Artista diziplina anitzekoa da Edorta Subijana (Donostia, 1978). Arkitektoa, margolaria, diseinatzailea... Hiria kontzeptua du orain sormen iturri. Donostia eraldatzeko proposamenak biltzen dituen erakusketa bat aurkeztu zuen iaz; atzo, La ciudad aumentada (Handitutako hiria) hitzaldia eskaini zuen Donostian bertan.
La ciudad invisible erakusketan, argazki bidez, Donostiako hainbat gune eraldatzeko proposamenak egin zenituen. Zeintzuk?
Askotan ikusten dugu hiria bukatutako zerbait balitz bezala; ematen du ez dagoela oruberik, ez dagoela lekurik... Baina askotan ahazten zaigu hiriaren B aldea. Erakusketan hori landu nuen. Adibidez, Kontxako pasealekuaren azpian merkatu bat muntatzea proposatzen nuen; etxeetako teilatu lauetan baratzeak jartzea, Atotxako dorreko goiko partetik txirrista bat egitea...
Txirrista bat jartzea eraikin erraldoi batean. Baina hori egingarria al da?
Niri oso egingarria iruditzen zait, bai, eta oso serio hartzekoa. Bada Charles Eamesen esaldi bat: «Take your pleasure seriously» [Har ezazu zure gozamena serioski]. Ematen du aisialdia bigarren mailako kontua dela hirian. Osasuna, segurtasuna... horiek direla garrantzitsuak. Eta, horregatik, dibertitzea ez da hiri planetan sartzen. Hori akats hutsa da. Planteamendu gogaikarria da, oso serioa. Hiri aspergarriak egiten ari gara, autoz bisitatzekoak.
Erakusketa egitean, bazenekien proposatutako gauzak ez zirela egingo. Orduan, zein zen xedea?
Handinahikoa zen: hiria aldatzea. Baina nola alda daiteke hiria hiria aldatu gabe? Hausnarketa hori da. Orain, Atotxako dorrea ikustean, batzuk gogoratuko dira txirristarekin, eta agian irribarre egingo dute. Hor oroitzapen bat badago; modu batean, paisaia bera aldatu egin da jada. Beste batzuek ez dute jakingo irudiak benetakoak ala gezurrezkoak ziren; hor jolasa dago.
Atzoko hitzaldian ere hiri eredua izan zenuen mintzagai. Zertaz egin zenuen solas?
Hiriaren nortasunaz. Hiriaren nortasuna zaindu egin behar da, baina agian aldaketa bera da nortasuna. Jean Paul Sartrek zioen: «Gauzak berdin daude, baina modu ezberdinean». Aldaketaz hitz egin nuen. Izan ere, hiriak eraldatzeko beharra dauka. Etengabe aritu behar du azala aldatzen, animaliak bezala. Hala ere, hiriaren formak berdin jarraitzen du. Urteekin aisialdi ezberdina da, teknologia... Eta hiriak ez ditu gauza horiek aintzat hartzen. Zaila zaio asimilatzea. Horregatik, hiria souvenir hutsa bihurtzeko arriskua daukagu.
Zer egin daiteke hiri biziago bat sortzeko?
Batetik, birziklatzearen urbanismoa: gauza berriak eraikitzea eraikuntza zaharretan. Bestetik, pieza txikiak txertatuz birmoldatzea errealitatea: izan daitezke gauza behin-behinekoak, izan daitezke betirako geratuko ez diren gauzak...
Donostiari zer falta zaio?
Aktibitatea, egitaraua... Erabiltzen ez diren gauzak martxan jartzea; lokal hutsetan ekintzak egitea, esaterako.
Eta zer kenduko zenioke?
Urte batzuk atzera egin, eta Bretxako merkatua zegoen bezala utziko nuke.
Ohikoak dira bilioiak balio duten makroeraikuntzak edo funtzionaltasunik ez duten espazioak. Herritarrek konfiantza al dute oraindik arkitekturan?
Azken urteotan, arkitekturari eskatu zaio espektakulua izatea. Horrek kalte handia egin du. Star system arkitektura nagusitu da; Guggenheim ondoren egindakoaz bakarrik hitz egiten da, diseinu aldizkarietan azaltzen denaz. Arkitekturak, ordea, badauzka bestelako funtzioak. Posible da gauzak buruarekin egitea, arazoei erantzunak emanez.
ATZEKOZ AURRERA. Edorta Subijana. Arkitektoa
«Hiri aspergarriak egiten ditugu, autoz bisitatzekoak»
Hiriak beste era batekoak izan daitezke. Hori da Subijanaren ustea. Horregatik, inguruak eraldatzeko proiektuak egiten ditu, toki hutsak baino ez direnak biziz betetzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu