pertsonala sendotuko du.

Erkizia gailura ohitzen ari da hilabeteotan, Gipuzkoako beste hiru lagunekin batera. Idazten eta irakurtzen badaki Erkiziak; horregatik, behar dituen esaldiak osatzen ditu elkarrizketa izaten ari den bitartean, edo aurrez erabili eta jaso dituenak esaten ditu berriz.

The Grid, moldagarria

Aplikazioa norbanakoaren gaitasunetara moldatzen dela zehaztu du Garciak. «Irakurtzen ez dakien batek, esaterako, sinboloen bitartez egin ditzake esaldiak». Marrazkiak dira beharra adierazten dutenak. Oraindik probatan ari dira, baina, epe hori amaitzen denean, «perretxikoak bezala» zabalduko direla uste du Garciak. «Izugarria da teknologiek nolako eraldaketa dakarten. Gu aldatu bagaituzte, pentsa garun paralisia dutenei zer ekarri dien».

Aspace elkartearen Ekipo 2.0 Adap-meeting proiektuaren barruan egin dute The Grid aplikazioa. Izan ere, behar bezalako integrazioa lortzeko, komunikazioan zuten hutsunerik handiena. «Urteak eman ditugu horri irtenbide bat eman nahian. Zorionez, iritsi da gure helburuari bide egingo dion zerbait; gainerakoak bezala biziko dira».

Aplikazioaren aukerak behar bezala ezagutzeko, trebakuntza jaso dute erabiltzaileek eta laguntzaileek. Tableta guztiek bezala, askotariko aukerak ematen ditu: nahi bada, argazkiak atera, bideoak egin eta posta elektronikoa begiratu daiteke. Horiek guztiak erabiltzen ikasi nahi du Erkiziak: «Oraindik ez dut ikasi, baina, denborarekin, asmatuko dut horiek ere erabiltzen». Sonia Oliden bitartekariak dio Erkiziak Donostiako Antigua auzoan «bizimodu normal samarra» daramala; orain, «hobea», tabletaren laguntzaz.

Erreportajearen bideoa ikusteko, bisitatu BERRIAren webgunea: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.