Hirumila metroen langa

Pirinioetako hiru milako mendietara igotzea izaten da mendizale askoren asmoa. Gorka Azkaratek eta Fernando Errekaldek berriki osatu dute zerrenda; azken horrek, 52 egunean. Mendizale bakoitzak egiten du bere bidea.

2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Norabide batean nahiz bestean, Mediterraneoa eta Kantauri itsasoak lotzen dituen katebegi menditsua dira Pirinioak. Eremu zabala hartzen du mendikateak, eta berau osatzen duten mendi, ibar, ertz eta aintziren aniztasunaren parekoa da Pirinioetan barneratu eta mendikatea ezagutzeko modua ere. Tontorrik garaienetara igotzea da aukeretako bat. Himalayan zortzimilakoek, Andeetan seimilakoek eta Alpeetan lau milako mendiek bezalatsu, Pirinioetan bada mendizale askoren arreta erakartzen duen altuera langa bat: hiru mila metroko mendiena.

UIAA Nazioarteko Alpinismo Elkarteen Batzordeak 1995ean onartu zuen urte batzuk lehenago aditu talde batek osatutako hiru milako mendien katalogoa. Horixe hartzen da erreferentziatzat Pirinioetan altuera hori gainditzen duten 212 mendi daudela zehazteko; 129 dira tontor nagusiak, eta 83 bigarren mailakoak — 213 direla diote beste batzuek—.

Asko dira mendikatea tontor garai horietatik guztietatik ikusia duten mendizaleak, eta beste asko bide horretan direnak. Haietako bakoitzak ditu bere istorio eta bizipenak. Hori baitu erakargarri guztietara igotzeko erronkak: norberak aukeratzen ditu jarraituko duen bidea eta erritmoa. Badira urte bakarrean guztietara igo diren mendizaleak, edo hilabete pasatxoan zerrenda osatu dutenak. Urte luzetako bidea egin dutenak badiren gisa berean.

Gorka Azkarate eta Fernando Errekalde dira 212 mendietara igo diren mendizaleetako bi. Berriki bukatu dute zerrenda; abuztuan osatu zuen Azkaratek, eta duela bi aste Errekaldek. Azken hori ziztu batean igo da hirumilako guztietara, 52 eguneko tartean. Eibarko Deportibo mendi taldeko kidea da Errekalde, eta azken sei urteetan Villanuan bizi da (Aragoi, Espainia). Mendi gidaria da ogibidez —Guiar-t agentzia sortu du berriki—, eta munduko mendikateetara egindako irteerak izan ditu Pirinioetako hirumilakoetara igotzeko akuilu. «Alpeetara, Andeetara eta Himalayara joan naiz azken urteetan, baina etxera itzultzerakoan jabetu naiz urrunekoa gertukoa baino hobeto ezagutzen dugula ia. Bezeroetako bat hiru milako mendietara igotzeko bidean dabilenez, nik ere guztietara igotzea erabaki nuen», argitu du Errekaldek.

Pentsatu eta egin. Irailarekin batera abiatu zuen egitasmoa, Kataluniako Pirinioetan. Katalunian daude, hain zuzen, 212 mendietako 11, hiru mendigunetan banatuta: Pica d'Estat eta haren gertukoak, Besiberriak eta Punta Alta bakartia. Errekalderen asmoa ekialdetik mendebalderako norantzan jarraitzea zen, eta proiektua Villanuatik gertuen dagoen hirumilakoan bukatzea, Balaitous mendian. Eguraldiak baldintzatuta bidean hainbat aldaketa egin behar izan zituen, eta Robiñera mendian bukatu zuen zerrenda.

Modu asko dago Pirinioetako goi mendietara igotzeko. Ahalik eta tontor gehien ertzak eskalatuz lotzea aukeratu du Errekaldek, baina norberak jartzen dizkio abiadura eta erritmoa bideari, duen sasoiaren eta maila teknikoaren arabera. Izan ere, mendiek denetariko zailtasunak dituzte, eta haietako batzuetara igotzeko, ezinbestekoa izan daiteke soka erabiltzea. «Alor teknikoari erreparatuz gero, ez dute muturreko zailtasunik, IV edo IV+ mailako tarteak dira zailenak. Gidari batek lagunduta edo eskarmentuko mendizale batekin joanda, fisikoki prestaketa egokia duen ia edonor igo daiteke ohiko bideetatik», dio.

Eskalatu dituen ertzen artetik, hiruk gogobete dute Errekalde: «Crabioules eta Lezat lotzen dituen ertzak, Neouvielleko Trois Conseillersek eta Anetoko Llosasek. Harkaitza oso ona da, eta eskaladaren agertokia, paregabea; zaila da inguru ederragorik topatzea». Mendien edertasun horri konpainiaren atsegina gehituta —Marta Alejandre eta Juan Carlos Jimenez izan ditu bidela-gun—, mendizale orori aholkatzeko moduko proposamena iruditu zaio Errekalderi Pirinioetako hirumilakoetara igotzea.

Katalogoa osatzeko lanak

Hiru mila metroak gainditzen dituzten kotak 212 baino gehiago dira Pirinioetan, baina guztiek ez dute tontor izendapena. 1980ko urteetan hogeita hamar mendizale eta aditu elkartu ziren hiru milako mendien katalogoa osatzeko asmotan. Juan Buyse pirineista eta artzaina izan zen ekimenaren bultzatzailea. Aurretik baziren hainbat zerrenda, baina horiekin alderatuta, irizpide zehatz eta objektiboetan oinarritu asmo zuten lana.

Mapa, gida eta argazkiak arakatuz ikerketa lan sakona egin zuten, eta hiru mila metroen langa 329 puntuk gainditzen zutela ondorioztatu. Azken galbahea egin eta mendikateko hirumilakoen zerrenda mugatu zuten: 129 tontor nagusi eta bigarren mailako beste 83. Zer irizpide erabili zuten horiek zehazteko? «Hiru mila metroko altuera izatea ezinbestekoa zen, noski, baina lepoaren eta tontorraren arteko desnibelak hamar metrokoa izan behar zuen, gutxienez. Oso desnibel tarte txikia da hori, eta berrehundik gora tontorreko zerrenda atera zen. Beste irizpideetako bat izenarena zen; mendiak izena eduki behar zuen. Baina, azkenerako, izenik ez zuten tontor batzuei guk geuk jarri behar izan genien, hango toponimia oinarri hartuta», azaldu du Luis Alejosek, ikerketa hartan parte hartu zuen mendizale eta idazleak. Toponimia erreferentziarik ezean, pirineista historikoen izenak jartzea adostu zuten: Rabada, Navarro, Beaudrimont…

Katalogoa 1995ean onartu zuen UIAAk, eta ordutik zerrenda ofizialtzat jo daiteke. Baina eztabaida eta ika-mika iturri izan da zerrenda, mendi batzuk onartzeko eta beste batzuk saihesteko irizpideak oso garbiak ez zirelako. Beste proposamen batzuk ere izan dira ordutik, eta GPSarekin zehaztasun handiagoz neur daitezke orain mendiak. Alejosek ez du uste, ordea, aldaketa handirik egin daitekeenik: «Berrikusketa egitekotan, lepoaren eta tontorraren arteko desnibela handituko nuke, Alpeetan laumilakoen zerrenda osatzeko egin zuten bezala —30 metro hartu zituzten erreferentziatzat Alpeetan—. Gailurrak mugatzera jo zuten haiek; guk, aldiz, kopurua handitzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.