Ezarian. Ontzigintza tradizionala

Historia biziaren bizkarrezurra

'Mesker' bukatu berri dute, eta 'Oihame' zaharberritzen hasi dira; Ondartxo ontziolan ez daude geldirik egunotan. Beste garai bateko testigantza bizi-biziak sortzen dituzte Pasai San Pedron. Ondasun materiala ondasun immaterial bihurtzen dute.

Ondartxo ontziolako arotz bat, Oihame-ren hezurduraren barruan; zuaker eta taula ugari berriak behar ditu ontziak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Pasai San Pedro
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Argazkia aparta da, gero: kaioak zeru urdinean hegan, karranka egiten; piragua koloretsu batean itsas zabalera doan arraunlaria, Kanalaren erdian; eta ezkerrean Jaizkibel draga handiaren itzala, denen arreta eskatzen. Oihame ontzia zaharberritzen ari diren langileek modu ezin hobean osatzen dute itsas giroko koadroa, nahiz eta haiek betarik ez izan Pasaiako Ondartxo ontziolaren edertasunari erreparatzeko. Oihame-ko brankak taula berriak behar ditu, baita popak ere; egia esan, oso kalteturik dago, baina horregatik egin diote lekua Ondartxon, Azkorreta izan zen ontziola zaharrean, hezurdura berria eman, eta arima berreskura dezan, olatuen gainean nabiga dezan, orain urte asko egiten zuen moduan.

«Ontzigintza tradizionalari bizirik eustea da gure helburua», azaldu du Xabier Agote Albaola elkarteko presidenteak. «Euskaldunok izan dugun gauzarik handienetakoa izan da mende askoan; gure berezitasuna izan da aspaldian, eta galdu egin da kasik. Jakinduria hori hemen gordetzen dugu».

XIX. mendeko batel berria

Albaola elkarteak kudeatzen du Ondartxo itsas kulturaren zentroa; soilik ondare balioa duten ontziak daude han, historikoak, bereziak. «Euskal Herriko itsasontzien tipologia berreskuratzeko lana egiten dugu, hasi XVI. mendean eta XIX-XX. mendeetara iritsi arte», dio berri-berri itxura duen batel bati begira. Mesker eraiki berria da ez alferrik. Mahuka baten bidez goitik behera bustitzen ari dira etengabe, urak zura puzten baitu, taulen arteko zirrikituak itxiz. Kalapeatu edo istinkatu egiten dituzte ontziak, espartzuarekin edo beste edozein landare ehunekin, itsasora bota aurretik. Plano originalei jarraituz eraiki dute XIX. mendeko batela; orduko erreplika zorrotza da. «Arrantzaleen ontzirik txikienetakoa zen». Bretainiako Mesker herriaren ohorez jarri diote izena, hango talde batek antzeko txalupa bat eraiki zuenean Pasaia jarri baitzion. Aldiro berritzen den bi herrien arteko adiskidetzearen adibide da Mesker.

Laster uretan izango da, hori ere bai baita Albaolaren xede: hala zaharberritutako ontziak nola eraikitako erreplikak itsasoratzea, benetako bizitza ematea. «Marinelen istorioak irakur daitezke liburuetan, baina hura bizitzeko ontziaren barruan joan behar da; horrela barneratzen dira kontzeptuak». 2006an egindako Apaizac Obeto espedizioa da esandakoaren eredurik ezagunena.

«Asmo handiak dauzkagu, argi dugulako Euskal Herriko itsas ondarea nahiko baztertua izan dela; hori ez da bidezkoa, euskaldunak zerbait izan bagara, zerbait handia, itsasoan izan garelako, hori zalantzarik gabe». Besteak beste, Juan Sebastian Elkano aipatzen du Agotek. «Ez da kasualitatea euskalduna izatea, testuinguru historikoaren emaitza baizik. Hori dena ahanzturan edukitzea oker handi bat da; mende askoan itsasoko maisu handiak izan baikara».

Kolpeak eta tresneriaren hotsak ez dira eteten. Jo eta su ari dira Oihame-rekin langile bi. «Hiribarren ontziolan eraiki zuten 1954an, Zokoan; Hendaian eduki zuten aisialdirako. Desegitera zihoan, eta gurera ekarri dute ea gai garen zaharberritzeko. Baietz diot nik, berriro itsasoratzea lortuko dugula, nahiz eta finantzaketarik gabe aritu». Sardara gisa iritsi zen Ondartxora, baina Oihame izenarekin aterako da: «Pintura kentzen hasi, eta benetako izena azaldu zen: Oihame; hari eutsiko diogu, noski». Euskal ontzigintzaren tradizioaren azken aleetako bat da, eredu berantiarra. «Egurrezko ontzi denak ari dira galtzen; portuetan ez dira ikusten, plastikozkoek ordezkatu baitituzte. Oraingoak, ordea, berdinak dira hemen eta Taiwanen; hori da aldea». Izkina batean Istiales dute, Donibane Lohizunetik ekarritako ontzia. Egurrezkoa elkarteak ekarri zuen Pasaiara. Hura ere kaltetua dago oso. «Honekin ere lan frako egin beharko dugu. Bukatzean, Bizieder izena jarriko diogu. Azken finean, Gipuzkoara itzuli da Gipuzkoako ontziola batean eraiki zuten ontzia, eta bizi osoa Lapurdin eman duena. Non daude mugak ontzigintzaz ari garenean?».

Ontziolaren hegal bateko pareta handiaren eta Jaizkibel dragaren artean apenas ikusten den ontzi zuri-urdin bat. Bazter batean dago, ezkutaturik kasik, baina horrek ez du esan nahi balioa ez duenik, alderantziz. «Gipuzkoa 1 da; hemendik gutxira hasiko gara zaharberritzen igual, diputazioak interesa izan dezakeelako horretan. Salbamendurako ontzia zen, gerra aurrekoa. Gero desitxuratu egin zuten erabat, kabina handi batekin-eta aisialdirako prestatuta. Oso-oso berezia da, kroskoa punta-puntakoa izan zelako bere garaian. Iraultza teknologiko handia ekarri zuen, salbamendurako lehen motorduna izan baitzen, motor bikoitzekoa, gainera». Lanik ez dela falta Ondartxon; finantzaketa gehixeago.

Itsas ondarearen kaia

Pasai Donibane bere ederrean ikusten da Ondartxotik, eta are ederragoa izango da luze gabe itsas ondarearen kaiaren proiektua gauzatzen denean. Albaolak zerikusi handia izango du horretan ere. «Buiak kendu eta pantalanak jarri zituzten, erosotasunarengatik, baina horrek desitxuratu egin du Pasai Donibaneren aurrealdea», dio Agotek.

Hala, udaletik proposatu zieten berriro buiak jarri, eta han Ondartxoko ontzi historikoak lotzea, itsasoaren kulunkan uztea, plazatik, Victor Hugo etxetik, Camaratik edota Txulotxotik behaketaz gozatzeko. «Museo itxi batean ez, baina itsasoan kokatuko dugu ondarea, denek ikusteko. Kai hori bakarra izango da kontzeptu bezala, hemen; Kopenhagen, esaterako, bada horrelako bat».

Hasiera batean dozena bat ontzi amarratuko dituzte Donibaneko itsas ondarearen kaian; «eta aurrerago gehiago». Kai berezi horrekin lotua nabigazio tradizionaleko eskola sortuko dute, halaber. Ez da berehala egingo hori guztia, «administrazioak bere martxa duelako ez alferrik». Dena den, Albaola prest da lehenbailehen proiektu horiek guztiak gauzatzeko; «desiratzen gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.