Txupinazo egunetik kaleak girotzen dabiltza Donostiako erraldoi eta buruhandiak hiriko kaleetan barrena. Donostiako Aste Nagusia izaten da haien ekinaldi nagusia, eta, aurten, urtemuga ere badute: Donostiako erraldoi eta buruhandiek 40 urte bete dituzte, eta Itzurun konpartsak, 25. Horren harira, Borja Muñozek (Madril, 1985), Itzurun konpartsako presidenteak, liburu bat idatzi du: Donostiako erraldoiak eta buruhandiak - Bidaia denboran zehar. Liburuaren diru sarrerak haurren gaixotasunetarako izango direla adierazi du. «Azkenean, ni ez naiz horretaz biziko, baina lagundu badezaket okerrago pasatzen dutenak hobeto bizi daitezen, hobe denontzat».
Zertan oinarritu zara liburua idaztean? Zer aurkitu daiteke bertan?
Donostiako erraldoien historiari buruz ikertzen aritu naiz. Horretarako, XVII. mendetik hasi naiz, konpartsa bost etapatan banatzen. Eskuratutako hainbat datutan eta bizipenetan ere oinarritu naiz; horietako asko konpartsari eta udalari esker lortu ditut. Irakurleak gure historia nolakoa izan den aurkituko du modu atsegin batean, oso historia bitxia eta izugarria da. Publiko guztiarentzat da; gehienbat publiko helduarentzat da, baina, aldi berean, txikienentzat ere bada. Haurrek liburuan beren lekua aurkitzea nahi dugu.
Urtemugak ospatzeko antolatu duzue zerbait?
Bai. Aurten, bi dantza berri ikasi ditugu, eta, astelehenean, beste bi erraldoi talderekin elkartu ginen. Gainera, oso agur berezia izango dugu larunbatean Zuloagan, eta, gero, liburua noski. Liburuari esker, gauzak ez galtzea eta erreferentzia moduan izatea gustatuko litzaiguke.
Suekin batera, Donostiako Aste Nagusian erraldoiak eta buruhandiak ikur identifikagarriak dira?
Zalantzarik gabe. Suak leku askotan aurkitzen dituzu, baina erraldoi eta buruhandiekin sortzen dugun magia ez da leku askotan sortzen. Egun hauetan bizitzen ari garena zirraragarria da. Gogoratzen dut duela hogei urte inork ez zekiela erraldoi eta buruhandien izenik. Gaur egun, ordea, hasi dira haurrak bere izenez edo ezarritako ezizenez deitzen. Hiriaren identifikazio bilakatu dira erraldoi eta buruhandiak.
Duela 40 urteko buruhandi eta erraldoi berberak daude egun?
Erraldoien duela 40 urteko esentzia mantentzea lortu dugu, baina buruhandien kasuan, ez. 1982an, lehen erraldoiekin atera ziren buruhandiak ez zeuden korrika egiteko prest. Orduan, konpondu egin ziren gaur egun ditugunak lortzeko, egitura egonkor batekin. Orain, tradizioari eutsi nahi diogu, Iruñeko konpartsek bezala.
Konpartsako kide eta buru izanda, sekula eraman dituzu erraldoi edo buruhandiak?
Bai. Zazpi urtez buruhandi bat eraman nuen, eta, orain, hamabost urte daramatzat erraldoi bat eramaten. Oso gustura izan nintzen buruhandi, baina, txikitatik, nire ametsa erraldoi bat eramatea izan da.
Zer dute erraldoi eta buruhandiek, hunkitu eta beldurtzeko?
Horren figura handiek emozioak sortzea magikoa da. Erraldoi gisa, leihatilatik helduak haurtzarora itzultzen direla ikusten dut. Buruhandiekin, ordea, haur batzuk asko izutzen dira, eta, batzuetan, hori irribarre bat bihurtzen da, baina beti ez da horrela. Nik umetan buruhandiei beldur handia nien, eta nire egunik onena erraldoiak eta buruhandiak ibilbide ezberdinetatik ibili zirenean izan zen. Erraldoiekiko, ordea, miresmena izan dut txikitatik.
Erraldoi eta buruhandien konpartsak osasuntsu mantentzen dira?
1982an hirian erraldoiak eta buruhandiak atera zirenean, Gipuzkoako herrietan sortzeko bultzada handia izan zen. Egun, gure kasuan bi urteko etenaldiaren ondoren, antolaketa zorrotza izan dugu, egun guztietarako 192 hutsune bete behar izan ditut; zoramen hutsa izan da. Inguruko herri batzuetan egoera larriagoa da; hau, azkenean, boladaka doa. Nik konfiantza handia daukat umeengan, hau ez da sekula galduko. Egun, jostailuzko erraldoiekin eta guzti jolasten dute.
Bizi izandako historia «bitxia eta izugarria» da. Zergatik?
1982tik gutxi gorabehera, ugari egon direlako. Hasieran, San Joan egunean ateratzea zen asmoa, baina ez zen egun horretan atera. Gero, soilik Donostiako Aste Nagusirako uztea erabaki zen, eta, lehen aldi horretan, buruhandiak korrika egiteko prest ez zeudenez, apurtu egin ziren. Orduan, berriak egin behar izan ziren. Ondoren, gain behera hasi zen 1989an, eta, Salbea iritsi zenean, bertako iskanbilan sartu ginen konpartsak kaleak alaitzeko asmotan; ordutik, Donostiako jaietan kaleak alaitzen jarraitzen dugu.