Interneten ere bada halakoak saltzeaz arduratzen den webgune bat. Han ikus daiteke Anue udalerrian (Nafarroa) dauden Etxaideko lurren eskaintza. Harekin batera, XVII. mendeko jauregitxo bat eta XVIII.eko beste bat salgai daudela biltzen du webguneak. Biak hala biak Estellerrian. «Ezin dugu toki zehatza esan, arazoak izan ditugulako. Jabeek konfidentzialtasun handia eskatzen dute, eraikinak hutsik daudelako eta estortsio eta lapurretak izan direlako», azaldu du Elvira Fafian aldeasabandonadas.com webgunearen kudeatzaileak.
Halako eraikin edo eremu zabalek atzerrikoen jakin-mina pizten dute, batik bat. Hala azaldu du Fafianek: «Deitzen dutenen %70 edo 80 atzerritarrak dira, herrialde anitzetakoak». Batik bat, Txinakoak, Errusiakoak, AEBetakoak eta Kanadakoak, nahiz eta Europan ere izaten den jauregiak-eta erosteko gogorik. Bi motatako bezeroak izaten dituztela azaldu du; alde batetik, norbere erabilerarako erosten dituztenak. «Gutiziak bultzaturik, armarria duen etxe bat izateko, prestigioa duen eraikinaren jabe izateko». Bestetik, negozioetarako leku aproposa nahi dutenak daude: nekazaritza turismorako, enpresak paratzeko edota langile edo bezeroentzako gune bat izateko.
Nafarroari dagokionez, berriz, interes berezia izaten dute nekazaritza turismoaz arduratzen direnek. Horrekin batera, diotenez, ardoari lotutako negozioak bultzatuta deitzen dute bezero askok. «Batzuek bodegari gune turistiko bat erantsi nahi diote, bezeroak eramateko, gastronomia ezagutarazteko eta abar».
BUTROEKO GAZTELUA
Zeinek gehiago eman?Bost solairu, kapera, leotzak, liburutegia, ur putzua, lau dorrexka, upategia. 2.400 metro karratuko eraikina eta 35.000 metro karratuko parkea. Kokalekua: Gatika, Bizkaia. Irteerako salneurria: 3'5 milioi euro. Ez da edozein eraikinek duen iragarki taula: Butroeko gaztelua dago salgai. Enkantean jarri dute, nork gehiago eskaini. Irailaren 23an ireki zuten eskaintza egiteko epea, eta urriaren 21ean, 13:00ean erabakiko da noren esku geratuko den Bizkaiko gaztelurik ospetsuena. Internet bidez ari dira enkantea egiten. BNP Paribas Real Estate enpresa arduratu da horretaz. Irene Valbuena enkanteko zuzendariak aitortu du oraindik ez dutela jaso eskaintzarik. «Horrelako enkanteetan, azken astean egiten dituzte eskaintzak. Are gehiago esango nuke: azken egunean bertan egingo dira, ziur aski». Zuzeneko salerosketaren ordez enkantea alternatiba ona dela adierazi du Valbuenak. «Jende gehiagorengana iristen zara. Hilabetean marketin plan indartsu bat egiten ari gara, eta, akaso, aurrez aurrekoan ez litzateke lortuko». Nabarmendu du nazioarteko erosleak erakartzeko bidea ere badela.
«Berezia» eta «bakarra» izenondoak jarri dizkio Valbuenak Butroeko gazteluari: «Beste toki batzuetan aurki daitezke gazteluak salgai, baina eredu estandarretatik ateratzen da: estilo erromantikoa duen bakarra da». Hori da salneurria jartzeko kontuan izan dituzten faktoreetako bat. «Lehen eskaintza egiten duenak 3,5 milioi eurokoa egingo du, eta, hortik aurrera, norbaitek eskaintza egiten duen aldiro 6.000 euro gora egingo du».
Jagoba Martinezek, eskualdeko Jata Ondo landa garapenerako elkarteko Turismo teknikariak, gazteluaren balioan jarri du arreta: «Eskualdean dagoen ondarearen artean, gure altxorra da Butroe». Gazteluaz gain, inguruan duen parkea ere nabarmendu du Martinezek: «Hemengo espezieak dituen lorategi ikusgarri batek inguratzen du gaztelua». Ezin dira zenbatu eraikinak urtean izaten dituen bisitak, itxita baitago 2004tik. Baina, giltzapetuta egon arren, istorio handiak gordetzen ditu barnean. XIII. mendean eraikitako dorretxe bat du zimendu. Ondorengo mendean, Butroeko jaunak aginduta eraiki zen gaztelua. Urteak aurrera egin ahala, handitu egin da eraikina, testuinguru eta beharrizanekin batera. Leinuen arteko gatazkan hartu zituen defentsarako hormak. Izan ere, Butroekoak oinaztarrekin aritu ziren ganboarren arteko borrokan. Horien ondoren, apurtuz joan zen gaztelua. XIX. mendean hartu zuen egun duen forma. 1878an, Cubas markesak hartu zuen berreraikitzeko lana, eta garai hartako Europako gazteluen forma eman zion Butroekoari. Turismo eta kultura zentro izan zen 1994tik aurrera. Eta istorio berriak nork gordeko dituen zain dago.
Jabeak erabakiko du hori. «Ezberdina da familia batek erostea edota hotela jarriko duen enpresaren esku geratzea». Zerbitzu turistikoetara bideratutako jabegoa litzateke onena, Martinezen arabera. Gogora ekarri du Arteagako gaztelua (Bizkaia): jatetxe eta hotel bihurtu dute. «Gazteluari balioa ematen dio horrek. Turismora bideratuta badago, jendarteari irekita egongo da».
DATUE JAUREGIA
Historia luzea gibeleanJauregiak anitz dira Baztanen (Nafarroa). Dorrea elkartea inguru haietako ondare arkitektonikoa biltzen aritzen da, eta, jakinarazi dutenez, jauregietako bat salgai dago: Datue jauregia, hain zuzen ere. Elizondo herriaren sarreran dago, eta jabeek 1.000.000 euro eskatzen dituzte XVII. mendean eraikitako jauregi horren giltzen truke. Prezioan sartzen dira ondoko baserria eta ia 10.000 metro koadroko ingurua ere.
Jauregia dagoen tokiari Datuzelai deitzen zaio, eta han da, jauregiarekin batera, Datugarai etxea. Arkitekturaren ikuspuntutik, XVII. mendeko arkitekturaren paradigma da. Itxura barrokokoa da, eta barnean sala handi bat du. Historiari dagokionez, hamaika istorio ditu gibelean. Leinu etxea da Datue, XVII. mende aurretik ere existitzen den leinu batena. Pello Sanmillan Baztango haizegoa blogaren kudeatzaileak eman du horren berri. «Karlisten jauregia izan da, baina jatorrizko familia Aldekoa da». Hangoa izan zen Agustin Jauregi Aldekoa militar eta politikaria, Txileko gobernadore eta Peruko erregeorde izan zena.
Martin Luis Etxeberria Baztango alkate eta militarra izan zena ere han bizi izan zen, Maria de los Angeles Iturralde Aldekoarekin ezkondu ondoren. Militar gisa egin zen ezagun Etxeberria. Elizondo liberalen eskuetan geratu zenean, emaztea erbesteratu egin zen, eta haren seme Damaso Etxeberria Bordelen jaio zen. Gerra bukatuta itzuli zen Datue jauregira, eta hura ere Baztango alkate izan zen; II. Guda Karlistan ere borrokatu zen. Baina semea ez zen nabarmendu gerrengatik; letrengatik ere ez asko, baina euskal hitzak idatzi zituen: 1857an Xabierko Frantziskoren omenez egindako poema, besteak beste. Luis Luziano Bonaparterekin harremana izan zuen, haren idatziak landu baitzituen euskararen mapa egiteko. Are, Bonaparte Datue jauregi ondoko Datugarai etxean hartu zuten.
Jauregiaren salmentaz galdetuta, Sanmillanek uste du eraikina ongi dagoela eta haren historiagatik mantendu egin behar dela. Dena den, zalantzak ditu hura saltzeko erraztasunik egonen ote den. «Baztango Udalak Iruritako Jauregizarrea erosi zuen, merke, erortzekotan zegoelako, eta hamabortz urte geroxeago berdin dago. Era berean, aspaldi, pertsona batek Amaiurko borda jauregia erosi zuen, eta berritu, hotel bat egiteko. Baina hala gelditu zen: konponduta, baina ireki gabe».
ETXAIDEKO JAURERRIA
Herria salgaiAnue Udalerriaren baitan dago Etxaide. Hango alkate Raul Pascalek esan du ez dakiela zehazki inoiz herri izan den; jaurerri, ordea, bada. Jendea, baina, bizi izan zen lur haietan. 1366an lau su zituen, aitoren semeenak denak. Zazpi biztanle izan zituen 1786an, eta sei ziren 1981ean. Tarte horretan, biztanle gehien izan zuen garaia 1858. urtea izan zen, 11 bizilagun baitziren. Bi urte dira, baina, inguru hura hustu zenez geroztik. Egun ez da inor bizi, eta lur eremu osoa salgai dago orain (170 hektarea). Ibarreko herriren batek bezain zabalera handia du, eta 3.000.000 euroren truke eros daiteke.
Berezia da Etxaide. Han dago Anueko bereizgarrietako bat: XIV. mendeko defentsa dorrea. Bere garaian Ealegiko gotorlekua zeritzon, nahiz eta egun Etxaide esaten zaion. 1950. urtean berriztatu zuten. Ez da, baina, inguru haietako eraikin bakarra. Etxaide errepideak banaturik dago: alde batera, lehen baziren eraikinak; bestera, dorrea eta baserria daude, zutik. Baserri hura ere ezaguna da Anuen. Julio Caro Barojak haren marrazkia sartu zuen La casa en Navarra argitalpenean (Nafarroako etxeak), eta honelaxe deskribatu zuen: «Nabarmentzekoa du zurezko galeria errektangular bat, arkupeak eta balkoia dituena, zazpi zutabe handiren gainean bermatua».
Horrek guztiak berezi egiten du Etxaideko jaurerria. Horregatik, Anueko Udalak jakin-min handia du lur haiekin gertatuko denaren inguruan, eta bertatik bertara aztertuko dute prozesua. Eroslea nor den eta zer egin nahi duen jakin nahi dute: «Dorrea eraikin bereizgarria eta oso berezia da ibarrean; beraz, jendeari eta udalari interesatuko litzaiguke erosleak ostalaritzarako edo antzeko zerbaitetarako erabiltzea, erabilera pribatua eman beharrean. Ibarrerako erakargarria izanen litzateke». Gainera, alkateak uste du Anuek ezaugarri oso onak dituela, Iruñetik gertu egonagatik ere mendialdeko itxura duelako. Baina sektore turistikoa oraindik garatzeke du. «Hau aukera ona izan daiteke».