«Gu aldatu gara, eta garaiak aldatu dira». Horrela definitu du Mikel Elorza Makazaga Zarauzko Gran Campingeko (Gipuzkoa) presidenteak kanpinak izan duen bilakaera. Hirurogeigarren urteurrena ospatu berri dute aurten, eta kanpinak alderdi guztietan izan duen garapena azpimarratu nahi izan du Elorzak. Izaten ari diren arrakastaren gakoen artean, kanpinak duen kokapena eta urte osoan irekita egotea nabarmendu ditu. Kokapenari dagokionez, «Zarautzi esker eta inguruari esker dugu arrakasta, hein handi batean», gaineratu du. Eta, bestalde, urte osoan kanpina irekita edukitzearen inguruan, zera adierazi du: «Hemen inguruan, eta agian Euskal Herri osoan, oso gutxi daude irekita urte osoan. Orduan, uda ez denean ere jende dezente mugitzen da, uda oso motza baita hemen».
Urte osoan irekita izatea erabaki zutenetik, laurogei plaza dauzkate erreserbatuta urte osorako karabanentzat. «Jendeak karabana bertan uzten du urte osoan, eta nahi duenean etortzen da», zehaztu du. Hasieran, bezero horiengatik izaten zuten neguan kanpina irekita, baina azken lau edo bost urteetan «ikaragarri» aldatu da hori; izan ere, Aste Santuko oporralditik urria amaierara bitarte %50-60ko okupazioa izaten baitute. Hala ere, udan jende gehiago hartzen dute. Hain zuzen ere, neguan hamabi-hamahiru langile izaten dira; eta udan, bikoitza —tabernakoak kontuan izan gabe—.
Kanpinaren historia
Kanpina 1964ko uztailaren 18an sortu zuten. Elorzak azaldu duenez, «jendea hemen azpiko zelaietan kanpatzen hasi zen, gure zelaietan eta beste zelai batzuetan ere bai». Hori zela eta, horrekin zer egin pentsatzen hasi ziren, «arazo bat edo aukera bat» bihurtu. Norbaitek aipatu zien kanpin bat egitearen aukera, eta hortik hasi zen gaur egungoaren jatorria. «Ez zen sortu bereziki guk ideia bat izan genuelako, baizik eta jendea inguruko zelaietan kanpatzen hasi zelako», gaineratu du.
Edukierari dagokionez, handitu egin da kanpina. Hasierako edukiera zehatzaz oso ziur ez badago ere, Elorzaren ustetan gaur egungo edukieraren herena edo laurdena izango zuten orduan. «Gaur egun 1.500 pertsonentzat lekua badaukagu, argazki zaharrei begiratuta, 300-400 lagunentzako lekua egongo zela pentsatzen dut».
«Gure poztasun hori besteekin ere partekatzea izan zen gure helburua»
MIKEL ELORZA MAKAZAGAZarauzko Gran Camping kanpineko presidentea
Bisitariei dagokienez, kanpinak bilakaera nabarmena izan duela azaldu du Elorzak. «Gehienbat alemaniarrak, herbeheretarrak, frantziarrak, suitzarrak eta italiarrak etortzen dira, baita Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko jendea ere. Hori aldatu egin da, hasierako urteetan ez baitzen ia bisitaririk etortzen Espainiatik eta Euskal Herritik, eta Herbehereetatik, Suitzatik eta Italiatik ere gutxi».
Hirurogei urteko ibilbide honetako momentu zailen artean, kanpinaren hasierako urte gorabeheratsuez gain, pandemia garaia gogoratu nahi izan du Elorzak: «Pandemiaren urteaz sentitzen dut harrotasunik handiena. Izan ere, aurrera ateratzea lortu genuen, galerarik gabe eta inor kaleratu gabe. Nahiko txukun egin genuen aurrera». Are gehiago, urte horretan lehenengo glamping-ak —glamour handiko kanpinak— jarri zituzten. «Pandemia hasi zenean aukera bat ikusi genuen, apustu bat egin genuen, eta oso ondo irten zitzaigun».
Ospakizuna
«Ospakizun eguna kristorena izan zen», azaldu du Elorzak. Uztailaren 18an egin zuten hirurogeigarren urteurreneko ospakizuna. Bi zatitan banatu zuten eguna. Goiza «familiarentzat eta gertukoentzat» izan zen, batez ere. «Familia, agintariak, Zarauzko Kirol Elkarteko ordezkariak eta beste hainbat kanpin gonbidatu genituen, besteak beste. Ia ehun lagun elkartu ginen», adierazi du Elorzak. Bideo bat prestatu zuten eguna hasteko, kanpinaren historia azaltzen zuena. Ondoren, hitzaldien momentua izan zen, eta, jarraian, Bernabe eta Jose Luis Makazaga omendu zituzten, kanpinaren sortzaileetako bi. Javier Makazaga ere omendu zuten —berrogei urtean kanpineko zuzendari izan da—. «Goiza borobiltzeko, kanpineko laugarren belaunaldiko gazteek aurresku bat egin ziguten ezustean; denok negarrez amaitu genuen», adierazi du Elorzak.
Arratsaldean, berriz, bezeroak izan zituzten gogoan, eta ekitaldi ugari antolatu zituzten: puzgarriak, paintballa, tailerrak, errealitate birtualeko bideojokoak... «Gure poztasun hori besteekin ere partekatzea izan zen gure helburua», adierazi du Elorzak. Ondoren, DJ bat aritu zen giroa alaitzen, eta hainbat janari eta edari eskaintzen zuten postuak jarri zituzten inguruan. Postu horiek izan zuten arrakastarekin gustura agertu da Elorza: «Zortziehun txartel prestatu genituen janari eta edariarentzat, eta guztiak amaitu ziren».
«Gure proiektua aurrera doala sentitzen dugu; familiako proiektu bat da», aitortu du Elorzak. Datozen urteetarako helburu nagusia «eguneratuta egotea» dela esan du, «gizarteak eskatzen duenari erantzuteko gai izatea». Elorzak esan duenez, ez dute kopuruan handitu nahi, zerbitzuen kalitatean baizik. Hori izan daiteke beste hirurogei urtez gorenean egoteko sekretua.