Harrobiak eragindako zaratak soilik apurtzen du Foruko auzune txikietako patxada (Bizkaia). Horrez gain, herri lasaia baita, baserriz eta nekazaritza lurrez osatua, eta inguru paregabean kokaturik dagoena. Urkieta errekak, inguruko lurrak ureztatu ondoren, Oka ibaian isurtzen ditu bere urak. Aurrerago, Urdaibaiko erreserban barrena doaz.
Urdaibai izeneko dorrea da, hain zuzen, inguruko parajeak bistaratzeko leku ederrenetarikoa. Muino pribilegiatuan dago kokaturik, eta, bertatik, inguruko herriak eta bailararen zati handi bat menderatzen da. Triñe baselizatik, berriz, Urdaibaiko itsasadarra ikus daiteke; padurak, hondartzak eta urrunean itsasoa, Mundakako elizaren irudiak mozturik. San Kristobal da Foruko beste baseliza ezagunena. XV. mende amaieran eraiki zuten, eta lehen Andra Mari gurtzen zen bertan. Orain dela urte asko, han ospatzen zituzten erromeriak.
Elexalde da Foruko erdigunea, eta auzo horretan daude udaletxea, kultur etxea, frontoia, futbol zelaia eta herriko taberna bakanak. Udan, Urdaibai erreserbatik gertu dagoenez, kanpotarrakhurbiltzen dira Forura. Baina denak ez dira turismoa egitera joaten, batzuk urte osoan zehar herriko barnetegira doaz euskara ikastera, edo, San Inazio egunarekin bat, forutarrek ospatzen dituzten jaiez gozatzera.
Arbasoen aztarnategi ugari
Historiaren zantzuak ikus daitezke Foruko baserri eta landa artean: orain mende asko bertan bizi zirenen etxe eta eraikinen harriak. Izan ere, erromatarrak Euskal Herrian egon ziren garaian, herrixka bat egon zen egungo Elexalde auzoa dagoen lekutik hurbil. 1982an erromatar garaiko marmolezko bi aldare aurkitu ziren arte, lurpean egon ziren antzinako herrixka haren azken aztarnak.
Merkataritza gune garrantzitsu izan zen gaur Forua dagoen lekuan zegoen herri hura. Izan ere, kostaldea barnealderago zegoen orduan, eta Kantauri itsasbazterreko portua zegoen hurbil. Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik ez ezik, metalurgia eta merkataritzari esker bizi ziren orduko herritarrak, arkeologoek topatu dituzten lantegi eta labeek adierazten duten moduan. Egun nekazaritza landen artean igarotzen diren errepideetako batzuk itsasotik ekarritako salgaiak garraiatzeko bideak izan ziren orduan.
Hala ere, ez da hori lurraldea aspaldi bizilekutzat zuten herritarren aztarna zaharrena: Barandiaranek, 1919an, neo-eneolitiko garaiko aztarnak aurkitu zituen Ginerradi koban, erromatarren aztarnekin batera. Atxeta haitzuloan, berriz, Brontze Aroko musika tresna batzuk agertu ziren. Egun, erraiak suntsiturik dauzkate koba horiek. Izan ere, Peña Forua harrobiak, izen bereko mendia erditik zatitzeaz gain, iraganeko aztarnategi gehienak apurtu ditu.
Historia luzeko inguruak
Euskal Herriko txokoak. ForuaErromatar garaiko herrixka baten harriak daude Foruko baserri eta landa artean; iraganeko aztarnak paisaia eder baten erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu