Hiltzailearen erretratua

Errusiako enbaxadorea kameren aurrean hil zuen Turkiako polizia batek abenduan Ankaran, eta World Press Photo saria eman diote gertaera hobekien erretratatu zuen argazkilariari. Erabakiak, ordea, ika-mika eragin du: saria hiltzaileari propaganda ematea dela salatu dute epaimahaikide batzuek.

Edu Lartzanguren.
2017ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Argazkilaria hamabost minutu berandu iritsi zen arte galeriara, baina, halere, garaiz. Errusiako enbaxadak argazki erakusketa bat antolatu zuen Turkiako hiriburuan, bi herrialdeen arteko tentsioa handia zelako Siriako gerrarengatik. Turkiarrekiko adiskidetasun keinu bat egin nahi izan zuen Andrei Karlov enbaxadoreak. Gizonaren azken keinua izango zen.

Burhan Ozbilici argazkilariak berak kontatu du: ez zen lanera joan, baizik eta erakusketa ikustera, etxerako bidean. Baina enbaxadoreak hitz egingo zuela esan zutenean, beti aldamenean duen kamera atera eta argazkiak egiten hasi zen. Lehenengo irudietan Karlov agertzen da lehen planoan; atzean, polizia bat, ekitaldiaren segurtasunaz arduratzen zena, antza.

Mevlut Merts Altintas zen 22 urteko polizia. Enbaxadorea hitz egiten ari zela, pistola atera, eta tiro egin zion bizkarrean. Hatz bat altxatu —Jainkoa bat dela adierazteko keinua—, eta Siriako Al-Nusra Fronte talde islamistaren leloak oihukatu zituen. Ikusleak mehatxatu zituen, eta hiru zauritu. Baina Ozbiliciren sen profesionalak beldurrak baino indar handiagoa izan zuen, eta argazkiak egiten jarraitu zuen, irudi perfektua lortu arte.

Saria jaso zuen atzo turkiarraren lanak: urteko argazkiaren saria eman zioten World Press Photo lehiaketako epaileek, Amsterdamen. Sari bat aski ez, eta egun horretan arte galerian eginiko argazki sail osoa saritu diote Ozbiliciri.

«Argazkilari asko zeuden galerian une horretan», esan du Gari Garaialde argazkilariak, «hainbat irudi hartu zituzten, eta, ondo dauden arren, gertaera ez da argazkia». Dena da: hiltzailearen trajea, pistola, keinua, aurpegi haserrea, biktimaren gorpua lurrean... Ozbilicik berak egin zituen argazki gehiago, «baina honek du saria merezi izateko moduko indarra», esan du Garaialdek.

Eta, halere, argazkia perfektuegia ere bada, irudi bat perfektuegia izan badaiteke. Guztiz zinematografikoa da, antzeztua ematen du, nahiz eta jakin egiazkoa dela, eta hiltzailea bera hilda zegoela irudia atera eta minutu gutxiren buruan, beste poliziek tirokatuta. Reservoir Dogs idatzi zuen Espainiako aldizkari hipster batek Twitterren, argazkia komentatzeko. Berehala, benetako hilketa batez arinkeriaz aritzea egotzi zioten beste hainbat txiolarik.

Izan ere, argazkiaren inguruko eztabaida ez da ika-mikarik gabe pasatu World Press Photo sarietan. Stuart Franklin epaimahaiaren presidenteak argazkiari saria ematearen aurka bozkatu zuen. «Arazo moral» bat izan duela esan dio Franklinek The New York Times egunkariari. «Ezin dugu ahaztu ekintza aurretik prestatutako hilketa teatral bat zela prentsaurreko batean», esan du. Magnum agentziako kideak gaineratu duenez, «martirioaren eta publizitatearen arteko lotura indartzea» da irudiari saria ematea. Epaimahaiaren gehiengoak ez zuen bat egin Franklinen tesiarekin.

World Press Photo fundazioak ematen ditu sariak. Mundu osoko argazkilariek hartzen dute parte, eta 80.400 argazki aurkeztu dituzte aurtengo saioan, iaz baino 2.500 bat gutxiago.

Garaialderentzat, saria bada argazki kazetarien profesionaltasunari eginiko aitortza ere. Izan ere, Ankarako galeria hartan jende asko ari zen ekitaldia sakelakoekin erretratatzen, baina gutxik izan zuten Ozbiliciren ausardia. «Nahiago izango nuen pistoladunari galarazi izana gizon on eta errugabe bat hiltzea», esan zuen atzo argazkilariak Amsterdamen. Bere lana egiten jarraitu zuen. «Hil baninduten ere, hor egongo ziren argazkiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.