Zozoen elean (eta V). Patziku Perurena

«Hitz egin dezagun, hizkuntza paper hutsean disekatu ordez»

«Usainak, hotsak, dastak, koloreak... naturaren ñabardura guztiak izendatzeko ahalmena duena, 'belar moztu eta ez moztu bakoitzaren usaina' zehazki nolakoa den dakiena, Patziku Perurena da…».

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Leitza
2014ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilhundu artean,

egoten ohi dire zozoen elhean

Jean Martin Hiribarren

«…Halako jakinduriaz non esan bailiteke gure ruralismo guztiak deskubritu ezin izan zuen Naturaren kantore handi bat dugula bere obra». Koldo Izagirre idazleak XX. Mendeko Poesia kaieretan Patziku Perurenaz idatzia duzu. Horixe gogoan hartu eta lotu gara hizketan Perurenarekin, beraren Naturaren bila…

«Patziku» zara, eta ez «Patxiku». Zure izena azaltzen hasi zenean, hor ibili ginen z-tik x-ra, zalantzatan. Hor bada tolesik…

Lehen ere esana naiz. Euskaltzain ezjakin ez bada akonplejatu xurien kontua da txeismoa hobetsi izana euskaran: «zerria» ez, «txerria» behar omen zuen; «ziztorra» ez, «txistorra»; «zapela» ez, «txapela»; «zalaparta» ez, «txalaparta». Marka gabeak aurrenekoak dira. Baina, gramatika kontuak aparte, txalaparta edo txapelketa hitzek azken 50 urtean eman duten uzta ikertzea aski litzateke, euskara zeinen ergel eta trakets berritu dugun ikusteko. Garbi esanen dizut, esplikaziotan gehiago luzatu gabe: niri azken bi hitz horiek zertarako erabiltzen diren entzute hutsak lotsa ematen dit… Goizuetan, ni jaio nintzen tokian, ume umetatik eta gazte denbora guzian, Patziku izan naiz, eta ez dut ezagutu Patziku besterik. Oroitzen naiz, mutiko ttiki-ttikia nintzela, Patziku, Pitziku, antzarak ostiku edo Do mi, do mi, sol do, Patziku mokoldo esanez adarra nola jotzen zidaten. Patziku izan naiz beti, umetako usadio goizuetar hari natural demonio eutsiz. Goizuetan mundu guzia baitzen Patziku! Baina gaur, ez eta bat bakarrik ere. Horra izen ttar baten historia, euskararekin zer egin dugun ederki erakusten duena.

Ez dut ezagutzen gure egunetan beste idazlerik, itzain ibilitakorik, joare suerte guztiak ezagutzen dituenik, uztarriari ere punta ateratzen dionik… harako hark dotore idatzi zuen moduan, «belar moztu berri eta moztu berri ez direnen usaina» zehazki nolakoa den dakiena.

Hiri giro batetik, edo esnobismo batetik bueltan datorren gehiegikeria ote den iruditzen zait niri leporatzen zaidan naturarekiko zaletasun hori. Ez nuke esango edozeinek baduela, baina pentsatzen dut ni bezalako larre-jendeak nik bezalatsu maitatzen dituela, eta hobeki ezagutzen, naturako gauzarik gehienak, non eta ez den akonplejatu horietako bat. Eta ez naiz ari apalkeriaz. Naturarekiko atxikimendu natural hori, herria bera deneko hori, literaturaren mundura ekarrita, uste dut euskaldunok idatzi dugun nobelarik zinezkoena eta neurrikoena Auspoa xaharra dela. Noski, ezaguna da Mitxelenari Xenpelarrek balio ez ziolako topikoa, baina hori beste kontua da. Gero, beti pentsatu izan dut munduko gizakirik exkaxenean ere ederki kabitzen dela humanismo osoa. Goizuetar moxkorra izan edo Aramaioar eroa, Ezkioko itsua edo Urepeleko artzaina, jende soilagan sinesten dut. Zenbat eta apaindura gutxiago, orduan eta ederrago. Zinezko poesia udazkenean hasten baita. Natura bera apaindurak eranzten hasten denean, eta negurako behar beharrezko diren fruituak eskaintzen.

Hamabi urte zenituela etorri zineten Goizuetatik Leitzara…

Tartean beste herri bat aipatu behar da, beste biak baino txikiagoa: Arano. «Leitza handi eta Areso txiki», diote. Era berean, «Goizueta handi, Arano txiki. Amaren ahizpa bat bizi zen Aranoko Leontxon bordan, Emilia, bere familia guziarekin, eta uda partean hara joaten nintzen, belarretan laguntzera eta beste. Eta, 1971eko buruilean ere, hantxe tokatu nintzen, gure familia Goizuetako baserritik Leitzara etorri zenean.

Zer izan zen Goizuetako zuen etxe Karretotik Leitzako kalera etortzea?

Esate bateko, hizkuntzari dagokionez, hango emakumeak hika ezagutu izan nituen beti. Leitzara etorri eta emakumeek kasik ez zuten hikarik egiten. Eta beste gauza: gizonezkoek emakumeari hika egitean, gizonezkoaren hitanoa erabiltzen zuten Ez zuten esaten, «aizan, hi, Pilar», «aizak, hi, Pilar» baizik. Beste gauza bat: Goizuetan oso famatuak izan dira bertako betizuak edo xexenak. Festetan beti izaten ziren Mertxenekoak, ni mutiko nintzela. Baina, Leitzara etorri eta «toroak!». Gaurko filologo zozo batek pentsatuko luke erdalkeria hutsa dela hori. Ez nik. Hitz horretan badago beste azpidatu psikosoziologiko bat: handikeriarena. Goizuetan xexenak, kanta ironiko xaloari esker: españian diraden onenak, xixti xaxta ezpatarekin hiltzen ez direnak;baina, Leitzan toroak, Iruñeko San Ferminetakoen parekoak, alegia. Orain berriz, nola deitu ezin asmatuz gabiltza: behiak?... Bo, bo!... Horra beste hitza, gure merkealdi linguistikoaren lekuko. Hamaika holako badut, bai. Saiakera ttiki ironia fineko bat idatzi beharko nuke Goizuetaz eta Leitzaz. Baina ez naiz iritsiko atzenean.

Zerk ekarri zintuzten Leitzara?

Inguruko herri ttiki askotako jendeak bezala egin zuten gure gurasoek. Sortetxea genuen guk Karreto, Goizuetan, Aitasemegi auzoan. Baserritik herriraino kilometro pare bat izango ziren. Gure aitta Leitzan ari zen lanean, Sarrion. Goizeko seietan sartu behar zuenean, aittak lauetarako edo jaiki behar izaten zuen. Baserrian lanean ari behar zuenean ere, beti ezinean, kamioan ere beti bizi-arrisku. Ordurako Leitzan etxe bizitzak egiten hasiak ziren, eta inguruko herrietako jendea bertara etortzen hasia. Aittak nahi omen zuen, Leitzara etorrita ere, baserrira. Amak esan omen zion: «Begira, etxe honetatik mugitu behar baldin badugu, Leitzara joan behar baldin badugu, herrira izan dadila, behintzat!». Nire gaitz neurologikoa baitzuen amak, hereditarioa, eta ordurako asko nabaritzen hasia. Eta baserrian, beti ezinean ibili beharko zuen, gaixoak. Hala etorri ginen kalera, eta nik uste, horretan asmatu egin zuela gure amak. Goizuetatik Leitzako baserriren batera etorri izan bagina, seguru aski ere, orain ez ginen elkarrizketa hau egiten ariko.

Zein duzu orduko Goizueta-Leitzetako oroitzapena?

Gure familia Leitzara etorri zenean egin zituzten lehenbiziko pistak Goizuetan. Orduan ez zegoen kamiorik, gurdibidez ibiltzen zen dena, eta oinez. Gure osaba Inazio Arrarasek —ardo partitzen ibiltzen baitzen—, kamioneta kozkor bat zuen, eta hartantxe ekarri omen zituzten baserriko tresna eta traste guziak Leitzara. Nik ez nuen dena ikusi, Aranon tokatu nintzelako. Baina azkeneko biajea bai, azken puskak hartuta osabaren kamionean etorri bainintzen Goizuetatik Leitzara. Herrian sartu ginen, kamionetan, eta laugarren pisura igo behar izan nuen. Ordura bitarte ni baserrian bizi izana nintzen, hankak lurrean beti. Leitzako etxean, laugarren solairuan, balkoitik begiratu eta negar egin nuen, emozioz. «Baina noraino igo gara gu!?». Eta nago, gure baserria nola hustu zuten ikusi izan banu, sentimendua izango nuela askoz ere gogorragoa, askoz ere biziagoa, baina ez nuen ikusi, ez nuen parte hartu tragedia hartan: tresnaz tresna, txokorik txoko, detailez detaile nire jaiotetxea husten eta uzten, betirako uzten! Uste dut horregatik bizi naizela haurtzaroan, gaurgero akabatu baininduen, bestela, orduko galeraren oroiminak.

Zure natur zaletasuna lehen hamabi urte haietan bizitako baserri aldiaren ondorio da?

Dudarik gabe. Leitzara etorri nintzenean, ez nuen agoantatzen. Asteburuetan hanka egin behar izaten nuen nik Bikainbordara, osaba Patziku atautxirenera, Goizuetara. Baserri giroa behar! Herrian bizi naiz, baina kalera edo mendira aukera eman, eta mendira eginen dizut nik hamarretik bederatzitan. Nire eskola ere, nire zinezko eskola, baserria izan zen: hango artzainak, laborariak, eta mila ofiziotan autosufizientea zen jende fin eta zaildu hori, lurra humanizatzen duen jende xalo hori. Egungo turismo antzu eta faltsuaren antitesia deneko jende hori, hain juxtu. Esate bateko, garai batean etxe gehienek beren zerri ixtegia edo hegia esaten ziotena izaten zuten basoan ezkur-lekua zen tokian, eta gure auzoko goizuetarrok Artikutzako mugaraino, edo Labaingo mugaraino eramaten genituen zerriak, ezkurretara. Zerri bargastak, zerri kozkorrak eraman ezkurretara, eta ilbeltz ingururako, edo hil behar ziren garairako, gizen-gizenak! Galantzia izugarria egiten zuten, eta bederatzi-hamar urte nituela bakar-bakarrik joaten nintzen zerriak ezkurrean nola zebiltzan ikustera, etxetik zakurraren ipurdira. Natura izan da nire musa, natura eta bakardadea, Koldo Izagirrek ongi seinalatu bezala. Ez naiz hortik atera, eta ez naiz aterako ere… Horretan gutxienez arrazoi ematen diot Bernardo Atxagari: alegia, elektrizitatean bezala, guk ere behar genukeela positiboaz eta negatiboaz gainera hirugarren hari bat lurrerakoa beti. Uste baitut, elektrizitatean bezala gizartean ere, matxura handiak sortzen dituela lurrarekiko haririk gabeko bizimodu fikzio hutsekoak.

Arestian aditzera eman diguzunez, amaren gaitzak joa bizi zara…

Gaitzaren izena distrofia eskapulo-humerala da, gaitz neuro-muskularra, muskuluak indarra galtzen du pixkana-pixkana, norberaren mugikortasuna mugatzeraino. Bi besoetan eta ezkerreko hankan jada dezente nabaritzen dut. Hamazazpi urteetarako konturatu nintzen. Gaur egun, zelaian nahiko ongi ibiltzen naiz, baina luzaroan orekari eusteko zailtasunak ditut. Nekatu egiten naiz luzera. Aldapan urgunka ibiltzen naiz, herren haundia eginez, alegia. Ama zenari aditu nionez, beraren aitta, gure aittona Domingo Loiarteren aldetik omen datorkigu gaitza. Goizuetatik Leitzarako kamioan, erdi bidera edo, Ollingo minak daude Ezkurrekotik, Meatze famatuak izanak. Nire oroitzean oraindik jende asko aritu zen, eta gogoan daukat Mondragoitik etorritako Albaro izaten zela buru. Igande eguerditan, autobusean joanda, meza ere ematen zuen Goizuetako apaizak Ollingo kapilla ttiki batean, eta ni neroni joana nago behin. Han aritu omen zen gure aittona Domingo ere, eta minatan hartutako gaitza izan ote zuen. Gurean lehenbizikoa, behintzat, hura izan zen. Haren seme-alabetan, gure amak bazuen, eta beste osaba-izeba batzuk ere bai. Eta baditut bi lehengusu ere, gaitza nik bezain nabarmena dutenak: Santi eta Roke aranoarrak. Gure seme-alabek ez dutela gaitza ematen du, baina gure umeen umeetan berriz azaldu omen liteke, medikuek esan didatenez.

Gaitz degeneratiboa, mugikortasuna galtzen pixkanaka…

Ez dakit geroan idazten ere moldatuko naizen. Behatzetako mugimenduari eusten badiot, idazten segituko dut. Baina izango banu norbait bizi guzian galderak egingo lizkidakeena, beharbada ez nuke deusik idatziko. Hitz egin dezagun eta hizkuntza ahoan oliotu, lijerotu, paper hutsean disekatu ordez. Azeri disekatu batek eta azeri biziak ez dute deus ikusirik. Hitza da azeri bizia bezala, eta azeri disekatua, berriz, letra, testo mutua. Goizueta aldera joan, edo euskara ahoan dantzan erabiltzen duten herri txikietara, eta esaten dut: «Literatura hau da!». Idazleak egiten duena hizkuntza disekatzea da. Hitz egin dezagun, hitz egin eta hitz egin. Bestela alfer alferrik ari gara.

Hitz egin, bai, baina idatzi ere bai zuk…

Niri poesia gustatu izan zait, asko; filosofia gustatu izan zait, asko. Nobela moderno sofistikatua ez horrenbeste. Gil Bera, Sarri, Izagirre, Irazoki, Auspoa xarra, klasikoak segituko ditut beti… Askotan esan izandu dut, nik izanen banitu zazpi buru —bat txarra izan beharrean, zazpi buru on izanen banitu—, batekin pintore izango nintzatekeela, musikaria bestearekin, beste batekin herri literatura landuko nuke, beste batekin filosofia, beste batekin filologia… Baina ezin da. Orduan, aukera bat egin behar da azkenean… Ni mekanika munduan hasi nintzen, eta gero autodidakta gisan sartu euskararen munduan eta literaturaren honetan. Baina beti kontziente izan naiz oinarria falta dudala. Orduan, zer da menderatzen dudana? Nire ingurua, nire inguruko lurra, eta lur honek gordea duen historia xehea jasotzeko borondatea, nire Goizueta eta Leitza. Horretara mugatu naiz, eta mugatuko, batez ere.

Zeure Goizueta-Leitzetako historia xehea jasotzeko borondatea, eta poesia idaztekoa…

Adarra gozo jotzen didate: ez ote naizen poesian bizi?… Nik ezetz,poema naizela, barrez! Nork berak baitaki hobekien delirium honen berri. Baita harexetan bestetan bizi ezin duela ere. Topikoa da poesia batez ere bihotzeko gauza dela. Baita bihotzak badituela gauza asko, buruak ezin dituenak ere. Horregatik erotzen gara, zuentzako erabat desenfokatzen. Ni, edozein huxkeriak hunkitzen bainau, uste dut deus imajinatzeko ere sentitu egin behar dudala, sentitu gabe imajinatzen ez dakien horietako naiz. Eta eromena, deus bada eta, nahas-mahasean elkarren gainka pilatutako sentipen leize ikaragarria baizik ez da. Motxean esanda: bihotzak gainez egiten dion buru ezindua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.