Hiria baldintzatu du jokoak

Bideojokoek eragina dute espazioak sortzeko eta erabiltzeko moduan, eta horietaz hausnartzeko baliabideak ere eskain ditzakete. Harreman horren inguruko erakusketa bat antolatu dute Euskadiko Arkitektura Institutuan, Donostian.

'Cyberpunk 2077' bideojokoko metroa. LEO SANG
'Cyberpunk 2077' bideojokoko metroa. LEO SANG
amaia igartua aristondo
2024ko azaroaren 6a
05:00
Entzun

Eremu zabal bat dago haren aurrean, gorriz blaitutako ingurune bat, muinoren bat ostertzean. Erabaki du norabidea, eta badoa, mantso —galarazita dauka korrika egitea—, helbururik gabe, paisaia une oro gorri horretan murgilduta. Marten dago; Marte birtual batean, zehazki, baina, hala ere, planeta errealarenak dira hura inguratzen duten formak, koloreak, soinuak eta testurak. NASAk eta ESA Europako Espazio Agentziak ikusgai jartzen dituzte beren zundek eta sateliteek planeta gorriaz harrapatzen dituzten ikus-entzunezko materialak, eta eduki hori baliatu du Pablo Martinez Garrido artistak Place Utopia bideojokoa ontzeko —Donostiako Tabakaleraren Medialab programari esker garatu zuen, 2022an—. Horra lanaren funtsa: mugitzea, hori baino ez, zerbaitekin topo egiteko esperoan. «Marten galduta egotearen sentsazioa daukazu», hausnartu du egileak.

Hiru pantailatan proiektatu dute Place Utopia Euskadiko Arkitektura Institutuko egoitzan, Donostian, Marteko muino gorrietako bat gogorarazten duen tontor txiki baten gainean. Izan ere, Martinezen sorkuntza Hiria ikusgai / Hiria jokoan erakusketaren parte da, nazioarteko beste hamahiru proiekturekin batera. Madrilgo Ars Games elkarteak osatu du bilduma, eta askotariko euskarriak batu dituzte, hala nola ikus-entzunezkoak, eskulturak, inprimaketa digitala, argazkiak... 2025eko otsailaren 9ra arte bisitatu ahalko da erakusketa.

Ars Games elkartearen 'Craftea' egitasmoko irudietako bat. 'Minecraft' bideo jokoa erabilita, espazio errealetan elementu birtualak gainjartzen dituzte. ARS GAMES
Ars Games elkartearen 'Craftea' egitasmoko irudietako bat. 'Minecraft' bideojokoa erabilita, elementu birtualak gainjartzen dituzte eremu errealetan. ARS GAMES

Bideojokoen eta arkitekturaren arteko harremanaren berri ematen dute lanok, eta hausnarketarako hauspoa ere badira, agerian uzten baitute nola sortzen eta erabiltzen diren espazioak, eta hirigintzak nola baldintza ditzakeen herritarren bizitzeko eta mugitzeko ohiturak. «Bi munduen artean konexio oso indartsua egon izan da beti», nabarmendu du Euridice Cabañes Ars Games-eko zuzendarikide eta komisarioak —Luca Carrubba elkartekidearekin batera antolatu du erakusketa—. «Bideojokoek tresna dinamikoak eskaintzen dituzte arkitektura lantzeko. Eta, bestalde, bideojoko askotan hiriak agertzen dira, errealak edo asmatuak; beraz, joko horiek hirigintza eta arkitektura koherenteak izan behar dituzte».

Pantailetatik haragokoa da harremana, edonola ere: Cabañesek ohartarazi du teknologiak gero eta zeresan handiagoa duela hirietan, sendotzen ari baitira hiri adimenduna delakoaren pareko ereduak. Baldintzapena oharkabean gertatzen da, sarritan, eta jokalariak ez direnei ere eragiten die. «Google Maps edo gisa bereko mapek bideojoko bat ematen dute», nabarmendu du komisarioak. «Maps aplikazioaren bitartez hiria esploratzen dugun bakoitzean, korporazio batek kontrolatutako abatar bat gara, hark esaten baitigu nondik joan behar dugun, nondik ez, eta gure ibilbidea alda baitezake gainontzekoen ibilbideetan oinarrituta».

«Marte konkistatutako lurralde baten parekoa da, lortu baitugu parte batera heltzea, argazkiak atera dizkiogu, geureganatu ahal izan dugu, eta erabili ahal dugu»

PABLO MARTINEZ GARRIDOArtista

Hiriaren gainean erabakitzeko ahalmena eskuordetuta dago, beraz. «Erabakiak hartzeko boterea korporazio teknologikoen esku dago, haiek baitituzte hiri adimenduna garatzeko datuak eta algoritmoak», salatu du Cabañesek. Ondorioz, esparru publikoa «pribatizatzen» ari da. «Askotan, administrazio publikoek ere ez dute jakiten nola eginda dauden kontratatu dituzten algoritmo horiek, jabetza intelektualaren inguruko legeek babesten baitituzte».

Askotariko hiriak

Baina, hain justu, horren aurka egiteko ere balio dezakete bideojokoek, herritarren agentzia susta dezakete eta, komisarioak azpimarratu duenez. «Algoritmoak erabil ditzakegu datu mordo hori ulertzeko, guk bestelako datu batzuk garatu ahal izateko, hirigintzaren eta arkitekturaren inguruan ikasteko, eta gure artean adosteko zer egin nahi dugun». Erakusketaren Gobernantza ludikoa atalean gogoetatu dira erabakiak hartzeko botereaz. Ars Games-ek garatutako Craftea proiektua jaso dute eremu horretan, adibidez: 2010ean abiatu zuten egitasmoa, eta Minecraft bideojoko ospetsua erabiltzen dute haurrek adierazten dituzten beharrak mamitu eta espazio errealean gainjartzeko, ikus dadin nola geratuko liratekeen egungo hirian umeek eskatzen dituzten parke, arbola, jolastoki eta bestelako elementu horiek.

«Gaur egun, herritartasuna eraikitzeko laborategi gisa ikus daitezke bideojokoak», ebatzi dute komisarioek. Eta aukerak aletu ditu Cabañesek. «Espazio berriekin esperimentatu dezakegu, sistema ekonomiko, politiko eta sozial berriekin... Horiek ingurune birtualetan bizi ditzakegu, erabaki dezakegu gustuko ditugun edo ez, eta saia gaitezke pantailatik kanpo gauzatzen».

«Google Maps aplikazioaren bitartez hiria esploratzen dugun bakoitzean, korporazio batek kontrolatutako abatar bat gara, hark esaten baitigu nondik joan behar dugun»

EURIDICE CABAÑESMadrilgo Ars Games elkarteko zuzendarikidea eta erakusketaren komisarioa

Espekulazio bat dira bideojokoak, hortaz; arakatu daitekeen espekulazio bat, zehazki. Hala, baliabide praktikoa dira espazioak sortzeko ardura duten profesionalentzat, Cabañesen hitzei erreparatuta. «Hirigile batek hirirako diseinu bat egiten duenean, edo arkitekto batek eraikin batena, sortu duten hori folio batean edo pantaila batean dago, eta ez dago hartu-emanik». Proiektatutakoa eraikitzean, baliteke emango zaion erabilerak bat egitea egileak irudikatutakoarekin, baina ez du zertan. Aldiz, eremu errealean taxutu nahi den hori aurretik probatzen bada eremu birtualean, erabiltzaileen jardunari esker deskubritu daitezke arkitektoari bururatu ez zaizkion beste funtzio batzuk.

Izan ere, nork sortzen ditu hiriak? Eta norentzat? Komisarioaren aburuz, hirien diseinuak «neutroa» dirudien arren, subjektu jakin bat hartzen du aintzat: gizona, behargina eta heldua. Baina erabiltzaile horrentzat egokia dirudien diseinu bat beldurgarria izan daiteke, kontrara, emakume batentzat. Ludiktadurak atalean, Agustina Isidoriren Sola bideojokoa jaso dute, kasu baterako: hirian gauez eta gaizki argiztatutako guneetatik igaro behar duen andre baten larruan ipintzen du jokalaria, andrearen ikara senti dezan, eta hirigintzan txertatuta dauden «indarkeria sistemikoak» igarri.

Turista irrealak

Marteko osteretan ere sor daiteke gogoetarako abagunea. Place Utopia-n, Martinez Garridok totem batzuk barreiatu ditu planeta gorrian, jokalariak haiekin topo egin dezan esploratzen duen bitartean: QR bat eskaneatuta, hipertestu bat agertuko zaio, eta artistaren hausnarketen berri izango du testuen eta bideoen bitartez. «Lasterketa espazialaz eta mundu berrien konkistaz hitz egiten dutenean, zientzia fikzio klasikoan oinarritu ohi dira, baina nik inpresioa dut amets horietako asko kolonialismoak zituen berberak direla, eta bat egiten dutela kapitalismoarekin: leku berriak topatu behar dira, haietatik baliabideak ateratzeko, hango espezieak menderatzeko...». Marte ez da leku abegitsua izaki bizidunentzat; baina, espazio agentzien edukien kausaz, «humanizatu egin da inoiz gizatiarra izan ez den planeta bat», Martinezen irudiko. «Konkistatutako lurralde baten parekoa da, lortu baitugu parte batera heltzea, argazkiak atera dizkiogu, geureganatu ahal izan dugu, eta erabili ahal dugu». Game Tourists izeneko atalean ikus daiteke Place Utopia.

Pablo Martinez Garridoren 'Place Utopia' bideo jokoa, Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan ipinitako hainbat pantailatan, Donostian. EUSKADIKO ARKITEKTURA INSTITUTUA. MIKEL BLASCO
Pablo Martinez Garridoren 'Place Utopia' bideojokoa, Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan ipinitako hainbat pantailatan, Donostian. EUSKADIKO ARKITEKTURA INSTITUTUA. MIKEL BLASCO

Beste helmuga bat aukeratu du turista birtualak: ziztuan, etorkizuneko hiri batean lur hartu du, murgildu da pantaila erraldoi eta distiratsuz jositako kale zabaletan, apenas leihorik duten eraikin erraldoi artean. Hainbat aukera ditu leku batetik bestera mugitzeko: oinez, erosi edo lapurtu duen auto batean, metroan... Askotariko erabakiak har ditzake. Game Tourists atalean hiri birtuala bizitzeko eta bisitatzeko manerak irudikatu dituzte, hala nola bideojokoetan ateratako argazki erraldoiekin. «In-game argazkilaritza [bideojokoen barruan egiten dena] oso interesgarria da: batetik, ogibide berri bat da; eta, bestetik, erakusten du nola erlazionatzen garen bideojokoekin», esan du Cabañesek.

Leo Sang artistak, adibidez, Cyberpunk 2077-ko zientzia fikziozko paisaiei erreparatu die, eta binilo handietan dingilizka daude hango metroaren argazki bat, errepidearen detaile bat, eraikin garai baten fatxada deigarria... Bistan da hiriak utzi diola arrastoren bat argazkilariari, erreala ez den arren. «Baina haietan bizi ditugun esperientziak eta emozioak oso errealak dira», azpimarratu du komisarioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.