PROPOSAMENAK

Hiria suntsitu, memoria eraiki

Oroitzapeneko desfilea eta minutu bateko isilunea egingo dituzte, besteak beste, Donostian, 1813ko abuztuaren 31 gogora ekartzeko. Berrikuntzen artean, film labur bat ere egin dute

Donostiako hainbat elkarte, Parte Zaharrean, desfilea eta danborrada egiten. IRUTXULOKO HITZA.
Iraia Irazusta Mujika.
Donostia
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Donostiarrak kalera aterako dira beste urte batez abuztuaren 31n, 1813an hiria erre eta suntsitu zutela gogora ekartzeko. Jose Maria Leclercq Donostia 31 kultur taldeko presidentearen eta Iñigo Martinez Kañoyetan elkarteko ordezkariaren esanetan, eguneko une garrantzitsuena Bulebarrean egingo den minutu bateko isilunea izango da, baita ondoren joko duten San Sebastian martxa ere.

Atzo aurkeztu zituzten abuztuaren 31n egingo diren ekitaldiak bi elkarteetako kideek, Donostiako alkatearekin batera. Iñigo Aristegi eskultorea ere han izan zen.

Izan ere, berrikuntzen artean, batetik, Utzidazu kontatzen eskultura dago aurten, Iñigo Aristegi eskultoreak berak egindakoa. Bestetik, urtarrilean egingo den Bretxa izeneko musikala ere bai, Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu zuenez.

Aristegik Donostiako txokoak berriz ere ezagutu eta «elkarrizketara eta hausnarketara bultzatuko duen» eskultura aurkeztu zuen. Harekin, espazio eta denbora jakin bat irudikatu nahi izan du: 1813ko abuztuaren 31ko 13:15.

Hilaren 31n, ekitaldi nagusiak arratsalde-iluntze partean izango dira. 17:00etatik aurrera, Parte Zaharreko hainbat elkartek eta antzerki talde historikok parte hartuko duten oroitzapeneko desfilea abiatuko da Zuloagatik.Egunaren azkenean, 21:30ean, kanpai hotsak entzungo dira hiriko hainbat elizatan, eta Abuztuaren 31 kalean, argiak itzali eta kandelak piztuko dituzte. Suzirien argitan, zeremonia paseoa egingo dute.

Emakumea eta gerra

Hala ere, 11:30ean hasiko da eguneko egitaraua, San Bizente elizan, 1813ko abuztuaren 31n erori zirenen omenez egingo den mezarekin. 12:45ean, udal agintariek, Parte Zaharreko danborradetako ordezkaritza batekin batera, lore eskaintza egingo dute Itsasoko Atean.

Aurtengo berrikuntzei Naia Artzamendi zuzendariaren Sutan izeneko film laburraren proiekzioa gehitu zaie. 31n bertan erakutsiko dute, 19:00etan, San Jeronimo aretoan.

Proiekzioaren ondoren, mahai inguru bat egingo dute. Horretarako, Izaskun Arandia zinemagilearen laguntza izango du zuzendariak, emakumeak gerran jokatu duten rola aztertzeko eta iritziak partekatzeko.

Filma egiteko, 1813koondorioak bizi izan zituzten 77 gizonen eta bi emakumeren lekukotasunetan oinarritu da Artzamendi. «Benetakoa izan zitekeen fikziozko testigantza bat» sortu du zuzendariak. Naroa Migel aktorea da protagonista: «Gerra bizi izan zuen emakume bat antzeztu dut. Elkarrizketetan, ohartu ginen beldurra zela emakumearen ezaugarri nagusia, eta gai hori ardatz hartuta egin da film laburra».

Egun osoko egitarauaz gain, gaurtik hilaren 30era, hainbat ekitaldi egingo dira San Jeronimo hitzaldi aretoan. Besteak beste, azalpen panelak izango dituen erakusketa bat, Bretxa musikalaren aurkezpena eta Donostia sutearen aurretik filma eta hitzaldiak.

Abuztuaren 31ko ekitaldia

Abuztuaren 31n, 11:30etik aurrera, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.