ATZEKOZ AURRERA. Lauren Etxepare. Arkitektura ikerlaria eta irakaslea

«Hiriart artista handia da ateak egiten»

Joseph Hiriart 'art déco' arkitektura estiloaren «maisuak» obra adierazgarriak eraiki zituen hala Euskal Herrian nola Tunisen. Lauren Etxeparek denak bildu ditu liburu argitaratu berrian.

JON URBE / FOKU.
Ainize Madariaga
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Eraikuntzen funtzio hutsaz harago, artearen arteak dotorezia ekartzen dion puntu historiko horretaz idatzi berri du Lauren Etxeparek (Irun, Gipuzkoa, 1972): Joseph Hiriart, Art Déco-aren maisu. Arkitektura-bidaia Lapurditik Tunisera (1925-1936) (EHU, 2020). Arkitektoak eta idazleak elkar topo egin dute pasioaren bidegurutzean.

Nola egin zenuen topo Joseph Hiriartekin?

Aspaldi gogoa nuen Joseph Hiriarten gainean ikertzeko. Egia erran, enbeia ernatu zitzaidan duela hogei urte, Hiriartek eraiki zuen Leihorra etxea ezagutu nuenean Ziburun [Lapurdi]. Baina, geroztik, Valerie Lannes Nouelek atera zuen Hiriarten gaineko liburua; amorratua nintzen! Baina hari mutur bat ikusi nuen: Euskal Herriko obrak landu zituen; haatik, Tunisiako lanez bi orri bakarrik zeuzkan. Beraz, pentsatu nuen: «Euskal Herrikoak jadanik landuak badira, nik Tunisiakoez idatziko dut».

Lehen Tokia (1925) etxeak neo-basque estilotik ez dirudi hain urrun. Aldiz, urte bereko La maitrise pabiloiak eta gainerakoek ez dute zerikusirik.

Garai hartako arkitektoak trebeak ziren estilo ezberdinak konbinatzen. Marrazkilari trebeak ziren, funtsean; marrazkian dira oinarriturik. Hala, ez da hain harritzekoa euskal estiloa eta art déco konbinatzea, zeina ez baita estilo akademikoa. Aparteko estiloa da; malgua eta askotarikoa, arau irmorik gabekoa.

Erran daiteke art nouveau-k kutsu popularra duela eta art déco-k, ordea, diruduna?

Oro har, erran daiteke art déco ez dela ekonomia bilatzen duena. I. Mundu Gerra bukatu berritan, ekonomia berpizten ari zen. Art déco-k biltzen ditu dauden artisaurik hoberenak. Ez dute obra industrialik egiten: harribitxiekin aritzea bezalakoa da. Dotorezia dute helburu. Beti luxuzkoa ez bada ere, oro har, aberatsentzako arkitektura da.

Nolakoa da Art déco?

Art déco-k haustura ekarri zuen art nouveau-rekin. Izaera geometrikoa du, depuratuagoa da, modernoagoa, eta artista eta material hoberenekin lan egiten dute. Horregatik, estilo garestia da. Frantziaren estiloa bilakatu zen munduan barrena; gero, pindarrak barreiatzen dira.

Zerk du egiten obra bat Joseph Hiriartena ?

Hiriartekin batera, garai hartako artisau hoberenak aritu ziren lanean: Maumejen eta Jacques Gruber beiragileak, Jean Schwarz eta Gilbert Poillerat burdingileak, Edouard Cazaux zeramikagilea...

Eraikina zenbat eta handiago, detaileak ere handiagoak; eraikina tipiagoa, orduan eta detaile gehiago.Leihorra edo Uztaritzeko seminarioaren artean bada aldea zentzu horretan, nahiz bietan baden dotorezia hori. Hazparneko [Lapurdi] kapera, adibidez, izugarria da.

Zer dute komuna Hiriarten obrek?

Batetik, beiratea oso elementu garrantzitsua da haren lanean. Bestetik, ateak egiten artista handia da, maisua: beti oso altuak egiten ditu. Badirudi transzendentzia nahikeria bat duela.

Zergatik zen joan Tunisiarat?

1925-26ko hazkundearen ostean, ekonomia tipitzen hasi zen. Hiriartek kide eta merkatu berriak bilatu zituen Frantziaren kolonietan, han sekulako merkatua zelako. Hala, Jean Marcel Seignouret arkitektoarekin juntatu zen Tunisen, eta hamar urtez egon zen han.

Zer ekarpen egin zuen Afrikan?

Etxebizitzak egin zituen, baina ez familia bakarrentzako, baizik eta kolektiboak. Berria zen hori harentzat, Euskal Herrian eginikoak familia bakarrarentzakoak baitziren. Han blokeak eraiki zituen, hiri europarraren erdigunean, oso bereziak. Carnot lizeoaren zabalpena ere egin zuen: funtzioa oso ezberdina zen. Ate bertikal, estu eta altu bat du, izugarria: egia esan, uste dut pasatu egin zela! Eskola berez Valensik zuen egina, baina luzapena egitea Hiriarti eskatu zioten. Hain da atea handia, non itzala egiten baitio Valensik hogei urte lehenago egindakoari!

Hiriart frantsesen art déco estiloaren enbaxadore gisa joan zen hara?

Bai: euskalduna bazen ere, I. Mundu Gerra oso garrantzitsua izan zen Frantziako nazionalismoarentzat. Hiriart frantsesa da identitatez. Mundu kolonialean oso ongi kokatua da. Mundu musulmanera misio tokira doa, katolizismoaren alde. Frantziaren lengoaiaren ikurretako bat izan da Hiriart.

Zein dira haren obra adierazgarrienak?

Leihorra goi mailako harribitxi bat da, Hazparneko kapera den bezala. Tunisen, Assurances Generalesen eraikuntzan berrikuntza teknologikoak aplikatzen ditu: betoi armatua, isolamendu akustikoa, hormen iragazgaiztea... Elementu arabiarrak ere ezarri zizkion; horretan datza art déco: malgua, kontrastez betea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.