BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (I)

'Hiru' hitzaren adierak

'Hiru' hitzaren adierak.
2014ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
BERRIAk 2014an antolatutako bidaia eta mendi kroniken lehiaketa bukatuta, lan onenak argitaratuko ditu egunkariak gaurtik aurrera. Urrutiko bidaiak eta gertuko bizipenak kontatuko dituzte parte hartzaileek euren lanetan.

Ez dakit mendia den ala bidaia den. 100 kilometroko bidaia batek horrenbesterako eman dezakeen. 100 kilometroko bidaia bat zenbateraino luze den, edo zenbaiterano labur. Ordu asko egongo dira gogoetarako. Orokorrean urrunegi joango ez diren gogoetetarako, ibilbiderik apenas egingo duten gogoetetarako. Denbora ez baita luzea.

Atsedenik hartzeko asterik aproposenak ez dira izan atzean utzitakoak. Egun seinalatua den ostiral arratsaldean ere apenas hiru ordu laurdeneko loaldi arina egiteko modurik baino ez da egon. Nahi baino gehiago luzatu da ostiral hartako ezohiko bazkari hura.

Lehenengo geralekua Beasainen jarria, han jaso nau beste hirukoteak, eta laguntza psikologiko ordainezinaz gain, arrautzopil eta txokolatea ere hartu zuen laguntza emango digun bikoteak. Lau (sei) lagun, 100 kilometro aurretik, zein baino zen zalantzatiago. Ematen du hau ez zela gonbidatuta gauden festa bat.

Ondategin iluntzerako, begirada azkarrak ezker-eskuin, jendea zer-nolako animoz dagoen; urduritasuna usain daiteke, prestakuntzako erritualak. Eta noizean behin telebistari begiratzen diogu, lana atera ezinik zegoen kafetegian, momentu hartan munduko kafetegirik bete eta errentagarrienean, nerbioak lasaitzeko. Eta 1-5 dio markagailuak.

Gauerdiak jo bezain laster, Agurtzane eta Ierari atseden apur bat eman, eta gero arte esanez banatu da taldea. Juan Karlos aurrera, ziztu bizian; berea ez da gure proba. Korrika hasi eta korrika bukatu. Andonik, Mikelek eta hirurok nahikoa lan izango dugu bukatzen.

Lehengo kilometroetan sentsazioak bilatu nahirik, arnasa hartu eta botaz, oreka bila, norbere lekua aurkitu nahian. Aurreneko kilometroetan ez dago herrenik. Oraindik hankak fresko doaz, eta irribarreak ere erakusgai dira. Solastatzera ere heltzen gara. Gero etorriko ziren hitz solteak. Begirada soilak. Arnasestua. Bat nola doan ohartarazteko nahikoak.

«Eguna atean dago / haize hotza dakar / ez da izango beste goizerik». Mikel Laboaren Liluraren kontra abestiaren hitzak datozkit burura behin eta berriz. Agian Gorbeiarako igoeran haize finak gogor erasaten digulako, Gopegitik gora doan bidean dagoen hondarra harrotuz, begietan sartuz, aurrean dagoena gau ilunean ikustea zailduz.

Bi orduren buruan Gorbeiako gaina hartua, probako aurreneko taldeak jada ordubeteko tartea ateratzen digu. Jaitsieran iltzatuta geratzen den irudietako bat: Aldaminaperako bidean, Dulautik begiratuta, Gorbeiaren lepoan frontalek marraztutako forma kurboa, etengabe joskileak Gorbeiako lepoa hari zuriz josiko balu bezala, zauria itxi nahirik. Bostehun bat puntadaz osatutakoa. Hariak magala erdibitzen du, gaua alde batera, eguna bestera; Dulauko amildegia batera, segurtasuna bestera. Ahaztezina.

Ubiderako bidean jadanik hankak ondo berotuta doaz. Izerdia; arnasa sakona. Gorbeiarako ateetakoa den Ubide herrian aurreneko zibilizazio aztarnak. Aurreneko anoa postua. Ura, mesedez. Ordubete barru Otxandion (Bizkaia). Otxandiora heltzea kosta zaigu. Baina zain dugun txokolateak eta konpainiak merezi dute. Tira, Iera lo harrapatu dugun arren. Agurtzanek, ongietorria. Eriz ere hurreratu da, lo egin ezinik dabilela eta. Jende andana da ordurako Otxandioko frontoitik pasea. Hurrengo geralekua, Urkiola.

Une gogorrak, loak hartzen nau. Ahalegin handiak begiak zabalik mantentzen. Tarteka begiak itxi eta bastoien laguntzaz aurrera egiteko gai naiz. Andoni eta Mikelengan ez logura, ez neke zantzurik ere ez. Agian hortxe galduko ditut. Iñaki eta Gorka aurrenekoz ikusten ditut. Hainbat aldiz ikusiko dugu elkar.

Anbotoko leporako bidean

Urkiolara heldu gara, eta logura atzean uztea lortu dut, pixkanaka, eta Andoniren eta Mikelen oinatzei jarraitzea. «Agian eutsiko diot», pentsatzen hasten naiz. Agurtzane eta Ieraren txokolate ontza, Urkiolako anoa postua pizgarri. Itxaropen zirrikitu bat. Pol-Polen, Anbotoko leporako bidean, ematen du gorantz ez noala gaizki. Edota nahiago dudala maldaren pikoa lautadaren monotonia baino. Neure burua engainatu nahirik. Irudipenak ez beste. Ezinezkoa sinetsi nahian. Une bateko lilurak zenbat denboraz tronpatuko du bat? Gorabehera emozionalen artean bidea urratu nahian. Lepora heldu, denbora hartu, boluntarioak agurtu eta beheranzko bidea. Eguzkiak jada gupidarik gabe berotzen du Zabalandiko anoa postuan. Andonik goiz hartu du erabakia, Landan etengo da hirukoa. Mikelek itxaron egin nahi du.

Orixol eta Jarindo, Jarindo eta Orixol. Batek ez daki zein den aurrena, zein hurrena. Motzak, baina gogorrak. Lar garbi ez dauka batek nolatan agertu diren koska horiek ibilbidean, jadanik pasata ditugunen oroitzapenek itsututa. Hausnarketarako tartea zabaltzen da momentu horretan: horrela jarraituz gero, (urrun) helduko ote gara? Hiru hitzaren adierak asko baitira. Landara heltzea kostako zaigu. Eskerrak erdibidean gosaria dugun zain. Agurtzane, Iera, berpiztea bezala izan da. Mikelen ikuspegiak hamar minuturen buruan goitik beherako aldaketa jasan du: arazo fisikoak direla medio, Landan geratzera behartuta. Ibilbidea eten da. Bigarren atala eten da. Besarkada bat. Begirada bat. Keinurik behinena. Araian ikusiko dugu elkar. Adiorik ez. Hiru begi zituen kateari bakarra geratzen zaio.

Landa helmugatik hurbil

Landara heldu orduko aurreneko parte hartzaileak helmugara iritsiak dira. Landa ibilbidearen 60. kilometroan dago, eta probaren mugarrietako bat da. Anoa postu garrantzitsua barne hartzeaz gain, batek irteeran utzi ahal izandako zama astuna, bidea arintzeko pentsatua, aldatzeko arropaz, kiratsik gabeko galtzerdiz eta zapatila hegodunez, maitasunez prestatutako jan eta edanez, eta, batez ere, ilusio eraberrituz betea, han aurkituko baitu. Eta oroz gain, parte hartzaileen senide eta lagunen biltzeko toki aproposa delako. Hotzikara batek dit gorputza zeharkatzen. Oilo-ipurdia. Aita, ama, Ibai, Jon Mikel, zuek ikusteak poztu nau. Ez dakizue ondo zenbateraino. Eta orduan batek ez daki bueltatzen. Ez daki buelta hartzen. Bukatzerakoan hots egingo dizuet.

Erabakigune eta bidegurutze da Landa. Ametsak eta lagunen eta sendiaren bertan egotea ez dira nahikoa izaten batzuetan, ordea. Parte hartzaile batzuk iltzatuta geratu ohi dira Landan. Ez aurrera, ez atzera. Nekeak, burutzeko dauden 40 kilometroek, emozioek agian, jarraitzea eragozten diete. Ibilbidearen erdia atzean utzita eduki arren, Landatik aitzinean dauden kilometroak bukaezin izatera iristen dira. Bat helmugara iritsiko ez delako duda izpiek dena hartzen dutenean, Landak bere epaia du inposatzen.

Duda izpi horiek forma anitz izan ohi dute: arazo fisikoek, Elgeamendin edo Aizkorrin erretiratu eta modu errazean zibilizaziora itzultzeko ezintasuna, edota Agurtzanek eta Ierak egindako arrautzopila eta sagardo freskoa.

Horiek alde batera uztea lortzen duenak helmuga du usaintzen, helmuga du ikusten Landatik. Denbora ez baita luzea. Eta Landa utzi eta berehala aurkituko duen aldapan irribarrea nabaria izango du. Elgeamendiko mendilerroko bide gorabeheratsuan gorputz eta arimak bat egin eta ez du besterik pentsatuko.

Kontrako bidean datorren gizonezko bat, bizikletatik jaitsita. «Juanjo, aspaldiko!». Ustekabeko ederra. Garai batean irakasle, gero ikaskide, eta orain bidaide. Kontrako norantzan bidaide, halakorik baldin bada. Izan ere, 100 kilometroan minutu bateko iraupena duten jazoerek beren garrantzia badutelako. Ilobak ikustera etorria. «Ondo ikusten zaitut; aurpegi ona daukazu. 20 orduren azpitik helduko zara». Eskertzekoak hitzok.

Bitarte horretan jasotako mezuren batean dauden hitzek ere adoretzen naute, indarberritzen, kemena ematen.

Makatzagaindik, haize errota errenkada amaigabea barrundatuta aurrean, begirada bat atzera. Atzean utzitako bidea. Egindako bidea. Parekorik ez duen ikuspegia, Euskal Herriaren soslaia, isurialde bitara, Gorbeia eta Anbotoko mendiguneek dute arreta erakartzen.

Elgeamendi mendilerroko haize errotak, 78, banan-banan zenbatu eta igaroak. Jende askoren iritziz, zatirik gogaikarriena. Aspergarriena, esango nuke nik. Baina egun hartan giroa ez zen beroegia, hodeiak ugarituz zihoazen, eta haizeak bero sentsazioa baretzen laguntzen zuen. Urbiara heltzean zeruko ateak zabaltzen zaizkio bati.

Aizkorrin gora, pauso bat, bi pauso, hiru pauso... hamaika pauso. Eta Aizkorriko pasaera osatzean, aldapan behera, salto ere egin nahiko du. Luze egingo dira azken hamar kilometroak alabaina, helmuga atzeratu egin ote duten itaunduko dio batek bere buruari. Baina basoa bukatuz joango da, eta hostoen artetik Araiak kuku egingo du, lotsati samar hasieran, helmugarako bihurgunearen aurreko zuzenbidea erakutsiz gero.

Eta 99 kilometroren ondoren, batek oraindik korrika egin dezakeela konturatzean zama oro arinduko da. Arimak hegan egiten duen bitartean, berdin du oinek graziaz ala graziarik gabe egiten duten aurrera. Eta helmugan bildutako jendea ikustean oilo- ipurdia izango du batek. Eta Araiako helmuga zeharkatzean libre dela sentituko du batek, nekatuta sentitu aurretik.

Izan ere, Landara arte kilometroak gehituz bazihoazen ere, Landatik aitzin distantzia osoari batek kilometroak kentzen dizkio. Izan ere, Landa eta helmuga arteko distantzia ez baita kilometrotan zenbatzen, bukatzeko irrika kuantutan baizik. Bi punturen arteko distantziarik laburrena, ez baita lerro zuzena; lerrorik zuzenena ere lerro makurra baita. Denbora ez baita luzea.

Irribarrez bukatzeak zaila zirudien arren, ehunka lekuko izango ziren. Lander aurrena, Maitane eta Alain hurrenak (beste ezusteko bat), helmuga baino 50 metro lehenago. Gurutzatu dugu lerroa. Agurtzane ikusten dut aurrena. Besarkada estu bat, eta Iera, Andoni eta Mikel ondoren. Zuei esker.

Agian, batek behin holako proba bat bukatzen duenean, beste gauza askori hasiera ematen dielako irudipen eta sentipen ziur aski alegiazkoak dauzka.

100 kilometro, 100 kilometro eta 350 metro, 1.511 arrazoi, zenbaezin pauso, taupada motz baina geldiezin bezain indartsuak, bere miresmena eskaini digun jendeari esker ona. Eta ezin deskribatu jende askori zor diedana, sentitzen dudana, bizi izan dudana. Adierazten da zaila.

Antolakuntzari eskerrak; boluntarioei ohore; Gorbeian gaueko ordu batean, hotzetan eta haizetearen erdian zeuden ikusleei eskerrik asko; Ubiden, larunbat goizaldean oraindik etxeratu gabe, garagardoa eskutan animatzen gintuzten gazte eta zaharragoei, eskerrik asko; Elgeamendin, eguzkipean, munduan egitera zihoazen azken gauza balitz legez txaloak jotzen zituztenei, mila esker; eta ama, aita, Ibai, Jon Mikel, Andoni, Agurtzane, Iera, Mikel, Juan Karlos, eta Juanjo, eskerrik asko.

Goikoa Hiru Handiak deritzon distantzia luzeko mendi martxaren kronika izan da. Hiru hitzaren adierak asko baitira; tartean, ondokoa: «Gorbeia, Anboto, Aizkorri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.