Jaiak. Bilboko Aste Nagusia

Hiru hamarkada algaratsu

Algara konpartsak 30 urte bete ditu aurten, eta Bilbon euskara zabaltzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute egunotan.

Jabi Zabala, Kerman Diez de Diego, Aritz Estibez Olea eta Ane Gomez Llavori Algara konpartsako kideak. BERRIA
Jabi Zabala, Kerman Diez de Diego, Aritz Estibez Olea eta Ane Gomez Llavori Algara konpartsako kideak. BERRIA
Irene Barañano Diaz - Iñigo Astiz
Bilbo
2024ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun

Algaragoa izan da aurtengo Algara. Bilbo euskalduntzen laguntzeko sortu zuten konpartsa 1994an, Gabriel Aresti euskaltegiaren eta Zenbat Gara elkartearen bueltan, eta, ondorioz, 30 bete dituzte aurtengo Bilboko Aste Nagusian. Bilboko ekitaldi nagusietan zegoen euskara falta betetzeko jarri zuten abian, eta eutsi egiten diote asmo horri ere Aritz Estibez Olea konpartsakideak azaldu duenez: «Oso-oso garrantzitsutzat jotzen zen orduan euskaldunentzako eta euskara ikasten ari zirenentzako espazio ludikoak sortzea. Aste Nagusia ere oso-oso zentrala zela ikusi zuten orduan, eta garai hartako Aste Nagusia oso-oso erdalduna zen. Horregatik sortu zen Algara: jaietan euskaldunentzako espazio bat sortzeko». Euskaraz algara ere egin ahal izateko, alegia.

Estibez Olea 2008an egin zen konpartsakide, eta, beraz, kide zaharragoei entzunda du lehen urte haien berri, baina dioenez, eutsi egiten diote oraindik ere hasierako asmo berari. «Ez dut uste asko aldatu denik gure borroka», onartu du. «Baina jai esparrua bai, hori aldatu da, eta onerako. Gaur egun Bilboko konpartsetan euskarak gero eta leku handiagoa du, eta urte luzeetako lanaren eta lankidetzaren emaitza da hori».

«Ez dut uste 30 urtean gure borroka asko aldatu denik, baina jai esparrua bai, hori aldatu da, eta onerako»

ARITZ ESTIBEZ OLEAAlgarako konpartsakidea

Ehundik gora konpartsakide dira, egun. Zenbat Gara elkarteko kideak dira haietako batzuk, Gabriel Aresti euskaltegian ikasitakoak besteak, eta bada Kafe Antzokira joateko ohitura duen musikazale bat baino gehiago ere tartean. Eta, horrez gainera, Zaparrada izeneko ume eta gaztetxoentzako konpartsa ere sortu zuten iaz. Giro euskaldunean murgildurik haurrek ere ondo pasatzeko helburuz jarri zuten proiektua martxan, eta Algarako kideek ez ezik, gainerako konpartsetako kideek ere badute hartan parte hartzeko aukera.

Zaparrada haur konpartsaren sorrerako irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Zaparrada haur konpartsaren sorrerako irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bilbo da hala konpartsaren nola haren inguruko bestelako egitasmoen eragin esparrua, baina «ikuspegi nazional batekin» aritzen direla zehaztu du Estibez Oleak. Orain artean Aste Nagusiko asteazkenetan antolatu ohi zuten Iparralde Eguna da horren froga. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kide eta lagunak gonbidatu izan dituzte txosnara egun horretan, guztiak elkarrekin kantuan aritzeko. Aurtengoan, ordea, izena aldatu diote planari, eta Kantu Eguna izango da aurrerantzean.

Konpartsak euskalduntzea

«Jende libreen herri askea» dute leloa eta Pellot izeneko itsaslapur irribarretsua da haien ikurra. Lehen urteetan, Barroeta Aldamar zein Berastegi kaleetan izan dute txosna inoiz, baina Bailen kalera pasatu, eta han eman dituzte azken urte luzeak. Bertan «euskal gune berezi bat» sortzea izaten dute helburu, eta, besteak beste, bertan antolatzen dituzten kontzertuetan presentzia nabarmena izaten du euskarak.

Izan ere, euskararen garapenari lotuta daude haien helburuak ere. Erdaldunak euskarara hurbil daitezen lortzea da haien xedeetako bat. Baina badituzte jendeak hizkuntzarekiko duen distantziaren araberako bestelako helburuak ere: euskara ikasten ari direnak ikasten jarraitzera motibatzea da haietako bat, eta jadanik euskaldun direnek euskara erabil dezaten sustatzea bestea.

«Giroa euskalduntzea izan da gure erronka beti, baina une batean Bilboko Konpartsen federazioa bera ere euskalduntzeko saiakera egin genuen»

JABI ZABALAKAlgarako konpartsakidea

Eta izan dira aldaketak. Jabi Zabala Bilbo Hiria irratiko kazetariak, esaterako, urteak daramatza Algaran, eta zuzen-zuzenean ikusi ditu konpartsaren lanaren emaitzak. «Giroa euskalduntzea izan da gure erronka beti, baina une batean Bilboko Konpartsen federazioa bera ere euskalduntzeko saiakera egin genuen».

Eta baietz esan du Kerman Diez de Diegok ere. Bederatzi urte daramatza berak Algaran, eta, dioenez, bistakoa da konpartsen euskalduntze prozesu hori ere. «Gaur egun euskaraz funtzionatzen dugu federazioan, eta euskaldunak edo gutxienez euskaraz ulertzeko gai den jendeak hartzen du parte. Eta, neurri batean, beste jende askoren laguntzarekin batera, Algarak egindako lanaren eraginez izan da hori».

Algarakideek diotenez, ez dute euskaren aurkako erresistentzia nabarmenik sentitu izan. Horregatik, Zabalaren hitzetan, batez ere «inertziak» aldatzea izan da lana.

Bi belaunaldi aldaketa izan dira konpartsan, Estibez Olearen hitzetan. «Bi, behintzat bai». Eta belaunaldi aldaketarekin batera, emakumeen presentzia zein erabakiak hartzerakoan duten garrantzia ere handitu egin dela dio.

Belaunaldi berriak

Ane Gomez Llavori da algarakide belaunaldirik berri horietako kideetako bat. Duela hiru urte egin zen algarakide, eta, dioenez, ikusi egin daiteke berdintasunerako urrats hori: «Esate baterako, oso adierazgarria da muntatze, margotze zein bestelako lan fisikoetan denok batera hartzen dugula parte, eta erabakiak ere denon artean hartzen ditugu».

«Oso adierazgarria da muntatze, margotze zein bestelako lan fisikoetan denok batera hartzen dugula parte, eta erabakiak ere denon artean hartzen ditugu»

ANE GOMEZ LLAVORIAlgarako konpartsakidea

Aste Nagusiko musika emanaldiak dira Algararen nortasun ikur nagusietako bat, eta, aurten, besteak beste, bertan izan dira Leihotikan, Txopet, Eire, X Sakara, Hofe 4.0, Nize, Ama Say, Itzek, Zetkin, Afrika eta Akatz, kasurako. Garai batean nazioarteko taldeak ere gonbidatzen zituzten, baina azkenaldian publikoari euskaraz mintzatzeko gai diren artistak ekartzea lehenetsi dute. Giro orokorrak bultzatuta hartu dute erabaki hori, Estibez Olearen hitzetan. «Azken urteetan euskarak eraso pilo bat jasan ditu epaitegien aldetik, eta urgentziazkoa iruditu zaigu oholtzan euskarari espazio hori ematea. Euskarazko taldeak egongo direla ziurtatu nahi izan dugu, eta etorkizunean, agian, bueltatuko gara nazioarteko artistak ere ekartzera. Erasoen aurka gure aukera euskarari plaza bat ematea zela aldarrikatu nahi izan dugu».

Anje Duhalde musikariaren emanaldia, Algara konpartsaren txosnan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Anje Duhalde musikariaren emanaldia, Algara konpartsaren txosnan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Pandemia urtea bereziki gogorra izan zela aipatu dute konpartsakideek. Estibez Olak eman du azalpena: «Konpartsok ez genekien zer egin eta nola jokatu. Aste kultural bat egin genuen, eta bi urteko etenaldiaren ostean erronka handia izan zen berriz ere martxan hastea. Baina erantzuna oso-oso ona izan zen. Ikusi dugu Aste Nagusirako gogoa dagoela».

Konpartsako kide izanda sentitzen duena azaldu du Diez de Diegok. «Gizartearen parte sentitzen zara konpartsakide izanik, eta Algaran sentitzen duzu badagoela gizarte bat euskaraz bizi dena, eta hori Bilbon topatzea oso zaila da». Eta sentimendu hori zabaltzen jarraitzea da Algararen hurrengo urteetarako erronka.

«Gizartearen parte sentitzen zara konpartsakide izanik, eta Algaran sentitzen duzu badagoela gizarte bat euskaraz bizi dena, eta hori Bilbon topatzea oso zaila da»

KERMAN DIEZ DE DIEGOAlgarako konpartsakidea

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.