Rose of Dolls. Websailen sortzailea eta Seriesland jaialdiko zuzendaria

«Hiru aldiz diru gehiagorekin egiten dira orain websailak»

Euskarazko lehen 'slasher'-a (beldurrezko azpigeneroa) eta 'Otsoen lurraldean' websailaren bigarren denboraldia estreinatu ditu Rose of Dollsek, Seriesland jaialdian.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gidoilaria, aktorea eta ekoizlea da Rose of Dolls (Madril, 1989). Bilboko Seriesland jaialdia sortu zuen duela bost urte, Oliver Mendekin batera. Larunbatean amaituko da jaialdia, sariak banatuta.

Zer moduz joan zen asteartean Zure txanda da websailaren estreinaldia?

Estreinaldia zoragarri joan zen; ikusleek barre asko egin zuten Zure txanda da-rekin. Ikusleak kateatuta gelditu ziren, hiltzailea nor ote den galdezka.

Nola sortu zitzaizuen slasher bat egiteko ideia?

Beldurrezko zinema eta 1980ko hamarkada oso gogokoak ditugu Oliver Mendek eta biok. Beldurrezko film kaskar bat ikusten ari ginela, joko bat sortzea pentsatu genuen. Neska-mutil batzuk uharte batera iritsiko dira, euskara ikastera. Zure txanda da jokoarekin arituko dira, elkar ezagutzeko.

Zure txanda da-n beldurrezko zinemako klasikoei omenaldia egin nahi diezue. Ikusleek argi ikusiko dituzte keinuak ala sotilak izango dira?

Keinu batzuk argiak dira: adibidez, Psicosis-en tankerako hilketa bat dago. Websailaren hasieraHelloween filmaren eszena batetik hartua dago. Baina beste keinu batzuk sotilagoak dira.

Barnetegi batean dago girotuta istorioa. Euskal Herritik kanpoko ikusleek ulertuko al dute?

Uste dut baietz. Ideia zen zenbait gazte toki bakartu batean biltzea. Euskal Herrian, barnetegi bat oso egokia da hori adierazteko. Zorte handia izan genuen Gasteizko Film Comission-ek lagundu zigulako: Zuhatzako uhartea gomendatu zigun, eta toki zoragarria izan da istorioa filmatzeko. Ekoizpenerako ez zen hain samurra izan, txalupari batek eraman behar gintuelako bertara. Eromena izan zen, baina magikoa.

Urtarriletik aurrera Seeka TV plataforman ikusi ahalko da Zure txanda da. Beste nonbait?

Otsoen lurraldean ere bertan dugu jarria. Ez du esklusibotasuna eskatzen, eta oso ongi funtzionatzen du. Saiatzen ari gara EITBk bere webgunean jar dezan.

Otsoen lurraldean-en bigarren denboraldian zer aldatu duzue?

Aurrenekoak fokua Hodei emakumezko pertsonaian jartzen zuen. Bigarrenean, berriz, ikusleek hobeto ezagutuko dute Tartalo. Gaur bertan [atzo] jakin dugu hirugarren denboraldia egingo dugula, pozez zoratzen gaude.

Websailak asko bidaiatu du.

Bai, oso harrituta gaude. Bederatzi sari jaso ditugu jada, eta munduko jaialdien zerrenda batean hirugarren tokian gaude.

Hainbat jaialditako zuzendariak etorri dira Bilbora. Zer esaten dizute websailen sektoreaz?

Komentatzen dute herrialde batzuk punta-puntan daudela: Kanada, Australia eta Hego Korea. Gero eta enpresa gehiago daude sektorean murgilduta.

Alemaniako Die Seriale jaialdiarekin batera Dima azoka digitalaren lehen pausoak eman zenituzten iaz. Nola doa proiektua?

Oniritzia eta diru laguntza batzuk jaso ditugu, eta urte honen amaieran plataforma digitala martxan hasiko da.

Aurten Serieslandeko sari nagusia showrunner (gidoilari nagusia eta ekoizle eragilea) bati emango diozue. Zergatik?

Sortzailea saritu nahi dugu, websaila hutsetik sortzen borrokatzen aritu denari. Telebistan eta zineman langile batek lan jakin bat egiten du, baina websailetan lan asko egiten ditu aldi berean.

Zer aldatu da lehen jaialditik aurtengora?

Datuak eskuan ditudala, egunaurkezten diren ekoizpenak duela bost urte baino ia hiru aldiz diru gehiagorekin egiten dira. 40.000-50.000 euro inguruko aurrekontuak dituzte websailek, denboraldi bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.