Hiru egunez Erdi Aroan

Seguraren aberastasunak erakusteko, 'Gure erroetan murgilduz' festa izango da

Segurarrak garai hartako erara jantzita. AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA.
Donostia
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Segura (Gipuzkoa) Erdi Aroan murgildu da. Herria dekoratuta dago, eta herritarrek ere soinean jantzi dituzte orduan erabiltzen ziren arropak. Erdi Aroko lanbideak ikus daitezke etxeko atarietan, eskuz eginiko gari-jotzea, zaldunak, trobadoreak, eskaleak, eta garai hartan girotutako ospital zein zaldiko-maldiko mitologikoa ere ez dira falta.

Zortzi urte igaro dira hamabi laguneko kuadrilla batek Erdi Aroko arropak jantzi, kalera irten, afari bat egin, eta kalejira bat egin zuenetik. Segurak dituen aberastasunak erakustea zuten helburu, eta modu erakargarri bat bilatu eta aurkitu zuten horretarako. Plaza Zaharreko Lagunak elkartea sortu zuten, eta ordutik azoka haiek antolatzen dute, nahiz eta egun udalaren laguntza beharrezkoa eduki hartu duen hedaduragatik. Inork ez zuen pentsatzen Goierriko udako ekitaldirik erakargarrienetakoa izango zenik. Izan ere, hedadura kultural eta turistiko garrantzitsua duen festa da, bi urtez behin ospatzen dena.

Erdi Aroan sartzeko egitaraua

Sua filmaren emanaldia atzo izan bazen ere, gaur geldituko da agerian Segura ez dela XXI. mendekoa. Horrela, 16:00etan atariak irekiko dituzte, noble eta txistulariekin. 21:00etan afari girotua izango da, Alurr dantza taldearen Izanak dirau 1512 emanaldiarekin. Bihar, 10:00etan, atari irekiera emango zaio berriz ere, eta erromesei ongietorria egingo zaie, 12:00etan. Ataria 19:00etan itxiko dute, eta ordura arte kale animazioa egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.