Historia ehun zatitan kontatzeko

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak 'Euskal Herriko historia 100 objektutan' egitasmoa abiatu du, gertakari eta objektu historikoak bilduta.

Euskal Herriko historia ehun objektutan egitasmoa abiatu dute wikilariek. EUSKAL WIKILARIEN KULTURA ELKARTEA
Euskal Herriko historia ehun objektutan egitasmoa abiatu dute wikilariek. EUSKAL WIKILARIEN KULTURA ELKARTEA
julene muruaga
2024ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun

Ehun objektu eta gertakari. 2024-2027 bitarteko plana aurkeztu dute Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko kideek, eta bertan jaso dute Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektua. Izenburuak dioen bezala, egitasmo horren helburua da Euskal Herriko gertakari historiko bat objektu bati lotzea, herrialdeko historia beste modu batera kontatzeko. Ideiaren jatorria Erresuma Batuan dago: British Museum-ek eta BBCk egindako lanean oinarritu dira, eta ideia Euskal Herrira ekarri nahi izan dute wikilariek.

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak proiektua hasi berri du, eta, nahiz eta oraindik dena ez duten finkatu, jadanik proiektuaren «hari gorria» erabaki dute. Euskal Herri osoko museoekin elkarlanean ari dira, museoetan diren objektuak hautatu eta ehuneko zerrenda sortzeko.

Egitasmoaren parte da Galder Gonzalez wikilaria eta, haren hitzetan, bi zentzutan ari dira lanean museoekin: lehenik, proiektua aurkeztu diete, eta, ondotik, wikilariek bilduman egoteko modukoak diren objektu batzuk eskatu dizkiete. «Batzuetan, oso objektu zehatzak galdetzen dizkiegu, badakigulako leku horretan objektu hori behar dugula. Eta, beste batzuetan, haiek dizkigute ideiak proposatzen», esplikatu du Gonzalezek. Unibertsitateko irakasle eta ikerlariekin ere ari dira lanean, proposamenak egiteko eta jadanik hautatutako objektu edo gertakariei buruzko iritzia emateko. Hori guzia eginen dute, ehun objektuko eta gertakariko zerrenda bat osatu arte.

Bukaerako proiektuak zer-nolako forma ukanen duen ez dira seguru, baina, oraingoz, zenbait ideia dituzte buruan: objektu eta gertakari bakoitzarentzat orri bat landuko dute Wikipedian, objektua non, noiz eta nola atzeman zuten, objektu horrek zer kontatzen duen... azalduz. Orria ontsa irudikatzeko, museoei gauzakien kalitate oneko argazkiak eskatuko dizkiete.

Txikipediarako ere eduki batzuk osatzen saiatzen ari dira, baina hori oraindik ez dutela erabakia azaldu du Gonzalezek; halere, badakite horrekin zerbait landu nahi dutela. Horrekin batera, historia kontatzeko manera «animatuago batean», multimedia euskarri bat ere pentsatu dute, podcast moduko bat. «Hori guztia izango bagenu, logikoki liburu formatuan ere egingo genuke, eduki guztia txukun bilduta».

Dena kontatzeko nahia

Ehun objektu eta ehun gertakariko zerrenda bat osatzea «lan zaila» dela esan du Gonzalezek: «Lehenengo erronka da zerrenda bat egitea, eta hori ia ezinezkoa da, ez baita zerrenda perfekturik». Etengabe objektuak sartzen eta ateratzen ari dira zerrenda horretatik. Beti bada gertakari bat edo historiako pasarte bat sartu nahiko luketena bilduman, baina pasarte horri lotua den objekturik ez da; edo, alderantzizkoa, objektu bat gehitu nahiko lukete, baina ez du gertakari interesgarririk atxikita. Hori dute lehen erronka. Bigarrena, Euskal Herri osoa kontuan hartzea; Euskal Herri osoa, eta bertako biztanle guziak: «Dena kontatu nahi dugu: Hego Euskal Herria zein Ipar Euskal Herria; langileak zein aberatsak; emakumeak, immigranteak... Hori guztia batzea zaila da».

Beste parte gogor eta luze bat eztabaidarena da. Behin gauzaki bat hautatuta, nola kontatu historia, edo zer kontatu; hori da parte handiz museoen lana, eta hori egin eta denen artean adostu behar dute edukia ongi landua izan den erabakitzeko: «Lan luzea izango da adostasun bat lortzeko».

Multimedia edukiei lotua den beste muga bat finantzabidea da. Gonzalezen arabera, «kalitatezko» eta «modu azkarreko» multimedia produktu «perfektu» bat egin nahi badute, dirua beharko dute; hortaz, bazkideak eta finantzatzeko aterabideak atzeman beharko dituzte. «Segur aski, azken erronka bukatzean konturatuko da zerbait kanpoan geratu dela».

«Dena kontatu nahi dugu: Hego Euskal Herria zein Ipar Euskal Herria; langileak zein aberatsak; emakumeak, immigranteak... Hori guztia batzea zaila da»

GALDER GONZALEZWikilaria

Lana pittaka-pittaka aitzinatuz badoa ere, jadanik gertakari zein objektu finko batzuk hautatu dituzte, aski «bistakoak» direnak; berriki atzeman duten Irulegiko Eskua, Bernat Etxeparek idatzi zuen euskarazko lehen liburua (Linguae vasconum primitiae), eta Abauntzeko mapa, adibidez. Bilaketa lan horretan, dena den, museoekin ari direnean, sorpresak hartzen dituzte, pentsatua ez zuten objektu bat proposatua baitzaie batzuetan.

Lana segitzeko gogoz dira, eta edozein laguntza onartuko dutela azaldu du Gonzalezek: «Elkarlanean egiten dugu, eta, edonork parte hartu nahi badu, irekiak gara; historia bat beste modu batez kontatu, testuak osatzen lagundu, argazkiak bildu... Gu irekiak gaude parte hartzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.