Atzo goizean jakin zuen albistea Andoni Lubaki argazkilari eta kazetariak (Urretxu, Gipuzkoa, 1982): aurten Sirian ateratako argazkiengatik, Atlanta Photojournalism Seminarrek antolaturiko Chris Hondros saria irabazi du. «Pozarren» hartu du albistea, ez baitzuen horrelakorik espero. Argazki sorta onena izendatu dute urretxuarrarak Associated Press agentziarako eginiko lana. www.photojournalism.org webgunean ikus daiteke Lubakik Sirian ateratako argazkiak.
Chris Hondros zenaren omenez antolaturiko saria eman dizute. Ilusio berezia egin al dizu horrek?
Honetan hasi aurretik, Madrilen nengoela, fotokazetaritzari buruzko liburu bat erosi nuen. Besteak beste, Chris Hondrosen lana jasotzen zuen, eta hasieratik txunditu ninduen. Iraken eta Liberian ateratako argazkiek liluratu egin ninduten, eta orduan esan nuen: ea noizbait horrelako argazkiak ateratzen ditudan. Haren saria jasotzea ohore handia da.
Noiz sartu zinen Sirian?
Aurtengo Urteberri egunean sartu nintzen. 22 egunez ibili nintzen.Baxar al-Assaden aldera joaten saiatu nintzen. Hiru aldiz eskatu nuen bisa, baina ez zidaten eman. Matxinoekin harremana egin eta haiekin egon nintzen.
Nolako lan baldintzak dituzte Siriako gerran lanean dabiltzan kazetari eta argazkilariek?
Egoera anabasa da. Hasteko, arrisku handia dago. Argirik ez dagoenean, Internet are gutxiago. Eta sarea joaten bazaizu, egun horretako argazkiak ezin dituzu saldu. Egunkari askotara lanak bidaltzen dituzu, eta gutxik erantzuten dizute. Hori bai: bahiketaren ondoren denek nahi zuten nirekin hitz egin. Kaka hutsa bagina bezala tratatzen gaituzte.
Gerra berriemaileen egoera kaskarra da, beraz.
Sirian ezagutu nituen profesionalen artean, Suediako kazetari eta argazkilari bat ziren kontratupean lan egiten zuten bakarrak. Gainontzekook freelance-ak ginen. Agentziek esaten dizute argazkiak erosiko dizkizutela, bainaezbeharren bat gertatuz gero, bakarrik zaude.
Hamabi orduz eduki zintuzten Sirian zure borondatearen kontra atxikita. Zergatik bahitu zintuzten?
Orduantxe Frantziak Mali inbaditu zuen, eta yihadistak nahiko aztoratuta zebiltzan. Gerora jakin dudanez, Espainia estu hartu nahi zuten nire bahiketarekin, Frantziari eskainitako laguntza eteteko.
Zein neurri hartu behar ditu kazetari batek horrelakoetan?
Associated Pressek, adibidez, ez dizu argazkirik onartzen baletarako atorrarik, kaskorik eta asegururik ez baduzu. Gainera, neurri logikoak hartu behar dituzu: ez inori esan nora zoazen, eta konfiantzako hiruzpalau lagun izan.
Nola aurre egin desinformazioari gerra egoeran?
Gerra batean lehenbiziko biktima egia da. Bakoitzak bere egia saldu nahi dizu, bere arrazoia besteei inposatzeko. Nik ikusi ez dudanaz ezin dut hitz egiten, idatzi, argazkirik atera... Nire begiekin ikusten dudana kontatzen dut.
Matxinoak horren sakabanatua egoteak ere asko zailduko du berriemailearen lana.
Haien artean ere askotan haserre egoten dira. Alepon bertan kontrolak pasatu behar dituzu. Zuk harremanak dituzun toki baterajoan nahi baduzu, agian ez dizute uzten.
Nola eragiten dizu zure lanean inguruan horrenbeste sufrimendu ikusteak?
Gervasio Sanchezek behin esan zidan: «Sufrimendu hori guztia beruna bezala da, eta gure gorputzak ezin du beretu». Berun hori gure gorputzean bilduz joaten da, osasun arazoak emateraino. Horrelako tokietan, beruna inguruan badago, maskara bat jarri behar dugu. Nik askotan egiten dut negar han nagoenean. Zorionez, hona etortzen naizenean hobeto sentitzen naiz; ikusitakoa onartu dut. Beste batzuek, etxera bueltatzean, amesgaiztoak izaten dituzte.
Gaddafiren gobernua erori eta gutxira piztu zen Siriako gatazka. Lan egiteko erari dagokionez, zein desberdintasun dituzte bi gatazkek?
Libia parke tematiko bat zen. Matxinoek nahi zuten nazioarteak haien alde egitea, eta sarrera guztiz erraztu zuten. Ez zenuen bisarik behar, ezer ordaindu behar... Nik hilabetean hamabost dolar gastatu nituen. Nik eta nire ingurukoek bagenekien Libia salbuespena zela; asko ordaindu behar izaten da horrelakoetan, eta harreman asko egin behar dituzu. Askok uste zuten Sirian berdin izango zela.
Zeren arabera aukeratzen duzu nora joan?
Tristea da esatea, baina lehenenik eta behin pentsatu behar duzu bidaia ea errentagarria aterako zaizun, ea zenbat egunkari egongo liratekeen prestzure lana erosteko. Gatazka guztiek ez dute berdin saltzen.
Nola hasi zinen fotokazetari gisa lanean?
Lehenagotik nahikoa bidaiatutakoa naiz, eta nazioarteko gatazkak interesatu zaizkit betidanik. Jugoslaviako gerrari arreta handiz erreparatu nion. Berandu etorri zait bokazioa. Halako batean, neure buruari esan nion: ez zait gustatzen egiten ari naizena, eta behintzat saiatuko naiz gustuko dudana egiten.
Zer gustatzen zaizu zure lanbidean?
Historia gustatzen zait, eta pasarte txiki horiek nire aurrean pasatzen ikusteak bizirik sentiarazten nau.
Komunikazioa. Andoni Lubaki. Argazkilaria eta kazetaria
«Historiaren pasarte horiek ikusteak bizirik sentiarazten nau»
Siriako matxinoekin 22 egunez ibili zen Lubaki argazkilaria Alepon. Han eginiko lanagatik Chris Hondros saria emango diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu