Erronkariko jantzien atzean haran oso baten historia aberatsa ezkutatzen da, eta hori berreskuratzen saiatu da Fernando Hualde idazlea Indumentaria roncalesa (Erronkariko jantziak) liburuan. Erronkari bildumako lehen liburua da. Odolean errotua dauka Hualdek janzkeraren berreskurapena, haren aitona Ubaldo Hualde izan baitzen 1900. urtean galdutako tradizio baten berreskuratzeari ekin ziona.
«Erronkariko janzkeraren arloa zintzilik zegoen, eta, berez, oso gai garrantzitsua da. Izan ere, XIX. mende bukaeratik aurrera gure haraneko janzkera Nafarroako jantziaren ordezkari bihurtu zen», nabarmendu du Hualdek. Idazlearen aburuz, Erronkariren kokaleku geografikoak zeresan handia izan du beti. «Denetik gertatu izan da hemen, eta kontuan hartu behar da historia guztia jantzi horiekin garatu dela».
Idazleak onartu du 35 urteko baino gehiagoko «lan mardula» dagoela liburu horren atzean. Lau iturri nagusi baliatu ditu informazioa lortzeko. Lehenik eta behin, Erronkariko etxeetan zeuden XVI-XVII. mendeetako idatziak bildu ditu, etxe bakoitzak garai hartan nolako janzkera zuen ikusteko. Bestalde, XIX. mende bukaerako argazkiak erabili ditu. Horrez gain, 1980. urteaz geroztik Erronkariko adineko jendearekin izandako elkarrizketei esker, informazio ugari lortu du. Azkenik, beste iturri nagusia, etxez etxe eskuratutako jantzi zaharren bilduma izan da.
Hitzetatik ekintzetara
Jantzien berreskurapena ez da hitzetan geratu. Urteko zenbait jaiegunetan, erronkariarrek, arbasoei so eginez, bertako jantzi bereizgarriak janzten dituzte, hala nola Hiru Behien Zergaren Egunean eta Almadiaren Egunean. «Duela ez asko arte, eskuko hatzekin konta genitzake jantziak; orain, aldiz, Izaban bertan berrehundik gora daude», dio Hualdek alai.
Orain dela urte batzuk jantziak berreskuratzeko nahia egon bazegoen, baina idazleak adierazi du ezjakintasun handia zegoela. Jendeak ez zekien jantziak zehazki nolakoak ziren, eta horregatik sortu zen Erronkariko Jantzien Eguna, 2010ean. «Jantzien aldaerak zein ziren eta nolakoak ziren azaldu genien herritarrei. Horrekin batera, urtero, gure historiako une jakin batzuk irudikatzen ditugu», gaineratu du Hualdek.
Egun horren osagarria da argitaratu berri den liburua. Azalaren ezkerreko aldean, XVIII. mendeko jantziak dituen emakume bat ageri da; eskuineko aldean, berriz, Erronkariko egungo jantzia ageri da. «Erdian, nire aitona dago, bi garaien arteko batasunaren sinbolo gisa». Ubaldo Hualde izan zen Erronkariko jantziak egunero janzten azkena, eta, 1967an hil zelarik, ohitura hori harekin itzali zen. Dena den, 1900. urtean jada jantzirik ez zegoela ikusita, idazlearen aitona Izaban zein Uztarrotzen etxez etxe ibili zen, gelditzen ziren jantziak eskuratzeko eta Madrilera bidaltzeko. Han jantzi guztien patroiak egin, eta haranera itzuli zituzten, eta halaxe hasi zen berreskuratze prozesu. «Nire aitonak sekulako lana egin zuen, eta ezinbestekoa da hark hasitakoari jarraipena ematea. Nor garen jakiteko, iragana ezagutu behar da. Horregatik eskaini diot liburua aitonari», nabarmendu du Hualdek.
Historia soinean jantzita
Fernando Hualdek Erronkariko jantzien inguruko liburua idatzi du, bere aitonak hasitako bideari jarraituz; 'Erronkari' bildumako lehenengo liburua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu