Hiru ideia websail baterako

Maialen Sorzabalbere, Andoni Imaz eta Kepa Errasti dira Nex Station egitasmoko finalistak

Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok «aniztasunaren edertasuna» ospitale batean girotu nahiko lukete. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
4K teknologian —goi bereizmenaren kalitatea lau aldiz hobetzen du— euskarazko telesail digital bat estreinatuko dute udazkenean, Next Station egitasmoaren bigarren deialdiari esker. Eiken ikus-entzunezko klusterrak eta EITBk sustatu dute egitasmo hori, eta Develop HUB, Media Attack eta J.O.K. Films ekoizpen etxeek koordinatzen dute. Aurkeztu diren proiektu guztien artetik, hiru finalisten ideiak hautatu dituzte: Maialen Sorzabalbere, Andoni Imaz eta Kepa Errastirenak.

Hilaren 26tik 29rako egonaldi bat antolatu dute hiru finalistentzat, Bilbon. Websaila idazten ariko dira, koordinatzaileen laguntzarekin. «Halaber, Euskal Gidoilari Elkarteko Joanes Urkixo etorriko da laguntzera», azaldu du Jokin Etxeberria Next Station-eko koordinatzaileak. «Hiru finalisten artetik bat aukeratuko dugu, eta horrek beste egonaldi bat eginen du Donostiako Tabakaleran. Han garatuko du websaila, gidoilari baten eta gure laguntzarekin».

Finalista bakoitzaren ideiak bere ezaugarri propioak ditu. Imazen ideia honako hau da: unibertsitateko bi ikasle musika talde bat sortu nahian dabiltza, baina hirugarren bat falta dute. Hirugarren laguna aurkitu ostean,taldearen helburua maketa bat grabatzea izango da. Baina dirurik ez dutenez, kontzertuak emango dituzte Euskal Herri osoan. Bidean hainbat arazo izango dituzte, eta tartean umorezko zipriztinak egongo dira.

Errastik, berriz, guraso izatera doazen zortzi pertsonaiaren istorioa kontatu nahi du: Antropologia ikasle batek ikerketa bat egin nahi du familia izatera doazen lau bikote euskalduni buruz. Bikoteei kamera aurreko elkarrizketak egiteaz gain, haien eguneroko bizitzan sartuko da.

Sorzabalberek Amaia Rojorekin batera landu du ideia, eta ospitale batean girotuko da istorioa: lau gaixo koman daude. Horien senideak ospitalean daude. Familia horien artean liskarrak izango dituzte hasieran, baina apurka-apurka konturatuko dira gaixo dauden lau pertsonek ezkutuko loturaren bat dutela elkarrekin.

Sorzabalberek esan du ez zuela espero Next Stationeko finalista izatea. «Ezin sinetsita», baina pozik mintzatu da: «Ospitaleko istorioan genero guztiak sartzeko aukera egon daiteke. Aukera polita izan daiteke, era berean, aniztasunaren edertasuna islatzeko». Familia protagonisten artean, haur baten bi ama daude, guraso gor-mutuak dira beste bi, beste familia bat ijitoa da, eta laugarrenean aita gizon hantuste bat da. Ez dute balizko aktore guztiengan pentsatu, baina sortzaileen ametsa litzateke Itziar Ituño eta Miren Gaztañaga lotzea.

Hiru finalisten artean irabazle atera ala ez, Sorzabalberek nabarmendu du egitasmoaren sustatzaileek bultzada emango dietela proiektua garatzeko. «Asko eskertzen da hori».

Sorzabalberek iragarri du, bestalde, antzerkia eta ikus-entzunezkoen mundua uztartzen duen proiektu bat ari dela lantzen, Mikel Irazustarekin batera. Barrexerka izena jarriko diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.