Historiaren hariak lotzen

Iragana berreskuratzeko asmoz lan egiten du Burdina Taldeak, eta liho putzu bat aurkitu berri dute Andoaingo Goiburu auzoanLihoak euskal merkataritza indartu zuen XX. mendean, esportatu egiten zutelako

jon eskudero
Donostia
2013ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Halaxe dio herri kantu batek:«—Oh Pello Pello, logale nauk eta, jinen niza ohera? —Irun ezan eta, gero gero gero, irun ezan eta, gero gero bai». Eta, irun ondoren, astalkatu. Eta, gero, harilkatu. Eta, azkenik, josi. Lihoaren lanekin zerikusia duen abesti hori kantatzen zuen Mikel Laboak. Geroztik, baina, ezer gutxi jakin izan da liho kontuei buruz. Bada, euskal iragana berreskuratzeko auzolanean aritzen da Burdina Taldea, eta Andoaingo Goiburu auzoan (Gipuzkoa) dagoen liho putzu bat da egin duten azkeneko aurkikuntza. XIX. mendean ia baserri denek zeukaten liho putzuren bat, baina gaur egun, ez da halakorik gertatzen. Euskal Herrian apenas aurki daitekeen halako putzurik.

Duela bi hilabete, Goiburu auzoko latsarri bat txukuntzen ari zirela izan zuen liho putzuaren berri Burdina Taldeak. Bertako kide eta historialaria da Patxi Aznar, eta putzura gerturatzean sorpresa handia hartu zutela aitortu du: « Larunbatero elkartzen gara Burdina Taldeko kideok lanean aritzeko, baina aspaldi ez genuen liho putzuan bezainbeste gozatu. Berehala, indusketa lanekin hasi ginen, eta lau asteburu nahikoa izan ditugu guztia garbitzeko». Lanean aritu diren bitartean lihoak Euskal Herrian zuen garrantziaz jabetu dira. «Gure historia beti burdinolekin lotuta egon izan da, baina liburuei esker jakin dugu lihoa ikaragarri garrantzitsua zela Euskal Herrian».

Garrantzitsua ez ezik, ezinbestekoa ere bazen Erdi Aroan eta XX. mende hasieran. Izan ere, lihoa esportatu egiten zuten. «Batez ere, beatila esportatzen zuten, lihoz eginiko oihal fina», zehaztu du Aznarrek. Haren arabera, Euskal Herrian sekulako industria zegoen lihoarekin: «Frantzian adinakoa bai, behintzat». Lihoa landare batetik lortzen da, eta, horrenbestez, haziak beharrezko zituzten. Euskal Herrian bertan liho haziak ekoizten ziren —Nafarroa hegoaldean, bereziki—, baina gehienetan Portugaldik ekartzen zituzten, emankorragoak zirelako. «Euskal Herriak Portugalekin zuen harremanaren erakusgarri da hori. Era berean, euskal merkataritzaren indarra zenbaterainokoa zen ulertzen ere laguntzen digu, haziak inportatu eta oihalak esportatzen zituztelako».

Lihoa, artilea baino garestiago

Burdina Taldea kontuak ateratzen aritu da, eta uste dute Goiburu auzoko liho putzua martxan zela Aro Modernoan. «XX. mendera arte erabili zutela pentsatzen dugu». Historiaren arabera, duela 5.000 urtetik hona erabili izan den materiala da lihoa. Neolitiko garaitik, alegia. Horrek zera adierazi nahi du: lihoa artilea baino lehenago hasi zirela erabiltzen. «Aro Modernoan, garrantzitsuagoa zen lihoa artilea baino. Lihoaren komertzioa oso inportantea zen Euskal Herrian». Garai batean, aberatsek soilik janzten zituzten lihozko arropak, material garestia zelako.

Baina nola egiten zuten lihoa? «Uztail aldera, landarea ipurditik ateratzen zen, zain eta guzti. Ondoren, soroan uzten zuten lehortzen, eguzkiaren azpian». Gero, landarea larrain batera eramaten zutela adierazi du Aznarrek. «Atzaparkada bat landare hartu, eta mailu batekin kolpeka alea bereizten zitzaion landareari. Segidan, liho putzu batera eraman. eta uretan sartzen zuten landarea». Harri batzuk gainean jarri, eta zortzi bat egunez beratzen edukitzen zuten. «Azkenean, landarea bigunduta ateratzen zuten putzutik».

Emakumeak aritzen ziren, batez ere, lan horretan. XX. mende erdialdera, ordea, galdu egin zen erabat. Dena den, oraindik ere bizirik jarraitzen du lihoak. Lehen, ehungintzan erabiltzen zuten gehienbat: maindireak egiteko, alkandorak, galtzak... Gaur egun, eztia pasatzeko zakuak lihozkoak dira, eta hainbat baserritan erabiltzen dituzte. «Lihoa ez dugu berreskuratuko, baina putzu gehiago, akaso, bai», esan du Aznarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.