Historiaurrea, oso bizirik

Aranzadi zientzia elkarteko kideak 1996. urtetik indusketa lanak egiten ari dira Arrasateko Lezetxiki kobanGizaki eta animalien aztarnak eta fosilak aurkitu dituzte, baita bestelako tresnak ere

Indusketako lantaldea, lurra altxatzen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Arrasate
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Arrasateko Lezetxiki kobako lurrak etengabe ari dira historiaurreko aztarna eta fosilak ematen. Egunero aurkitzen dute garai hartako bizimodua azaltzen duen zerbait. Atzo bertan, gizakiak orain dela milaka urte erabilitako labana baten punta aurkitu zuten Aranzadi zientzia elkarteko kideek. Ilusioa nabari zitzaien aurpegian. Alvaro Arrizabalaga indusketa zuzendariaren ustez, leizeak «sekulako aberastasuna du, eta aztarna paleontologikoak oso oparoak dira».

1996an hasi zituzten indusketa lanak Aranzadikoek, eta bertan jarraitzen dute, egunero, lurra altxatzen. Dagoeneko, zazpi metro eta erdiko sakonerara iritsi dira, eta, pitzadura bati esker, badakite oraindik, gutxienez, beste metro eta erdi falta zaiela kobaren hondora iristeko. Ez dakite noizamaituko dituzten lanak, baina, Arrizabalagak dioenez, oso argi daukate beheko haitza jotzen duten egunean utziko dituztela.

Hamasei gazte dabiltza lanean Lezetxikin. Jatorri askotakoak dira. Egunean zortzi edo bederatzi orduz lan egiten dute, eta bazkaldu ere, bertan egiten dute. Dena, musu truk. Izan ere, Lezetxikik ez du jaso Eusko Jaurlaritzaren ondasun kulturalaren izendapena, eta, ondorioz, ez dute diru laguntzarik eskuratzen.

Binaka lan egiten dute: esperientziaduna bat, eta ikaslea edo leizea ezagutzen ez duena bestea. Lurra bost zentimetroko geruza finetan jasotzen dute. Geruza batekin amaitzean, aldamenean markatxo bat egin eta hurrengo geruzan jarraitzen dute. Ateratako lur zatiak ontzietan biltzen dituzte, dena estratigrafikoki ondo identifikatuta egon dadin. Gero, ontziak gora igo eta beste bi lagunek edukia aztertzen dute, ziurtatzeko behean ez zaiela pasa ezer baliotsurik.

Lanean dabilenetako bat da Naiara Barrenetxea. Lana polita eta, aldi berean, nekagarria dela dio: «Pentsa ezin ditzakezun tokietako minez amaitzen duzu, baina lan giro ederra daukagu, eta lana bera oso polita da; merezi du». Iker Soto gazteak ere ilusioz lan egiten du: «Historiaren zati txiki bat lurpetik ateratzea sekulakoa da, zirraragarria», dio. Arrizabalagaren ustez, «diziplina handiko lana da».

Denetik aurkitu izan dute Lezetxikiko koban hamabost urtean. Animalien hezurrak aurkitu dituzte: hiru hartz espezie, leopardoa, lehoia, hiena, otsoa, azeria, bisontea, mamuta, errinozeroa, glotoia eta abar. Kronologia oso ezberdinetan jartzen dituzten animalien arrastoak aurkitu dituzte: urkiaren sagua, eta, iaz, makakoa, esaterako. Urkiaren sagua Moskun bizi da, eta negu oso hotza iragartzen duen animaliabat da. Makakoa, aldiz, oso tenperatura epeletan bizi da.

Pertsonen hezurrak eta aztarnak ere aurkitu dituzte: Homo Sapiens baten masailezurraren zati bat, orain dela 150 mila urteko Erdi Paleolitoko neandertal aurreko giza aztarnak, eta are zaharragoa den Behe Paleolitikoko Homo Heidelbergensis espezieko emakume baten humeroa. «Humeroaren altueran gaude orain», dio Arrizabalagak.

Barandiaranen oinordetza

Joxe Miel Barandiaranek 1956an hasi zituen Lezetxikiko indusketa lanak, eta 1968ra arte aztertu zuen leizea. Lehen bi metroak zulatu zituen. Arrizabalagaren taldeak lekukoa hartu zuenean, lekua egoera txarrean zegoen. «Oihana zirudien, eta bisitari asko ibiltzen ziren, inongo kontrolik gabe», dio zuzendariak. Horregatik, lekua itxi eta sabaiak ipini zituzten. Azkenik, Lezetxiki babesteko, lurrak erosi zituen Arrasateko Udalak.

«Lanean hasi ginenean, inozo- inozo, hiru edo lau urtean hiru metroko sekuentzia egitea espero genuen; dagoeneko hamabost urte daramatzagu, eta zazpi metro eta erdi jaitsi gara. Lehen bi metroetan txuleta bat genuen, baina beste bost metro eta erdiak berriak dira, eta ez dakigu zer aurki dezakegun bertan. Dena da berria». Oraindik beste hiru urtez lanean aritzea espero du indusketa taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.