Maddi Hardoi: «Historia kontatzen Anpeillu bazter zenuen, diferentea besteetarik»

Iragan mendeko 80ko hamarkadaren hastapenean Urdatxen zen Txomin Peillen, animismoa xede. Liburu bat urrez betea izan zuen emaitza: ‘Animismua Zuberoan’ (Haranburu, 1985). Peillenek Maddi Hardoiri jasoetatik ari gara, Anbroxi Burguburuk urgatzirik.

Maddi Hardoi, Txomin Peillenen 'Animismua Zuberoan' liburuko argazkian, 1985. ZALDI ERO
Maddi Hardoi, Txomin Peillenen 'Animismua Zuberoan' liburuko argazkian, 1985. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
Urdatx
2024ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun

bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba

[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

Maddi, Txomin Peilleni irakurrik jakin dugu Hardoi Zahar etxetik Ñañetegira ezkondu zinela. Noizbait, zure ginarreba Ñañeri entzunak kontatu zenizkion Peilleni, eta, ororen gainetik, Anpeilluren gainekoak...

Anpeillu izan zenuen hemen Urdatxeko erretorea. Gaixoa!, nik ez nuen ezagutu, baina bai ene ginarrebak, Ñañeko aitañi zenak. Haren denboran zenuen, Hamalauko gerlaren aitzinetik. Ene menderako hilik zen Anpeillu... Ginarreba itsu zen, eta bordarat joaten zelarik, Anpeillu erretorea harekin egoiten zen, historiakan. Denbora luzez egoiten ziren elkarrekin elestan. Adiskide gaitzak zenituen. Txoriak atzemaiten ere aritzen ziren! Zerrailu onduetan ezartzen zituzten xederak, eta txori paketa atzemaiten zizuten! Eta batean gora, bestean behera, elkarrekin elestatzen zitzaizkizun. Historia anitz kontatzen zioten elkarri. Munduaren urrentzeak eta oro erabiltzen zituzten elkarrekin. Hala ere, aitañi Ñañeri ez zitzaion iduri mundua urrenduko zela, eta historiakan hasten ziren.

Zure ginarreba Ñañek ez zuen halakorik uste?

Ez, bada! Eta galdatzen zion Anpeilluri: «Baina egiaz uste duzu, jauna, mundua urrenduko dela?». Eta, orduan, Anpeilluk lurrean ostikada bat eman, eta erraten zuen: «Zu opinio [sineste] ttipi horretako gizona zara?». Eta aitañik: «Jauna, ez dakit nik». Eta Anpeilluk, berriz: «Ez, zuk ez dakizu, baina guk bai, badakigu! Aitzineko liburuetan ikusi dugu!... Mundua urrendu baino lehen, urte bat edo biga aitzinetik, jinen dira gerlateak gerlateen gainean, eta nazioak nazioen kontra ariko dira elkarrekin, eta gosetea jinen da, eta jendeak zuhainetan gora eskapatuko dira, ahal dutenak ahal duten lekura joanen dira». Eta erraten ere zuen gizonak airean ibiliko zirela.

«[Ñañek] galdatzen zion Anpeilluri: ‘Baina egiaz uste duzu, jauna, mundua urrenduko dela?’»

Zer erran nahi du «gizonak airean ibiliko zirela»?

Orduan ez zen abioirik ez deus ere existitzen, baina hori erraten zuen Anpeilluk, gizonak airean ibiliko zirela. Munduaren urrentzea jinen zela, eta mundua suak harturik zatekeela aldi hartan, suak oro erreko gintuela. Munduaren lau kantoietatik sua loturen zela, eta mundua oro erre ondoan hilak oro piztuko zirela, orok elkar ikusiren genuela eta gero Jinko Onak gaiztoak bere lekurat eta onak berekin eramanen zituela.

Harria, txitxitera, tenpesta, oraxea, hodeia, lainoa... aipu zituen Anpeilluk?

Txitxiterak saldoan honat jinik, bazterrak oro jaten zituen barbalot zomorro eli bat bazen, bai, baina Anpeilluk haiek urrunarazteko liburua baitzuen! Ber gauza harria, zelarik. Lehen, harria harri erauntsien gainean zen, lurra eta bazterrak oro xehekatzen zituen. Baina Anpeilluk bortuan harri erauntsia kargatzen ikusten zuelarik, liburua hartzen zizun, haren irakurtzen hasten zitzaizun, eta irakurtzen zuen bezala, harri erauntsia bortuetarat barreiatzen zen, errekolekta eta baratzarik xeheki gabetarik. Hala omen zen.

Liburua hartu, eta handik irakurtzen zuen...

Ez zuen erraten zer irakurtzen zuen, beretako begiratzen zuen sekretua. Baina orazioak irakurtzen zituelarik, izerditzen zen. Behin batez, gizon batek erran zion: «Jauna, nahiago nuke ikusi zer irakurtzen duzun». Eta Anpeilluk: «Fedez aski azkar haiza?». «Bai», gizonak. Eta behar zuten egun bakoitza fijatu, eta Anpeilluk: «Jin hadi halako egunean». Eta joan zitzaion. Eta gizona berarekin zuelarik, Anpeilluk liburua zabaldu zuen, baina gizona lotsatu [beldurtu] zen, eta marrakaz hasi zen, ez zuela nahi haboro ikusi, ez zuela nahi haboro ikusi behin eta berriz erranez, eta orduan Anpeilluk keinu egin zion gizonari, handik joan zedin. Baina gizona ez zen hartaratu. Anpeilluk aski irakurri zuenean, erran zion gizonari: «Hi, iduriko gizon, ez hadila haboro jin irakurtzera!». Haren ondotik Anpeilluk ez zion nehori deus ere erakutsi. Deus ere ez.

«Anpeilluk erraten zuen munduaren lau kantoietatik sua loturen zela, eta mundua oro erre ondoan hilak oro piztuko zirela»

Erran duzu ez zuela erraten zer irakurtzen zuen, beretako begiratzen zuela sekretua...

Bai, Anpeilluk bere sekretuak begiratu zituen, eta bere sekretuekin joan zen. Baina kasu, gizon izugarria omen zen. Ez zen hemen holako apezik izan, eta ez duzu izan oraingo egunetaraino. Behin, Anpeillu Atharratzerik honat zen mandoaren gainean. Jauregia etxean soinua ari zen. Mixel Berrietxe xaharrarenean bazuten seme bat, lazgarriko tinka handikoa eta urguilukoa. Eta gure apez hori horra zen monturaz, petik gora. «So egik hori, ibili duk, bai, andrekan», egiten dio Berrietxek konpainiari, eta ttaka!, apeza jaitsi, eta jin zen konpainiara, dia!, eia nork erran zuen ele hura. Eta nehork ez baitzuen salatu, Anpeilluk: «Nork ere erran baitu ele hori, nitzaz oroituren duk!».

«Nitzaz oroituren duk!». Apezak!

Baina Anpeillu joan zen, eta gazteak Jauregian, dantzan. Eta aski dantza ukan zutelarik, kartakan. Eta Jauregiko salan kartakan ari ziren bezala, erran delako Berrietxeko seme hari begitartea oro, ez dakit ezkerreko ala eskuineko gaindirat, okertzen hasi zitzaion. Ari zitzaion okertzen, eta berak deus ez zuen frogatzen [sentitzen]. Lagunak oro elkarri so, eta erran zioten: «Ez duka deus ere frogatzen?». Eta berak: «Deus ere frogatzen? Ez, ez diat». Eta mirail bat erakutsi zioten eta begiak eta oro purki oker zituen, eta begitartea oro ber gisarat. Eta erran zioten: «Behar duk jin apezari barkamendu galdatzera!», baitzekiten hartarik huts egin ziola Berrietxek. Eta Berrietxe lotsatu zen, eta jin zitzaion apezari barkamenduka. Gero, begitarte hura jintxe zitzaion, baina sekula normal gisarat ez.

«Harrak artoak hondotik mozten zituelarik, eta malur izugarriak egiten, Anpeillu ibiltzen zen har haien kasatzen, usatu liburua eskuan»

Eta hortik segitzen da apezak okertu ziola begitartea?

A, gaixoa, nik ez dakizut! Baina Anpeillu gizon botere handikoa zenuen. Hark diferentzia handia egiten zizun, anitz! Harrak artoak hondotik mozten zituelarik, eta malur izugarriak egiten, Anpeillu ibiltzen zen har haien kasatzen, usatu liburua eskuan. Eta, gero, ez artoa hunkitzen deusek ere! Hark bazuen beste nehork ez zuen botererik... Ez dakit nola zen sujeta baina, egun batean, norbaitek erran zion gure egungo apezari: «Ez duzu zuk, Jauna, hori eginarazten ahal». Eta apezak arrapostua egin zion: «Ez nauk Anpeillu, ez diat haren boterea!». Anpeilluk bazuen botere espeziala besteetarik.

Liburua ere bazuen, hasteko!

Eta liburu hura ez zuen nornahik irakurtzen ahal. Ez dakit elizako liburua zen edo zer zen. Ez nekike. Sekretua berarekin begiratzen zuen, eta harekin joan zen. Gizon inteligentea, bai eta eskolatua ere, omen zen. Baina ez dakit non zen eskolatua, eskualduna zela baizik. Aitañi Ñañek, itsuak, ez zekien frantsesa, eta Anpeillurekin berrikatzen zenez, eskualduna behar zuen erretore hark. Ez dakit izena zuen Anpeillu, edo zuen izengoitia, beti «Anpeillu apeza» entzun dut. Ez da hilerrietan ageri, eta hemengo erretoreak eliza kantoian ehortziak dira. Peillenek erran zidan Ligin ere apezak oro eliza hegipean dituzula, baina Anpeillu ez, hura herritik kanporat joan zen, ez zuten hemen ehortzi. Ez dakit hemen luzaz egon zen, ene mendea baino lehen zen...

Urdatx honetarik kanporat joan zela erran duzu...

Baina ez nekike erraten norat, beste herrietarat joan ote zen edo zer, zeren historia horiek aitañiri entzun nizkion. Ororen buruan, erraten omen zuen bi profeta mundu honetan bazirela, eta nehork ez zituela ezagutzen. Eta munduaren urrentzean, bi profeta haiek zango bat itsasoan eta bestea lehorrean ezarriko zutela eta erranen ziotela gizonari: «Orain aski baduk!».

«Aitañi Ñañek ez zekien frantsesa, eta Anpeillurekin berrikatzen zenez, eskualduna behar zuen erretoreak»

Partitu baino lehen, andere Maddi, gogo onez jakinen nizuke:Anpeilluk ez zuen erraten noiz zatekeen munduaren urrentze hori?

Ez, urrenduko zela besterik. Gaixoa!, historia kontatzen Anpeillu bazter omen zenuen, diferentea besteetarik, baina, naski, jendeak Anpeilluri galdatzen ziona galdatzen zien beste apezei ere. Eta hau eta hura. Peillenek kontatu zidan, urtean behin, apirilaren 25ean, San Marko egunean, lurreko fruitu eta abereen benedikatzea egiten zela, eta otoitzak eta prozesioak. Behin, Ligiko erretoreak ez zuen prozesioa egin nahi izan, hirur gizon baizik ez zirelakotz mezatara joan! Ondotik, harria bota zuelarik, errua apezari egotzi zioten, eta erasiak egitera ibili. Hori ere bai.

ARIMA HERRATUARENA

Txomin Peillenek Animismua Zuberoan liburuan jasoa Noeren ontziawebgunera eraman du berrikitan Asun Garikano euskaltzainak. Kasu honetan, Janina Phordoi-Hardoi, Akozeberri etxekoaren alegia dugu.

«Amañi gureak duela hamar urte, etxean agitua kontatzen zuen. Etxean maiasturu [zurgin] bati kabinetea [armairu] eginarazi zioten eta egilea aizkora utzirik joan. Amañik orduan erran zuen biharamunean gizona hil zelarik: ‘Behar ere ez baitugu zorrik!’.

»Gau berean gure osabak, etxean zenak, lo zelarik, zerbait sentitu zuen, bi esku bezala lepoaren, zintzurraren tinkatzen, behin, birritan, hirutan, geroago eta zinezago, izugarrizko herotsa entzuten zuen ber denboran; hain zen harritu, jaiki eta aitaren ikustera joan baitzen eta hark erran zion arima herratua zela eta biharamun gauean arra jiten zenean, eta jiten zenerako, paper bat ohe-mahaian ezar ziezaiola luma batekin, zer nahi zuen izkiriatu zezan. Eta arima herratua arra jin zelarik, izugarrizko herotsarekin paperean izkiriatu zuen: ‘AIZKORA’. Orduan gizon haren etxekoei aizkora erremetitu zieten eta geroztik arima herratua ez zen berriz agertu, etxekoak bakean utzi zituen.»

(https://www.euskaltzaindia.eus/noeren-ontzia/bilaketa/7196-arima-herratuak)

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.