Hirurogeita hamar urteren ostean, Adolf Hitlerrek idatzitako Mein Kampf (Nire borroka) salgai dago berriz ere liburu dendetan. Hitlerrek bere buruaz beste egin zuenetik, 1945. urtetik, liburuaren egile eskubideak Bavariako estatuarenak izan dira, eta orain arte debekatuta egon da ale berriak argitaratzea. Baina egile eskubideak iraungita, diktadorearen pentsamendu politikoak biltzen dituen obrak argia ikusi du 2016an. Oraingoa edizio kritikoa da, Municheko Egungo Historia Institutuak hainbat hamarkadatan landu duena. Edizio berriak oinaldeko 3.500 ohar baino gehiago ditu, eta puntuz puntu egiten die aurre Alemaniako fuhrer-aren pentsamenduei. «Edizio berriak agerian utzi nahi ditu Hitlerren gezurrak, eta hark erdizka esandako egiak salatzen ditu. Ideia haiek propaganda ziren», azaldu zuen institutuko zuzendari Andreas Wirsching-ek aurkezpenean.
Harrera beroa izan du. Urte hasieran Alemanian salgai jarritako 4.000 aleek astebete iraun dute liburu dendetan, eta saltzaileek 15.000 eskaera baino gehiago jaso dituzte dagoeneko. Obraren bi liburukiek 1.948 orrialde dituzte, eta 59 euroan eros daitezke. Askoren ustez, Mein Kampf nazionalsozialismoaren azken mitoetakoa da, eta 70 urte iraun duendebekuak erakargarri egin du. «Magnetismo berezia du», aitortu zuen aurkezpenean edizioaren arduradun Christian Hartmannek. Gogoratu zuen orain urte batzuk Hitlerren hitzaldiak biltzen zituen edizioa kaleratu zutenean ez zuela lortu iritzi publikoaren arreta bereganatzea.
Orain arte Bavariako estatuak liburuaren edizio berriak publikatzea galarazi badu ere, atzerriko edizioak eskuragarri egon dira, Hitlerrek ingelesezko eskubideak 1930eko hamarkadan saldu baitzituen. Gaur egun, Interneti esker, aise lor daiteke jatorrizko testua euskarri digitalean. Hitler boterera iritsi aurretik ere salmenta handiak lortu zituen obrak. Franz Eher zen alderdiaren argitaletxea, eta hark publikatu zuen liburua 1925. urtean. Zortzi urte geroago, ia milioi bat liburu saldu ziren liburu dendetan, eta 1,2 milioi markoren irabaziak eskuratu zituen Hitlerrek (610.000 euro inguru). Garai hartan dirutza handia zen. Erregimen nazionalsozialistak iraun zuen bitartean, Mein Kampf-en hamabi milioi kopia inprimatu ziren orotara,eta gaur egun oraindik ere zirkulazioan daude.
Hitlerrek kartzelan pasatutako denboran idatzi zuen liburua. Benito Mussoliniren ereduari jarraituz, Weimar Errepublikaren aurkako estatu kolpea ematen saiatu zen Hitler, baina, huts egin ostean,espetxeratu egin zuten agintariek. Bertan idatzi zuen aurreneko liburukia, eta, behin aske geratuta, bigarrena. Mein Kampf-ek, datu autobiografikoez gain, alderdi naziaren ideologiaren eta propagandaren ardatz nagusiak biltzen ditu: besteak beste, arraza ariarraren gorespena, juduenganako gorrotoa —«zibilizazio ororen etsai» izatea egotzi zien— eta Lebensaraum-a (bizi espazioa) sortzeko beharra ekialdean, bereziki herrialde eslaviarretan. «Alemaniarrek eskubide morala dute besteren lurrak eskuratzeko, haiei esker herriaren hazkundea salbu baita», jaso zuen liburuan. Ideia ez zen I. Mundu Gerra hasi baino lehenagoko mugak berrezartzea, baizik eta lur berriak konkistatzea.
Eztabaida piztu da
Edizio kritiko berria Municheko Egungo Historia Institutuak hamarkada luzeetan egindako lanaren ondorioa da. Institutua 1949an sortu zuten, helburu batekin: nazionalsozialismoaren gorakadan eragina izan zuten faktoreak eta abiapuntuak aztertzea. Eskuineko orrialdeetan jatorrizko liburuaren testuak daude, eta ezkerrean, berriz, Hitlerren diskurtsoa ezbaian jarri eta testuinguruan kokatzen duten iruzkinak idatzi dituzte.
Esaterako, Hitlerrek behin eta berriz salatu zuen Alemaniako Inperioa ez zela I. Mundu Gerrako soldadu zaharren kargu egiten. Baina artxiboetako datuetan oinarrituz, historialariek erakutsi dute soldadu haiek diru laguntzak jasotzen zituztela, eta III. Reichak iraun zuen denboran 5.000 soldadu zahar inguru eraman zituztela gas ganberetara.
«Gaizki idatzita dago, akatsez beteta, baina serio hartu beharra dago, bera baita daukagun iturririk zuzenena jakiteko Hitlerren pentsamenduak nolakoak ziren», adierazi zuen lantaldeko arduradun Hartmannek. Hain zuzen ere, taldeak osatutako lana goraipatu du Johanna Wanka Hezkuntza ministroak, eta Mein Kampf liburua ikastetxeetan lantzearen alde agertu da. «Ikasleek ikasi behar dute euren kabuz pentsatu behar dutela. Ezin dute utzi populistek lilura ditzaten». Iritzi berekoa da Josef Schuster, Alemaniako Juduen Kontseilu Nagusiko presidentea, nahiz eta gaur egun Mein Kampf liburua debekatuta dagoen oraindik ere Israelen. Schusterren iritziz, edizio kritikoak lagundu egingo du liburua desmitifikatzen, eta ontzat jo dutestua Alemaniako ikastetxeetan irakastea. «Mugimendu eskuindar berriak sortzen ari diren garai honetan, edizioak sentsibilitatea zorrozten lagun dezake, argumentu populistak bazter batera uzteko».
Bestelako ahotsik ere bada. Jeremy Adler aditua da irakaskuntza liburuetan eta Alemaniako historian eta hizkuntzan. Uste du Mein Kampf «iturri iluna» dela. «Propaganda teknikei buruzko liburua da, gorroto eta handitasun nahiz betea. Egilea bere porrotak azaltzen saiatzen da, eta existentzia mugatua erakusten duen autobiografia bat da. Zer ikas daiteke erailketari dei egiten dion diatriba horretatik?».
Europa errefuxiatuen krisia pairatzen ari den garaian argitaratu da edizio berria, hain justu alderdi eskuindarrak eta mugimendu xenofoboak indartu egin direnean. Ian Kershaw historialari eta Hitlerren biografoak ez du uste debekua kentzeak mugimendu xenofoboak indartu ditzakeenik, eta nabarmendu du orain arte jatorrizko bertsioa nahi duen orok izan duela eskuragarri Interneten. «Egia da aurreiritziak sustengatzeko norbaitek erabilera okerra eman ahal diola Mein Kampf-i. Baina liburua irakurrita, ziur nago inor ez dela nazi bihurtuko».
Hitlerren guda, indargabetuta
Hirurogeita hamar urtez debekatuta egon ostean, 'Mein Kampf' liburuaren ale berriak argitaratu dituzte Alemanian. Edizio kritikoa da, eta Adolf Hitlerren ideiak eta argudioak biluzten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu