Historia paretan eta platerean

Euskal sukaldaritza tradizionala egiten dute Donostiako Urepel jatetxean. Tokiko eta sasoiko produktuekin egindako otorduen bidez, bezeroak etxean senti daitezen saiatzen dira.

Maria Eugenia Bozal, Urepel jatetxeko jangelan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Donostia
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Donostiako Urepel jatetxean familia giroa da nagusi. «Bezeroak eroso sentitzea gustatzen zaigu, beren etxean baleude bezala». Hori da, Maria Eugenia Bozal arduradunaren hitzetan, Urepel jatetxeko langileen helburua. Sukaldaritza tradizionala egiten dute bertan, tokiko produktuak dituena oinarri. Parte Zaharreko Salamanca pasealekuan dago, Kursaal parean, eta bezero ugari ematen dizkie Zinemaldiak. Lan handiko astea datorkie gainera.

Kasualitatez iritsi zen Bozal sukaldaritza mundura. Artea eta dekorazioa ikasi zituen, eta krisi garaian igaro zen nebak Donostian irekitako La Muralla jatetxera, 2007an. Urtebeteren buruan, jatetxearen ardura hartu zuen, eta, handik, Urepelera, 2016an. Bi jatetxeak kudeatzen ditu egun.

Urepelek berak, ordea, historia luzeagoa dauka. 1977an ireki zuten, eta ospe handiko jatetxea izan da ordutik Donostian. «Kokapen zoragarriagatik, ematen dugun janariagatik eta jende ospetsu asko etorri izan delako»; horiek dira, Bozalen ustez, jatetxearen ospearen gakoak.

Euskal sukaldaritza tradizionala lantzen duten arren, atzerriko eraginak ere badituzte. «Oinarria beti da hemengo produktuekin egindako platera, baina beste sukaldaritza tradizio batzuetako elementuak txertatzen ditugu, osagarri moduan». Nahasketa horren eredu da, adibidez, honako hau: kokotxa arrautzeztatuak alioliarekin.

Ardoari ere garrantzi handia ematen diote. «Upategi ederra dugu. Gure karta ez da oso luzea, baina bai aldakorra. Ardo batzuk beti eskaintzen ditugu, noski, baina gustatzen zaigu beste batzuk aldatuz joatea».

Hori ez da, ordea, Urepeleko menuak eskaintzen duen berezitasun bakarra. Askotariko aukerak dituzte: menu begetarianoak, alergiaren bat dutenentzako otorduak, zeliakoek jan ditzaketen menuak, eta abar. Gainera, datorren hilabetetik aurrera, aukera berri bat izango dute: kaloria gutxiko menuak. «Jatetxera datorren bezeroetakoren bat dieta bat egiten ari bada, aukera eman behar zaio ondo jateko, beste edozein bezerok bezala plater sorta batetik aukera dezan nahi duena. Postreak ere bai!». Diabetikoentzako postreak dira Bozalek egin nahi duen beste saiakera bat. «Haiek ere badute eskubidea postre gozoak jateko».

Ematen dituzten jaki tradizional horiek xahutu ez daitezen, Gourmet bag ekimenean parte hartzen dute Urepelen. Bezeroren batek ezin badu bukatu eskatutakoa, aukera ematen diote etxera eramateko. «Askotan, prest egoten da dagoeneko, eta ikaragarria da Gipuzkoan zakarretara botatzen den janari kopurua», azaldu du Bozalek. «Kutxa organiko batean ematen diegu janaria, mikrouhinean sar daitekeena. Sobratutako janaria poltsa eder batean eramaten dute». Bozalen arabera, bezeroek ikaragarri eskertzen dute aukera hori ematea; batez ere, hoteletakoek.

Paretetan, hiriaren historia

Dekorazioa, Bozalen ustez, lagungarria da bezeroak etxean bezala sentitzeko orduan. «Elementu oso bereziak ditugu: goiko jangelara igotzeko eskaileraren baranda, esaterako, Donostiako Biarritz hoteletik erreskatatu genuen». Beheko solairuko hormetan, berriz, egurrezko panel eder batzuk daude, Artzain Onaren katedraleko koru zaharrean zeudenak. «Gisa horretako altxorrak elementu lasaiagoekin nahasten ditugu: paretako papera, adibidez, diseinatzaile batek egindakoa da». Horrez gain, azpimarratu du jatetxeko artelan guztiak euskal artistek egindakoak direla. «Uste dut espazio berezi bat osatu dugula. Ez diogu xehe-xehe jarraitu egungo moden bideari».

Bezero motari dagokionez, ez dute bezero profil jakin bat. «Familiak, lagun taldeak, enpresa afariak, turistak... Denetik izaten da». Urepelen hamabi bat lagunek egiten dute lan, eta zerbitzariek euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta arabieraz egiten dute. «Bezeroek izugarri eskertzen dute beren hizkuntzan hitz egin ahal izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.