Iruñeko historiaz, monumentuez eta tradizioez maiteminduta dagoen iruindarra naiz. Horregatik, Iruñeko Zapia jasotzeak asko pozten nau, baina, batez ere, lanarekin jarraitzeko indarra ematen dit». Hitz horiekin jaso zuen Juan Jose Martinena historialariak Iruñeko Zapia, atzo, Iruñeko udaletxean egindako ekitaldi batean. Izan ere, Batasunaren Pribilegioaren Eguna izan zen hiriburuan. Enrique Maia Iruñeko alkateak zapia hartu, historialariari jantzi, eta besoetatik helduta zoriondu zuen. Horrez gain, hiriko hiru burguen batasuna irudikatzen zuen eskultura eman zion.
Saria ez zen aho batez onartu udalbatzan: Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin ziren «adostasunik» ez zegoelako. Joseba Asiron EH bilduko zinegotziak «errespetua» adierazi zion saridunari egindako lanagatik, baina haren lan batzuek «kutsu politikoa» zutela salatu zuen. Patxi Leuza Geroa Baiko zinegotziak prozesua kritikatu zuen, alkateak hautagai bakarra aurkeztuta adostasuna ez, gehiengoaren baiezkoa soilik nahi zuelakoan.
Matinenak Iruñeko eta Nafarroako historiaren inguruko hogei liburu baino gehiago idatzi ditu; hala nola Iruñeko gotorlekua, Historias del Viejo Pamplona (Iruñea zaharreko istorioak) eta La Ciudadela de Pamplona (Iruñeko Ziudadela). Tokian tokiko informaziotik abiatuta Nafarroako historia ikertzeagatik jaso du saria. Alkateak Martinenak egindako lana goraipatu zuen: «Zure liburuek Iruñeko historia eta bitxikeriak ezagutzeko aukera ematen digute». Horrez gain, liburu horiek erreferentzialak direla esan zuen: «Norbaitek Iruñeari buruzko datuak aurkitu nahi baditu, esan dezatela zuk idatzitakoak direla».
Martinenak nabarmendu zuen historia berreraikitzeko eta errealitatera «zehaztasunez» hurbiltzeko modu azkar bat historia «tokikotasunetik» eta «sakontasunez» aztertzea dela. Horrekin batera, gehitu zuen «istorio txikiek», gizarteari ezagunak egiten zaizkion istorioek, sortzen dituztela «istorio handiak».
Martinenak argi du ikertzen jarraitu nahi duela, baina denbora mugatua dela: «Badakit asko gelditzen zaidala ikertzeko eta idazteko, eta ez zaidala hainbeste denbora gelditzen». Informazioa jorratzeko moduei ere kritika egin zien historialariak. Haren hitzetan, historia modu espezifikoan jorratzeko ohitura dago askotan, soilik irakurle «finek» eta «adituek» ulertzeko moduan. Modu horretan, informazioa «bazter batean» gelditzen dela dio. Hark, ordea, beste bide bat hartu zuen: «Beti saiatu naiz informazioa beste ikuspegi batetik lantzen; hiztegi xumeagoarekin. Horrela adituak ez diren baina interes handia dutenengana irits naiteke». Haren ustez, azken hamarkadetan horretan hobetu dute.
Hitzik ez euskaraz
Txalo artean eta senideei eta lagunei eskerrak emanez amaitu zen ekitaldia. Historialariak eskerrak eman zizkien Iruñeko Udalari, gurasoei, seme-alabei, bikotekideari, irakasleei eta bidean izandako zenbait laguni, besteak beste. Horrez gain, haren ibilbidean garrantzitsuak izan ziren zenbait lagun eta lankide aipatu zituen; gizonezkoak denak. Gainera, ekitaldian deus gutxi entzun zen euskaraz: «Egun on», «Iruñeko Zapia» eta «eskerrik asko» besterik ez. Gaztelerak hartu zuen lekua, eta, harekin batera, genero maskulinoak, soilik genero maskulinoan aritu zirelako.
ATZEKOZ AURRERA
Historiak jantzi du zapi gorria
Juan Jose Martinena historialariari eman diote Iruñeko Zapia Batasunaren Pribilegioaren Egunean. Udalbatzak ez du erabakia aho batez hartu: EH Bildu eta Gero Bai abstenitu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu