ATZEKOZ AURRERA. Pantxix Bidart. Kantaria

«Historian jasandakoak jasanda, libre izan beharra dugu»

Bidartek bihar ditu kantatuko Bitoriano Gandiaga zenaren testuak, Jean Yves Roquesen historia kontaketa «ilustratzeko». Pasaia anitzen ondorio, gaur egungo euskaldun gisa abestuko du libertate egarria.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Pantxix Bidart (Hazparne, Lapurdi, 1971) bere izatean murgildu da Jean Yves Roquesen kontaketan parte hartzeko Sur le pas de Roland [Errolanen bidean] mintzaldi kantatuan. Euskal Herriko historia obretatik abiatuz du erakutsiko hark, baina frantsesetik. Historiak erditu duen oraingo euskalduntasuna bere gordinean ozen kantatuko du Bidartek, Bitoriano Gandiaga zenaren testuak musikaturik. Historiak utzi dituen orbanen «ondare» baitira oraingo euskaldunak; «instintiboki» kantatuko du «libre izatea merezi dutela». Bihar, 18:15ean, Baionako mediatekan.

Mintzatzeak badarama melodia bere baitan.

Arte plastikotik eta obretatik abiatuz, euskal historia kontatuko du Jean Yvesek. Ongi hornitu da: Erromatar garaitik Orreagaren guduraino [778]. Kodexa [Kalistoren Kodexa] lantzen du, eta arabiar edo erromatarrek utzi herexekin lotura egiten. Arte ederrei buruzko mintzaldiak emateko usaia badu, eta hondar urteotan Euskal Herrian zer arte mota baden ikertu du, haren historia... Aldi berean, historia interpretatzen du eta azaltzen. Parte hartuko dut kantuz, a cappella. Larriena berak egin badu ere, nik ere ene tokia badut hor.

Mintzaldi kantaturako bereziki kreatzen ibili zara? Argitaragabeak dira hautatutako abestiak?

Bai, parte hartze guziak ekitaldi honetarako bereziki ditut sortu, mutxiko ttipi bat salbu. Gandiagaren [Bitoriano] testuak ditut hautatu, zeinak musikatu baititut: bakeaz, euskaraz bizitzeaz...

Historiako garaiek markatu dizute erritmoa?

Ahots hutsez aritzea erabaki dut garai guzien hartzeko. Kontatuko duen denbora tartea oso zabala da. Jean Yvesen kontrakoa egin dut: hark zabal jokatu du; nik, ordea, autore bakarra hautatu dut: nihaur banintz bezala historiako herexa horiek guziak bildu dituena. Hark azpikoa jorratzen du; nik, aldiz, instintiboki jokatzen dut.

Garaian garaiko musika estiloak emanen dituzu?

Testuek naute eraman; adibidez, badu bat bide zaharrez; iraupenaz, hots. Hala ere, arabiar kutsua eta gregorianoa sartu ditut... Batzuetan, hurbiltzen naiz garai historikora, baina beste batzuetan, arrunt nirean ari naiz. Dena den, ideia da libreki aritzea. Jean Yvesen kontrapuntua naiz.

Europako ondarearen egunen karietara duzue gomita jaso.

Jean Yvesek oroitaraziko du nor den pasatu, noiz eta nondik. Nik, ordea ,euskara dakart, euskaldunak lehen eta orain. Jasotako ondare horietarik ni naiz ondorengoetariko bat. Historia horiek naute sortu. Ni momentu bateko autore baten pentsamoldea naiz.

Roques frantsesez eta zu euskaraz. Ez dea nota faltsurik hor?

Kontrajarriko gara. Hark apaindua emanen du; nik, ordea, instintiboa. Berea ilustratzera nator. Baina hor betiko kezka heldu zait: hizkuntzarena. Euskaraz ez dakiten jendez ere inguratua bainaiz. Zer behar da egin? Haiekin lanean ez aritu? Nik ez dut trenkatzen lortzen, ez dut argi nola den egin behar. Nik enea egiten dut hor, eta euskaraz. Frantsesez egitea galdegiten ez didateno...

Entzuleak zer mezu etxerat bil dezan nahiko zenuke?

Entzuten dudana da, nonbait, nahasketa badela hainbat populu gainetik iragan baitzaizkigu, menderatu baikaituzte hainbatetan. Haiengandik hartu duguna ere nahiko nuke entzuleak ikus dezan. Nik zer garen erakutsi nahi dut, euskaldun izate hori. Gandiagarekin erakutsi nahi dut zer naizen, eta bizitzeko bai ere irauteko eskubide osoa dugula euskaldunok, are, beharra badugula. Historia horretan jasandakoak jasanda, libre izan beharra dugu.

Euskaldunak euskaldun gisa jokatzen duelarik, ez ote zaio leporatzen «hetsia» dela?

Historian zehar pasatutakoak pasata, aniztasun horretan izan bagara ere. Ezin dute ukatu bagarenik. Bagara pasatu diren guziengatik eta esker. Hori guzia gure ondarea da. Besteek bezala edo gehiago merezi dugu izatea. Haizu dugu oinarrizko eskubide horien ukaiteko.

Historiak frogatzen du aspaldian hemen garela, arteak hori frogatzen du. Eta, arte horrek badu lekua gure identitatean. Ni naiz horren froga bat, nahiz ez dudan iraunen hogei mendez! Kur-kur.

Sous les pas de Roland izenburua, zergatik?

Aldi berean Atekagaitzaz [Itsasu, Lapurdi] ari da, eta aldi berean garai historikoaz: Orreagako gatazka artekoa baita bere kontakizuna. Beste kontatzeko manera bat da, oraingo turismori begira batez ere. Izan ere, oraingo azaleko turismoaren oinarrian baita egiazko gertakari historikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.