Hiru dimentsioak, ate joka

Martxoaren 25ean Nintendo 3DS kontsola eramangarri berria helduko da Europako saltokietara

Goiko pantailak sakonera isla dezake, betaurrekorik gabe. NINTENDO / BESTEAK.
Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Iazko E3 azokan aurkeztu zutenetik, zeresan handia eman du Nintendoren asmakizun berriak. Urteak dira hiru dimentsioetako irudietara ohitu garenetik, eta, dagoeneko, zinema aretoetan erabiltzeko betaurrekoak erosi ere egiten dira kruspetekin batera. Bestelako proposamena da, alabaina, Super Marioren sortzaileek plazaratu dutena: betaurrekorik gabe hiru dimentsioez gozatzeko bideokontsola.

Horixe eskainiko du martxoaren 25etik aurrera 3DS eramangarri berriak, egun horretan helduko baita Europako dendetara, 250 bat euroan, salneurria baieztatu ez badute ere. Kontsola berri hori gehien saldutako bideokontsolaren ondorengoa da: 145 milioi DS saldu ditu Nintendok.

Aurrekoaren itxura gogora ekarri arren, 3DS-k askoz aukera gehiago eta ahalmen handiagoak eskainiko ditu. Noski, sakontasuna islatzea izango du ezaugarri nagusia, eta irudien sakontasuna areagotu edo kendu ahal izango dela nabarmendu beharra dago. Goiko pantailak baino ez ditu ageri 3D irudiak, eta, horrez gain, 16:9 formatuan dago. Beheko pantailak —3,5 hazbetekoa— ukigarritasuna eskainiko du, kontsolaren stylus ziriarekin erabiltzeko. Multimedia aukerak ere zaindu ditu Nintendok 3DS eramangarrian: kamera horiekin, 3D argazkiak egin daitezke; musika entzun eta filmak ikusteko aukera ematen du, eta Interneten ibiltzeko gai da.

Nintendoren heroi ezagunekin batera —Mario eta Link, esaterako—, Resident Evil, PES, Metal Gear eta Street Fighter joko arrakastatsuen 3D bertsioak ikusi ahal izango dira eramangarriaren pantailetan.

Gamerland baieztatu dute

Nintendoren kontsola eta sektoreko gainerako berritasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da urte amaieran Gamerland bideo jokoen eta berrikuntzaren bigarren azokan, Barakaldoko BECen. Erakustazokakoek baieztatu dutenez, azaroaren 10etik 13ra irekiko dute azoka, eta Euskal Herriko enpresek leku handiagoa izango dute. Blue Pad enpresak antolatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.