Donostiako Intxaurrondo auzoaren alde berrian etxebizitza eraikin ugari daude. Horietatik pasatu osteko biribilgunea ondo ezagutzen dute Garbera merkataritza gunera joaten direnek. Biribilgunean beste bide bat hartuta, Egia auzoa hasten da. Lauaizeta institutua dago hortxe, Polloeko hilerriaren alboan. Aurreraxeago joanda, etxe ugari. Institutu alboko bidetik joaten dena, akaso, ez da ohartuko, baina baserri bat dago hortxe bertan. Etxetxo du izena. Zuhaitz handi baten itzalak eta txakur zaindariaren zaunkak egiten diote ongietorria bisitariari. Ate leihoduna jo, eta Joxerra Mikeok ireki du; han bizi da bere familiarekin. Han bizi izan da bere familia beti, Egia baserriz jositako hegia zenetik. Hiriak auzoa jan duen arren, hiria bere etxeko atarira iritsi den arren, baserritik bizi da, eta ez da bakarra.
Euskal Herria baserriz josita egon da duela ez asko arte, eta, gaur egun oraindik baserritarrez lepo dagoen arren, gero eta gutxiago dira. Gehienak herrietan bizi dira. Horregatik, askok uste dute hirietan kaletarrak baino ez daudela, baina ez da hala. Hiriak lurrak jan eta baserriak bota dizkie askori, baina batzuk oraindik baserrietan bizi dira, eta haietan egiten dute lan. Baionan bada bat behintzat, Gasteizen ere badaude landetxe dezente eta Bilboko Arbolantxa auzoak oraindik eusten dio garai bateko Bilbo haren esentziari. Baina baserri gehien dituen euskal hiria, nabarmen, Donostia da.
XIX. mendean mila baserri inguru izan ziren Gipuzkoako hiriburuan, garai hartako kronikarien arabera —Josu Tellabide historialariak xehe-xehe ikertu ditu—. Gaur egun gutxi batzuk geratzen dira. Gehienak Igeldon, Altzan eta Zubietan daude, baina beste auzo batzuetan ere geratzen dira batzuk: Ibaetan, Egian... Amarako azken baserria, Txanpuene, duela urte oso gutxi eraitsi zuten, luxuzko etxebizitzak eraikitzeko.
«Historikoki baserritarren plaza izan dena ezabatu nahi dute. Bretxa ezin da hori gabe ulertu, baina guk hor enbarazu egiten dugu»
KONTXI ZINKUNEGIBaserritarra
Mikeok bere etxearen ingurua zenbat aldatu den ikusi du: «Gu beti izan gara Donostiakoak, Donostian gaude eta. Hala ere, lehen, baserria aparteago geratzen zen. Guk alde hau dena [Intxaurrondo berria] egin gabe ezagutu dugu. Dena baratzeak eta baserriak ziren. Behealdea ere [Egiako kaleko etxeak] urrutiago zegoen. Ez zeuden hainbeste etxe. Aparteago ginen, baina orain bilduago geratu gara, hiriaren barrenean».
Erabat baserrira
Mikeok telebistako kamerari gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala —«ETBrentzat lan asko egin dut, ekoiztetxe bat eduki nuen...»—, baina etxean ikusitako ofizioari heldu zion geroago: baserriko lanei. Bere familiako hiru belaunaldi aritu dira Donostiako Erdialdeko San Martin merkatuan barazkiak saltzen, eta berak ere laguntzen zien. Merkatuko postua utzi zutenean, baratzeari eutsi zion Mikeok: «Aitor ikastolako guraso batzuk hasi ziren barazkiak ekartzeko eskatzen. Egian kontsumo talde bat egiteko aukera sortu zen, eta ekoizle gisa hasi nintzen. Oraindik ere banabil. Gutxinaka-gutxinaka, ikastolako guraso horiekin hasita, taldea sortu zen, eta erabat horretara aritzen naiz, beste lanbidea utzita».
Egian dituen lurretan, gertuko baserritar batek uzten dizkionetan eta Astigarragan (Gipuzkoa) duen berotegian «egiten» ditu barazkiak. Ongarritarako baliatzen duen simaurra Aitor Zapiraini erosten dio. Bordaxar baserrian bizi da; Errenteriako (Gipuzkoa) lurretan dagoen arren, Altzako baserriak ditu inguruan, eta harako joera dute. «Azken 40-50 urteetan, hormigoia gero eta gehiago ari da baserri ingurunea irensten: poligonoak eta dena. Guk lehenagoko bizimoduari eusten diogu. Lehenago gehiengoa ginen ingurune honetan, eta orain, azken mohikanoak gara. Erresistentzia», azaldu du Zapirainek.

30 urte ere ez ditu oraindik, eta ehun behitik gora ditu bere kargu. Esnea eta jogurtak saltzea du bizibide. Baserriko esne freskoa Donostiako Easo eta Irun plazetan dituen makina banatan saltzen ditu, eta Kaikuri ere saltzen dio; hala egin dute Bordaxarrekoek Zapirainen aitonaren garaitik. «Txikitatik asko gozatu dut baserrian. Aitarekin traktorean ibiltzen nintzen, belarretan eta edozer gauzatan. Txikitatik gozatu izan dut, eta behiekin eta animaliekin ere bai. Eguneroko bizitza hau asko gustatzen zitzaidan, eta txikitan esaten nuen handitan pilotaria edo baserritarra izan nahi nuela. Baldar samarrak atera gara, eta baserritar», esan du barrez.
Edonola ere, irakasle ikasketak egindakoa da, baina, baserriak gehiago asetzen zuela ikusita, aitari hartu zion lekukoa unibertsitateko ikasketak bukatu eta gutxira. Bizimodua ateratzeko era ematen diote behiek, baina patxadarako aukera gutxi ere bai: «Kapitalismoak agindu digu ahalik eta gehien atera behar dela. Aukera baldin badago, are eta etekin handiagoa. Izan ere, gure ongizateari begiratu ordez, ekonomiari begiratu izan zaio. Produktibitatea haziz joan da ekonomikoki hobeto egoteko ustean. Produktibitatea handiagoa zenez, produktuen prezioa jaitsi egin da. Prezioa jaitsi denean, ordu gehiago sartu behar ditugu errentagarria izateko. Gurpil bat da, eta kalte egiten digu, ezin baitugu ia arnasarik ere hartu. Horren zaila denez industriaren kontra indarra egitea, salduta gaude baserritar txikiak».
«Aitor ikastolako guraso batzuk hasi ziren barazkiak ekartzeko eskatzen. Egian kontsumo talde bat egiteko aukera sortu zen, eta ekoizle gisa hasi nintzen»
JOXERRA MIKEOBaserritarra
Baserriarekiko grina daukan arren, pesimista samar dagoela aitortu du: «Ez dago erreleborik; erretiroa hartzera doazen baserritarren seme-alaba gehienek ez dute baserrian segitu nahi. Gutxi batzuek bai, hala nahi dutelako jarraituko dute, nahiz eta gogorra izan».
Baserritik kalera
Zapirainen moduan, Jone Irizarrek ere heldu dio baserriaren lekukoari. Ibaetako Muno baserriko alaba da, eta haren familia gutxienez XVIII. mendetik aritu da barazkiak saltzen. Irizarrek Euskadi Irratian egin zuen lan, Bartzelonan ere bai, eta 2020ko uztailean Muno baserria izeneko denda zabaldu zuen Groseko Nafarroa Beherea plazan. «Sasoiaren araberako barazkiak dauzkagu: porrua, letxuga, tomatea... Gustatzen zaigu gauza bereziagoak ere izatea: udan txileak jartzen ditugu, koloretako azaloreak, romaneskoak... Jendea aspertu egiten da beti gauza berdinekin, eta gauza berriak ekartzen saiatzen gara». Bordaxarreko jogurtak ere saltzen ditu, nola ez.

Bost urte daramatza dendan, baina baserriko produktuak saltzen hasi, lehenago hasi zen. Hala azaldu du haren amak, Kontxi Zinkunegik: «10 urterekin hasi zen niri Bretxan laguntzen. Astegunetan ikastolara, eta larunbatetan azokara ekartzen nuen. Jolasa zen, baina hantxe. Larunbatero hantxe».
Zinkunegi 1980ko hamarkadatik egunero joan da Donostiako Bretxako merkatura Muno baserriko barazkiak saltzera; leku berera joan dira Muno baserrikoak, gutxienez, Zinkunegiren senarraren birramonaren garaitik. 1936ko gerra aurretik, alegia.
«Hemen ez dago baratze handi bat: ez da dena traktoreekin egiten eta ez dago hodiz sulfatatua. Hemen baserritarra dago, bere aitzurrarekin gauzak egiten»
JONE IRIZARBaserritarra
Donostian baserritarrek plaza bat baldin badute, hori Bretxa da. Merkatuaren bi eraikin nagusien arteko plaza osoa izan da beraiena urte luzez, baina gutxituz joan da lekua, eta gutxituz joan dira baserritarrak. Gaur egun hamalau daude, eta ingurukoak dira gehienak: Donostiakoak, Hernanikoak, Astigarragakoak...
Gaur egun Arrandegiaren eraikinaren aurrean egoten dira, estalki batzuen azpian. Orain eraikinaren barrura eraman nahi ditu Donostiako Udalak, Zinkunegik salatu duenez: «Etorkizuna iluna baino beltzago ikusten dut. Bretxan betidanik egon gara baserritarrak, eta, orain, hura kendu nahi digute, eta hortik bidali. Nora? Barrura, ezkutura. Nahi ez duena, etxera. Ez dago besterik. Hauteskunde garaian denak etortzen dira, eta baserritarrei laguntzen dietela esaten dute. Baina behar den garaian bizkarra ematen dizute. Ez hori bakarrik: ezkutatu egin nahi dute, eta betikoa izan den lokala, beraiek jaio baino askoz lehenagotik izan den gauza bat ezabatu. Historikoki baserritarren plaza izan dena ezabatu nahi dute. Bretxa ezin da hori gabe ulertu, baina guk hor enbarazu egiten dugu».

Ogibide hori desagertzeko arriskua ikusten du Zinkunegik, eta Bretxaren kanpoaldean segitu ahal izatea da haren ustez bizirik irauteko aukera: «Kanpoan egon behar du, jendearen aurrean, jendea joateko eta erosteko. Gure aurrekoek esaten zuten eremu hori baserritarrentzat dohaintzan emana izan zela».
Hotza, soroan
Udalak azaldu izan du Arrandegiaren eraikin barruan kanpoan baino epelago egongo direla baserritarrak: «Hotz handiagoa pasatzen dugu etxean. Arratsaldean euria, kazkabarra edo elurra izan, sorora joan behar duzu. Jeneroa atera behar duzu, eta gero txabolan ur hotzetan garbitu. Han hotz handiagoa pasatzen duzu, ez Bretxan. Hor ez da inor gogoratzen gutaz».
Baserritarren garrantzia nabarmendu du Irizarrek: «Garaian garaikoa zer den ikasten duzu. Hiriari edo herriari laguntzen diozu, eta dirua bertan geratzen da, ez da joaten Txinara edo Murtziara [Espainia]. Ekosistema zaintzen laguntzen duzu. Hemen ez dago baratze handi bat: ez da dena traktoreekin egiten eta ez dago hodiz sulfatatua. Hemen baserritarra dago, bere aitzurrarekin gauzak egiten. Hemen ez daude zenbait hektareatako baratzeak; horrek asko kutsatzen du. Hemen txikiagoa da dena, eta inguruko guztiari laguntzen diozu».
«Prezioa jaitsi denean, ordu gehiago sartu behar ditugu errentagarria izateko. Gurpil bat da, eta kalte egiten digu, ezin baitugu ia arnasarik ere hartu»
AITOR ZAPIRAINBaserritarra
Izan ere, ez dago bertako barazkiak jaterik sasoikoak ez badira. Hori barneratzea kostatu zaie kaletar batzuei, Irizarren esanetan: «Kopuru gutxiagotan eskatzen dizkigute barazkiak, eta sasoikoak ez direnak. ‘Nik orain lekak nahi ditut’. ‘Ez da, ba, leka garaia’. ‘Ja, baina orain lekak nahi ditut’. Lehenago hori ez zen egiten. Jendea erostera joaten zen, eta galdetzen zuen zer dagoen. Jendeak garaian garaikoa eta gertukoa nahi du, baina lekak nahi ditu».
Hori ere nabaritu du Mikeok Egiako kontsumo taldean; astelehenero egiten dute banaketa. «Lehenago sortatan saltzen genituen barazkiak, eta orain kilotan». Zer esanik ez, Zinkunegik Bretxan: «Nik porruak hirunaka jartzen ditut, eta batek bakarra eskatu zidan. Ezetz esan nion: hurrengoan erdia baino ez dit eskatuko».