Lekutan gelditu dira argazkiak errebelatzen zireneko garaiak, nahiz eta ordutik bi hamarkada baino askoz gehiago ez diren igaro. Euskarri fisikoek indarra galduta, gaur egun, dena da azkarragoa, bat-batekoagoa, Internet medio. Baita fotokazetaritzan ere. Gaur egun, fotokazetariek gailu berezi bat dute, argazkiak atera ahala egunkariei helarazteko; lehen, beste lurralde batean gertatutako argazkiak egunkarian sartu ahal izateko, materiala errebelatu eta autobusez bidaltzea beste aukerarik ez zegoen.
Baina hori baino askoz gehiago da fotokazetaritzak azken urteetan izan duen eraldaketa. Lehen, nahikoa zen argazkiak erredakzioak itxi baino lehen jasotzea, gauez; gaur egun, gertatu eta berehala bidali behar izaten dituzte argazkiak, hedabideek webguneetan albisteen berri eman dezaten. Eta, are gehiago: argazkiak ez ezik, bideoek indarra hartu dute azken urteetan.
Foku agentziako Monika del Valle kasualitatez hasi zen fotokazetaritzan, Argia-rako. Gaur egun lankide duen Marisol Ramirezen bidez hasi zen, hari Egunkaria-n lana eskaini eta biak ezin uztartu zituelako. Hogei urtetik gora dira ordutik, eta oso gustuko du lanbidea, bere aje eta guzti. Askotan gauzak nahi bezain ondo egiteko denborarik ez eduki arren, nabarmendu du fotokazetaritzak gauza on asko ere eman dizkiola: «Jende asko ezagutzen duzu, eta herri honetan gertatu den ia guztia bizitzea tokatzen zaizu, beti polita ez bada ere; Egunkaria itxi zutenean bezala, baina tira...».
Kazetaritza ikasi zuenetik gaur arte asko aldatu da lanbidea, eta, azaldu duenez, hasieran «gogorra» egin zitzaion bideogintzarako jauzia. Izatez, karrera bukatuta, unibertsitateko telebista laborategian jardun zuen hiru urtez bekadun, Argia-n hasi baino lehenago. Baina garai hartan ez zeuden gaurko teknologiak, eta analogikoan egiten zuten guztia: «Plano bat aldatu nahi izanez gero, bideo osoa aldatu behar izaten zen lehen; orain, Final Cut programarekin di-da batean egiten da». Gainera, hogei urte eman ditu argazkiak soilik egiten. Dena den, formakuntza saioak egin dituzte, ahal bezainbeste, lan-molde berrira egokitzeko.
Formatu eta txip aldaketa
Aldaketa, dena den, ez da formatu aldaketagatik bakarrik izan, baita argazkiek eta bideoek kode desberdinak darabiltzatelako ere: «Txipa aldatu behar duzu, argazkilaritza eta bideogintza guztiz desberdinak baitira: ez daukate zerikusirik, hizkuntza guztiz desberdinak dira». Hala, edozein gertaeraren berri ematean, oso kontuan hartu beharrekoa da formatua: «Egunkarietan, normalean, argazki bakarra agertzen da albisteko, eta argazki batean dena esan behar duzu, baina bideoak beste aukera batzuk ematen ditu gauza bera esateko; adibidez, bi plano elkarren ondoan jarrita».
Fotokazetaritzak berezkoa du estresa, behar den momentuan behar den lekuan egoteko presioa, eta, Del Vallerentzat, hori areagotu egin da lanbidea garatzen joan den heinean. «Batzuetan hau esan behar diot neure buruari: 'Gogoratu zorte ona daukazula, hau zen txikitan gustatzen zitzaizuna... Egun txar bat baino ez da: etorriko dira hobeak'».
Eta, hala ere, lanetik deskonektatzeko kamerarik gabe denbora bat pasatzeko beharra duen hein berean behar izaten du denbora hori lanera itzultzean kamera gogoz hartzeko.
Antzeko zerbait pasatzen zaio Raul Bogajo fotokazetariari ere. Del Valleren antzera, hogei urtetik gora daramatza lanbidean, baina azken hiruak bulegoan egin ditu, dokumentazio lanetan, batik bat. «Asko sumatzen dut kalearen falta: niretzat lehenengo urtea oso tragikoa izan zen». Lekukotza grafikoki jasotzea bezain inportantea da sortutako materiala ondo gordetzea, gerora behar izatekotan errazago topatzeko, eta horixe da, gaur egun, Bogajoren lana.
Dokumentazioa, oinarrizko
Urteko egun guztietan lan egiten dutenez, ehunka argazki berri izaten dituzte egunero. Bogajok eta Del Vallek biek egiten dute lan Fokun, ARP Argazki Press agentziaren marka berrian. Bogajok eman du datua: 2002an ARP sortu zutenez geroztik, 1.420.000 argazkitik gora dituzte artxiboan. Bideoekin geroago hasi ziren, eta ez dituzte zehazki zenbatuta, baina milaka dira.
Hamasei urtean pilatutako ondare hori haien artxiboan lozorroan gera ez dadin, irudi banku bat sortu dute Fokurekin. «Helburua da material hori ezagutaraztea: han barruan daukagu sartuta, eta jendeak ez du ezagutzen». Dokumentazio lanak egiteaz gain, Bogajo arduratzen da irudi bankurako argazkiak aukeratzeaz. «Badaude beste agentzia batzuk, baina gu gara gure jendea eta gure gaiak lantzen dituen bakarrak». Eguneroko lanak uzten dion heinean, irudi bankuan bildumak sortzen ari da, metatutako material hori guztia Fokuren webgunean salgai jartzeko. «Artxiboan dena gordetzen dugu, baina irudi bankura ezin dugu dena pasatu: gairik potenteenak pasatzen ditugu: esaterako, Martxoaren 8ko greba, erretiratuen protestak...».
Bogajok azaldu duenez, nahiko berria da irudi bankua, eta pixkanaka ari dira elikatzen, eguneroko lanak uzten dien heinean. Bi multzotan sailkatu dituzte edukiak: batetik, prentsarako—BERRIA-rako zein Gara-rako— egindako argazkiak dituzte, eta, bestetik, sorkuntzarekin lotutakoak. Webgunean bertan ikus eta eros daitezke.
Fokuren sorrera, hain zuzen, Del Vallek eta Bogajok aipatzen duten fotokazetaritzaren eraldaketa horren erakusgarri da. ARPtik Fokura, argazki agentzia izatetik ikus-entzunezko ekoizpen agentzia izatera pasatu dira, euren lana dibertsifikatuz. Irudi bankuaz gain, Fokuk hiru lan lerro ditu, Mikel Garaiondo zuzendariak azaldu duenez: «Aktualitatea jarraitzen dugu orain ere, baina beste bi ireki ditugu: batetik, ikus-entzunezkoen ekoizpena, eta, bestetik, zuzeneko bideoen ekoizpena».
Dibertsifikaziorako aukera
Duela sei urte kokatzen du Garaiondok aldaketaren giltza. «Hainbat gauza elkartu ziren: ordurako krisi ekonomikoa gordin-gordinean zegoen, hedabideak krisi propio batean zeuden, eta, gainera, Euskal Herrian agenda aldaketa bat egon zen». Izatez, ARP testuinguru digitalean sortu zen, 2002an, baina ordutik «urrats oso esanguratsuak» izan dira komunikazioaren eta prentsaren munduan, haren esanetan: «Berria.info eta Gara.net sortu baino lehen, gure taldea gaueko logikari lotuta lan egitera ohitua zegoen, eta, bat-batean, berehalakotasunaren kontzeptua indartu zen».
Krisiak krisi, argazkien eta ikus-entzunezkoen kontsumoa gaur egun handiagoa da duela hamar edo hogei urte baino, Garaiondoren esanetan, eta «aukeratzat» hartzen dute hori. «Era berean, irudi ekoizleak ere gehiago dira, baina guretzako eremu interesgarria da hori, eta konpetentzia hori aukera bat dela iruditzen zaigu». Ikus-entzunezkoen munduan sartzeak inbertsio handia eskatu die, baina garrantzitsuena, Garaiondoren ustez, formazioan egindakoa da: «Balio gehiago du, ziurrenik, formazio horri esker gehiago jasoko dugulako bueltan: orain arte eraiki egin dugu, eta eraikitzen goaz, hobetzeko asmoz». Horrela, etengabe hobetzen jarraitzea dute helburu: «Bilatzen duguna da oinarri gero eta altuagoa edukitzea, bai argazkigintzan, baina batez ere bideogintzan, gurea birmoldaketa bat delako».
ARPtik Fokurako bidean lana taldean egin izanaren garrantzia azpimarratu du Garaiondok. Izan ere, ARPren lantalde horrek berak hartu du ikus-entzunezkoen eskaintza berria bere gain, eta euren burua etengabe formatu dute. «Uste dut esfortzua egin dugula guztiok, bakoitzak bere eremuan».
Historiaren lekuko grafikoak
Albistea non, argazkilariak han: fotokazetariak gertaera txiki zein handien lekukoak dira. Paperaren krisiak eta Interneteko edizio informatiboen gorakadak adina eragin die teknologia digitalak garatzeak: Foku agentziak egokitzeko erronkari heldu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu