ATZEKOZ AURRERA. Gabriela Barrio. Historialaria eta panpina egilea

«Historia bizitzeko, sentitu behar duzu»

Historia oihalezko panpinen bitartez irakasteko erakusketak egiten ditu Barriok. 'Tea teilatu lauan' da haren sorkuntza marka; eta Tea bera, hamaika pertsonaiaren larruan sar daitekeen panpina.

Iñaki Lasa Etura.
2016ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Artearen Historiako lizentziari barnean zeraman sortzailea gehitu, eta Tea en la azotea (Tea teilatu lauan) marka eratu zuen Gabriela Barriok (Iruñea, 1970). Panpinekin egindako erakusketen bitartez azaltzen du historia. Baina panpina soil bat baino gehiago da Tea; mundu bat da: bloga du (teaenlaazotea.blogs-pot.com), Facebook orria...

Jendeak liburuak edo dokumentalak erabiltzen ditu historia irakasteko. Zuk, ordea, trapuzko panpinak. Nolatan?

Historia irakasteko, era guztietako baliabideak erabili behar dira. Ikasgeletan gauza bera errepikatzen da beti. Noski, beharrezkoa da memorizatzea, dokumentalak... baina beste era batera ere irits gaitezke historiara, emozioen bitartez. Historia bizitzeko, sentitu egin behar duzu, eta historiaren parte sentiarazten gaitu Teak. Erriberriko (Nafarroa) Antzerki Klasikoaren Jaialdian errege bihurtzen ginen harekin; Gaiarre antzokian, iratxo eta maitagarriekin amesten genuen.

Noiz hasi zinen panpinekin?

Ez naiz inoiz hasi. Beti eraman dut barruan, eta Tearekin loratu dut.

Zure alter ego-a al da, hortaz?

Bai, bai, nire alter ego-a da. Tea ez da panpina soil bat; istorio bat da. Biok bat egiten dugu.

Iristen ez zarenera iristeko?

Agian bai. Enkarguz egindako panpinekin ere hala izaten da: proiekzioak dira, izan nahi dugun hori.

Amets egiteko edo errealitatetik ihes egiteko igotzen da jende asko teilatu laura. Horregatik al dago Tea han gainean?

Iruñeko Alde Zaharrean bizi naiz, eta teilatu lau ederra daukat. Gela txiki batean hasi nintzen lanean, eta beti nenbilen teilatu lauari buruz pentsatzen. Erabat egokia da izena, nire errealitatea baita.

Nolakoa da panpinak sortzeko prozesua?

Bi lan mota daude: erakundeentzako egiten ditudan erakusketak eta partikularrek eskatutako panpinak. Ideala erakusketak soilik egitea litzateke, sorkuntza eta irakaskuntza uztartzen dituelako; baina bestea ere ederra da: irudikatu nahi duten pertsona maitasun osoz deskribatzen didate. Enkargu horiek egiten ditut gehienbat. Horrez gain, oihalezko agendak egiten ditut, eskulangintza azoketara joaten naiz...

Erakusketetarako nork jotzen du atea: erakundeek ala zuk zeuk?

Normalean haiek deitzen didate, baina aurrerantzean ate-joka hasteko asmoa daukat. Gaiarre antzokian sortu zen lehen aukera. Belusezko oihal baten bila nenbilen panpinei argazkiak ateratzeko, eta hara jo nuen. Erakusketa bat jartzea eskaini zidaten, eta Shakespeareren Uda gau bateko ametsa-n oinarritu nuen. Nafarroako Gobernuko Kultura sailetik deitu ninduten ondoren, Erriberrikoa egiteko. Panpina horiek erosi egin dizkidate, eta gobernuarenak dira orain.

Ponpeiara doa Tea maiatzean.

Ormolu arte galerian jarriko dut erakusketa. Dokumentatzen nabil orain. Nik aukeratu nuen Ponpeia; beti erakarri nau.

Non eskuratzen duzu panpinak egiteko materiala?

Ia guztia birziklatua da; nortasun handiagoa ematen dio, xarma berezia. Oihalak pilatu, eta akaso urtebete geroago erabiltzen ditut. Zertarako erabiliko ditudan jakin gabe hartzen ditut, baina, balio dutela jakinda, ez dut edozer gauza hartzen.

Tea adina pertsonaia daude zure baitan: historialaria, zaharberritzailea, lore saltzailea...

Bizitza baliatzen duen pertsona bat naiz. Egiten dudan guztiari ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen naiz. Bizitzari baikortasunez aurre egin behar zaio, eta ez telebistari begira bizi.

Teok baditu bere liburuak. Iritsiko al da Tea ere paperera?

Gustatuko litzaidake, zergatik ez. Erriberriko erakusketan, Mikel Zuzak testu bat idatzi zuen, ipuin bat, eta ilustrazio bat egin genuen Tearen pertsonaiekin. Ipuinarekin eta ilustrazioarekin liburuxka bat egitea zen asmoa. Teak proiektu askotarako bidea ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.