Ez da omendu bakarra Xalbador izango aurten ere, Teodoro Hernandorena eta Emile Larre izango baitituzte gogoan. 1898an Zizurkilen (Gipuzkoa) jaioa, kulturgilea izan zen, batez ere, Hernandorena. Familian gazteleraz egiten zuten, eta kalean ikasi zuen euskaraz mintzatzen. Zaragozan (Espainia) ikasi zuen medikuntza, eta han hartu zuen euskaldun izatearen kontzientzia. Harena da euskal abertzaletasunak propagandarako egin zuen lehen film luzea, Euzkadi izenekoa. 1933an kaleratu zen, baina, gerora, erre egin zuten frankistek haren kopia bakarra. Iparraldean ere kulturgintzan lan handia egin zuen, besteak beste, bertsolaritzan. Mattin eta Xalbador bertsolariak plazara lehen aldiz atera zituena, adibidez, hura izan zen. 1994an hil zen, Donibane Lohizunen (Lapurdi).
Larrek (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1926- Kanbo, Lapurdi, 2015) ere lan handia egin zuen Ipar Euskal Herriko bertsolaritza sustatzen. Uztaritzen erlijio ikasketak egin, eta apaiz sartu zen, baina bestelako kultur jarduerekiko interes handia zuen, eta bere ibilbidean horrek egin zuen ezagun. Gazte, Gogoa, Gure Herria eta Herria aldizkarietan idatzi izan zuen, eta Herria aldizkariko zuzendaria izan zen. Hainbat liburu ere baditu argitaratuak, azkena 2007an: Joanes Arrosagaray. Biotz barneko solasak (Auspoa) Berak idatzia da Xalbadorren Odolaren mintzoa liburuko hitzaurrea ere.
Aurrez ere omendu zituzten biak elkarrekin. 1992an izan zen, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak omendu zituen, Mariano Izeta idazlearekin batera. Hernandorena eta Larreren inguruan hitzaldia emango du, bihar, Joxe Mari Iriondok plazan. Iriondok berak eginak ditu Bidegileak bilduman bertsozaleen inguruko liburu bana.
Biek «bertsolaritza eta euskal kulturaren alde hainbat lan» egin zituztela azaldu zuen Deiadarra elkarteko Itxaro Bethartek Donostian, ekimenaren aurkezpena egin zutenean. Deiadarra arduratzen da, urtero, ekimena antolatzeaz. Helburu horrekin sortu zen elkartea 2004an, Xalbadorren Odolaren Mintzoa liburuko Ama Euskal Herria bertsoetatik izena hartuta. Helburua garbi du Bethartek: «Gure nortasuna eta Xalbadorrek utzi zigun mezua bizirik mantendu nahi dugu Euskal Herri osoan».
Bi eguneko egitaraua
Ekitaldi seinalatua izango da omenaldiena, baina baita horren aurretik egingo dena ere. Urtero egiten duten moduan, Xalbadorren etxolara ibilaldia egingo dute bihar goizean. Izango da bestelakorik, hala ere, asteburuan zehar. Gaur, 18:30ean, Aldudeko (Nafarroa Beherea) antzerki taldearen emanaldia izango da Urepeleko eskolan. 21:00etan, Kepa Junkera eta Sorginak taldea arituko da herriko plazan. Maletak lan berriko abestiak joz taularatuko dira. Bihar, herri bazkaria egingo dute behin omenaldiak amaituta. Ondoren, bertso saioa egingo dute Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariekin. Festa amaitzeko, trikitilarien saioa egongo da.