Zelai honetan bertan gertatu zen guztia; gu gauden leku berean. Airean daude oihartzunak, lurrean teoriak. Sentitzen dituzu?».Anabel Arraiza aktorearenak dira hitzak. Et Incarnatus orkestraren melodiaren laguntzaz ahots ozenez eta antzeztuz esan ditu hitzak. Aurkituko gaituzuenoi ikuskizunaren testuaren zati bat da. Jon Maiak zuzendutako ikuskizuna larunbatean taularatuko dute Amaiurren (Nafarroan), 21:30ean. Amaiurko gazteluaren suntsipenaren bosgarren mendeurrenaren harira eginen dute obra.
Lehenengo aldiz elkarrekin entseatzeko bildu ziren asteartean, Villabonan (Gipuzkoa), Anabel Arraiza, Et Incarnatus orkestra, Oinkari dantza taldea eta Jon Maia, besteak beste. Orain arte,beren kabuz entseatu du talde bakoitzak. Bihar lehenengo entsegu orokorra eginen dute, denen artean ikuskizuna bateratzeko. Etzi goizean beste bat eginen dute. «Nahiko puzzle konplexua da; urduritasun handia eragiten du. Paperean eta buruan gauza bat da, baina gero hori exekutatzean, erritmoa ematean eta baldintza teknikoetan kale ez egitean dago misterioa», esan du Maiak.
Dantzariak zoruan eserita daude; oinutsik, luzatzen. Orkestraren melodia fondoan, biolinak nabarmentzen dira. «Adi! laster aterako zarete». Orkestratik gertu sakelako telefono asko daude dena grabatzen. Denak ez daudenez, hitz egindakoa besteek entzuteko grabatzen dute. «Grabatu duzu?». «Ez da grabatu, jarriko dut berriz». Dantzarien txanda da. «Tira, prest?». Azkenean berriz jo du orkestrak: «Berriz joko dugu Amaiur».
Piezak ahokatzen
Dantzarien unea iritsi da. Saltoka berotzen hasi dira. «Dantza modernoa edo garaikidea gure indargunearekin —euskal dantzak— nahasi dugu, aniztasuna eskaintzeko publikoari», azaldu du Amaia Aizpurua Oinkari dantza taldeko kideak. Dantzarien jauziengatik zorua dardarka dago. «Astiroago jo dezakezue parte hori?». Etengabe frogatuz musika eta dantza koadratzen ari dira. «Isilune hori oso luzea da». Berriz saiatu dira. «Egingo dugu trantsizio hori laburragoa? Saiatuko gara?», eta berriz dantzan.
«Mantsoago joaten direnean zuek bizkorrago zoazte, eta alderantziz». Berriz hasi dira dantzan. Burua eta begirada tente dituzte dantzariek, irribarreek ihes egiten diete nahasten direnean. «Bi ilara egiteko!». «Egia». Barreak eta urduritasuna sumatzen dira Villabonako eskolan. Dantzari bat falta denez, hutsune bat dago haien artean. «Ba, deskantsua».
Et Incarnatus orkestrako musikariak haizea hartzera atera dira, bero handia egiten duelako eskolan. Dantzariek lanean jarraitzen dute, behin eta berriz urratsak errepikatzen. Pertsona bakarra geratzen da dantzan, etengabe atzeraka birak ematen ari da: «Azkenean». Ateratzen ez zitzaion urratsa lortu du. Errepikatu du. «Orain bai», esan du irribarretsu.
Historiari erreferentzia egiten diote kantuek, xedea zein den azaldu du Maiak: «Iragana erabiliz etorkizunari begira jarri nahi dugu. Orain ere zer garen hausnartzeko aukera eman. Kontzientzia izatea, orain egiten dugunaren arabera izango gara gero».Horretarako, zenbait galdera egin ditu: «Zer hausnarketa egingo dituzte guri buruz 500 urteko arkeologoek? Harro egongo dira orduko euskaldunak gutaz? Nola gogoratuko gaituzte? Zein mundu eta zein Euskal Herri izanen da?».
Auzolanean eginda
Ikuskizuneko narratzailea da Arraiza; bere txanda da. «Oso gustura» hartu du lana: «Dena kontatu zidatenean erronka handi bat iruditu zitzaidan, eta argi ikusi nuen hemen egon nahi nuela». Zenbait zailtasun aipatu ditu: «Testu asko dago eta ez da ohiko aurkezpen bat, antzeztua delako». Publikoari begira egon beharko luke, baina orkestrari begira entseatzen ari da, orkestrak testua entzuteko. «Zein kanta doa testu honekin?», entzuten da. Oraindik ikuskizunaren pieza guztiak lotu gabe dituzte. «Ondo aukeratu behar da musika hau non sartu nortasun handia duelako», esan du Maiak.
Auzolanean egindako lana dela nabarmendu du: «Gehienak artistak dira, baina antolatzaileetanez dago produktorerik; Amaiurko Udala dago; 260 biztanle dituen herri bat».Auzolanean oholtzako lurra prestatu zuten astelehenean.
Historiaren puzzlea fintzen
Amaiurko gazteluaren bosgarren mendeurrenaren harira, 'Aurkituko gaituzuenoi' emanaldia taularatuko dute larunbatean. Taldeka entseatu dute, eta asteartean lehenengo aldiz elkartu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu