ATZEKOZ AURRERA

Hiriaren antipostalak

Euskadiko Arkitektura Institutuak 'Hiru hiri' izeneko erakusketa ondu du. Hiru argazkilariren begiradak dira, alor anitzetako hainbat sortzailek postal formatuan, eskuz eta idatziz emanak.

Joan den ostegunetik dago irekita erakusketa, Donostian. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
«Denok gorrotatu beharko genuke dorre hau, eta maite dugu seme-alaba itsusi bat maite dugun gisara». Egin ariketa. Hartu geroz eta estandarizatuagoa den hiri hori, eta aztertu zerk eraikitzen duen haren benetako izaera. Aldatu begirada. Zerk bihurtzen du hiri bat norberaren hiri. Idatzi postalezko hiriari antipostal bat. Egin joko bat. Arkitekturaren, literaturaren, artearen eta zientziaren arteko joko bat. Argazkilariek jarri dute begirada, eta alor anitzetako hainbat sortzailek idatzi dute postala. Antipostala. Donostiako Atotxako dorrearen argazkia Jon Cazenaverena da, eta hitzak Ander Izagirre kazetari eta idazlearenak. Ezin hobeto jasotzen dute Hiru hiri izeneko erakusketaren funtsa.

Euskadiko Arkitektura Institutak ondu du erakusketa, eta Donostiako Parte Zaharrean duen egoitzan paratu. Oskar Alegria, Jon Cazenave eta Aitor Ortiz argazkilariek Bilbori, Donostiari eta Gasteizi ateratako argazkiak dira, postal formatuan emanak. Hiru horien begiradek egin dute hirietan galbahe bat, eta beste hainbat sortzailek egin dute bereizitako aleekin idatzizko gogoeta bat. Rafael Moneok arkitekturatik, Karmele Jaiok, Bernardo Atxagak eta Harkaitz Canok literaturatik, Esther Ferrerrek artetik, Maialen Lujanbiok bertsolaritzatik, Ruper Ordorikak musikatik, Pedro Miguel Etxenikek eta Enrique Zuazuak zientziatik. 30 sortzaileren postalak daude jarrita.

Postaletako irudirik ez

«Hiriak geroz eta berdinagoak diren garai honetan, egokia da hausnartzea zerk egiten dituen bakarrak pertsonen egunerokoan. Hiru hiri erakusketak postal formatoa erabiltzen du, tradizionalki postaletan erakutsi den irudi hori gainditzeko», azaldu du Jose Angel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak. Dioenez, erakusketak hirietako «txokoei» eman nahi die garrantzia, turismoak irudikatutako markoetatik «ihes» egiten duten elementuei, herritarrentzat «bereizgarriak» diren horiei: «Alde batera uzten ditu oroigarri dendek koloreztatzen dituzten ikonoak». Aitor Ortiz argazkilariak ere hala dio: «Argazkiek ez dute deskribapen itxirik nahi, elkarrizketa bat sortu nahi dute horiek ikusten dituztenen artean». Jon Cazenaveren ustez, arkitekturak nola «osatzen» gaituen aztertzeko balio du lanak: «Gure hiria nola eraikitzen den pentsatzeko ariketa izan da, eraikinek eta eraikitzeko moduek gure gizartean edo pertsonengan nola eragin duten aztertzeko lana».

Valery, Alberto, eta hodeiak

Sortzaile bakoitzak bere erara atondu du postala. Bada izen-abizenak eta helbidea jarrita bidali duenik, bada hausnarketarako eta poesiarako baliatu duenik. Valeryri idatzi dio Harkaitz Canok: «Valery maitea: Zorionekoak zuek, hildakoak; ez duzu erabakirik hartu behar. Arrazoi zenuen: 'Il faut entrer en soi-même armé jusqu'aux dents!'. Baina hiri guztiek dute halako toki bat zirt ala zart egiteko aproposa... Topatu dut, azkenik, hiriak hortzak estutzen dituen lekua. Besarkada batez...». Donostiakoa da argazkia. Horma berezi batena.

Ruper Ordorikak Gasteizko argazki bat bihurtu du postal. Mertzeria zahar bat ageri da. Albertori idatzi dio: «Kaixo Alberto! Zelan zabiltz? Gogoratuko duzu, bai, Correko mertzeria hura, dendari biak lehor-lehorrak, beren bata urdinekin... Urte askotan ibili ginen 131.ko entsaio lekuan, polizia kuartel aurrean, gaur egun Musika Eskola dena: Progresoa! Ea ba aurki alta jasotzen duzun, baditut eta kantu bi zure zain. Nikoren erara diotsut agur: Besarkatzen hait, adixkide. Ruper».

Karmele Jaiok Gasteizko zerura begiratu du: «Azkenaldian ez dugu hainbeste hegazkin entzuten hemendik. Agian azkenean erabaki duzue ez zuela merezi abiadura horretan bizitzea. Zorionak. Aspaldi esan nahi genizuen ez dela ona zeruari begira egoteko astirik gabe bizitzea, bizitzaren erritmoa ez dela hegazkinena, hodeiena baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.