PROPOSAMENAK

Historia lurraren geruzetan

Zumaia, Deba eta Mutrikuko kostaldean dagoen geoparkeak Unescoren izendapena du. Bisita gidatuak egiten dituzte, eta bestelako sei ibilbide ere badaude

Euskal Kostaldeko Geoparkea, itsasotik ikusita. GORKA ZABALETA.
Iraia Irazusta Mujika.
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Kostaldeko Geoparkea Debako, Mutrikuko eta Zumaiako (Gipuzkoa) udalerriek osatzen dute, eta Bizkaiko golkoaren eta mendien artean dago. 2015. urtean, Unescoren Munduko Geoparke izendatu zuten.

Geoparkea bisitatzeko hainbat bide daude, baina, edozein aukeratuta ere, balio natural handiko eta hamahiru kilometro luzeko flyscha nabarmentzen da gehien. Batez ere, Zumaiako Itzurun hondartzan ikusiko da haren nagusitasuna, eta, haren bitartez, lurraren bilakaeraren hainbat pasarte ezagut daitezke.

Geoparkea oinez edo itsasontzian ezagut daiteke, eta hamabost bisita gidatu daude aukeran, hala nola kostaldeari dagozkionak, barrualdeari buruzkoak eta kultur bisitak.

Bidea Debako Elgorriagako Baratzazarrak begiratokitik hastea da aukeretako bat; handik, flyscharen itsaslabar handia ikus daiteke. Bidean aurrera eginda, Debako Sakonetan dago bigarren geldialdia. Inguru horretan, itsaslabarrak eta Bizkaiko itsasoak talka gogorra egiten dutenez, flyscharen alderdirik bikainena ikusten da. Azkenik, Mutrikuko Saturraranera helduko da bisitaria: ilargi erdi baten forma du hondartzak, eta hura da geoparkearen geruzarik zaharrena; flysch beltza izeneko erliebe sendoa dago han.

Kostaldetik urrunduta ere, hainbat txoko ezagutzeko aukera dago barnealdean. Debako Lastur inguruan, zelai handien artean, burdinolaren tradizioa gogorarazten duten errotak aurki daitezke, hala nola Plazaolako errota. Bestalde, Paleolito garaiko hainbat kobazulo daude parkean, eta historiaurrearekin lotutako giza aztarna ugari aurkitu daitezke.

Parkeko kudeatzaile Leire Barriusok ibilaldi gidatuak egitea gomendatzen du, paisaiaren historia eta geologia ulertzeko. Hala ere, bisitariak bere kabuz ikusi nahiko balu, oinez egiteko sei ibilbide daude: Algorri, Elgorriaga, Sakoneta, Lapari, Olatz eta Talaia.

Ibilbide horiei buruzko zehaztapenak eskuragarri daude geoparkearen webgunean. Oinez zein itsasontzian egiten diren bisita gidatuetarako, aurrez erreserbatu behar da, webgune berean.

Lurraren historia

Geoparkean, lurraren historia kontatzen da, eta historia horiek flyscharen geruzetan ikusten dira. 60 milioi urteko historia jasotzen dute geruzek, eta aztarnarik zaharrenak 100 milioi urte inguru ditu.

«Goitik begiratuta, liburu bat dirudi, eta geruza bakoitza liburuaren orrialde bat da. Geologoek liburu horretako atal eta kapituluak irakurtzen dituzte, eta, horrela, historian zer gertatu den aztertzen dute», adierazi du Barriusok.

Paisaia oso «garrantzitsua»dela dio Barriusok: «Baina atzean dagoen historia da benetan kateatzen duena».

Naturaren balioak nabarmendu ditu parkeko kudeatzaileak: «Lurraren historian zer gertakari egon diren ikus dezakegu, eta, horrela, lehenago gertatu den horretatik ikasteko aukera daukagu».

Geoparkea ezagutzeko bisitak



Uda osoan, egunero. Erreserbak: Geoparkea.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.