V telesailean bat egin zuten Iratxe Fresnedak eta Harkaitz Canok. Gizaki itxura hartu eta Lurra inbaditu zuten uniforme gorriko muskerretan. Saguak eta txoriak kolpe batean irensten zituztenetan. Telesail hori 1980ko hamarkadakoa izanda ere, «multiplataforma» zela esan zuen Fresnedak: «Telesaila imitatzen genuen, eta jolasak egiten genituen imitatzeko. Fikziotik harago, gure bizitzetara etortzen zen telesaila, beste bizitza bat izaten zuen».
Telesailei buruzko Crossover jaialdian parte hartu dute Iratxe Fresneda EHUko irakasle, ikerlari eta zinemagileak, eta Harkaitz Cano idazle eta gidoigileak. Fresnedak atzo, Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariaren galderei erantzunez; Canok, berriz, herenegun, Ylenia Benito kazetariarekin. Jaialdiko ikusle gonbidatuetako bi izan dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du jaialdia, Kultur Factory agentziarekin lankidetzan. Larunbatean bukatuko da.
«Nagusien telesailak izan ziren nire haurtzaroa markatu zutenak», onartu zuen Fresnedak. Bat nabarmendu zuen: Hill Street Blues. «Ez dut uste haurrentzako denik, baina zinemako elementuak telebistarako egokitzen hasi zen; zerbait indartsua dauka».
Geroago iritsi zen Friends: «Ez zait inoiz askorik gustatu, baina denok ikusten genuen». Orain, Fresnedaren alabek ikusten dute. «Harrigarria da zer-nolako mezua duen horrelako telesail batek egun ere nerabeak kateatzeko».
Eskandinaviako zineman eta telesailetan aditua da, eta zenbait liburu eta DVD eraman zituen poltsa batean: The Killing, The Bridge... Idazle bat: Henning Mankel, Wallander detektibearen sortzailea. «Nire bizitzaren parte garrantzitsu bat izan da». Halere, «pixka bat baztertu ditut Eskandinaviako filmak eta telesailak, uste baitut formula agortu zutela».
Duela urte batzuk, aukera mugatu zen; orain, plataformetako «polimaitasunera» pasatu da Fresneda. Sarritan, ordea, kostatu egiten zaio telesail interesgarriak aurkitzea. Filmin asko erabiltzen du. «Jonki hutsa naiz, neure burua neurrira ekarri behar dut».
'Magnum' eta 'The wire'
Telesailen zalea dela onartu zuen herenegun Harkaitz Cano idazle eta gidoilariak. Baina tarteka haietatik libratzen saiatzen dela, «zeren telesailak pixka bat badira denbora zurrupatzeko zulo beltzak».
Umetan ikusitako genero beltzeko telesailak ditu gogoan: Mike Hammer, Spenser: for Hire... «Off-eko ahotsarekin hasten zirenak oso erakargarriak egiten zitzaizkidan».
ETBri eskertu egin zion 1980ko hamarkadan «telesail ausartak» eman izana. Magnum jarri zuen adibide gisa. «Ez dakit behar adina baloratu edo eskertu dugun garai hori». Garai hartako telesailen artean asko aipatzen ez diren bi nabarmendu zituen: Hazzardeko dukeak eta WKRP.
Hortik aurrera, bi mugarri: Northern Exposure eta Six Feet Under. Northern Exposure «zerbait oso ezberdina» izan zen, «telesail oso argitsua, optimista, aurrerakoia, irudimen handikoa, tarteka surrealista». «Liluratu» egin zuen Cano. Six Feet Under, berriz, «zoragarria» iruditu zitzaion hasieratik bukaerara «kredituetatik hasita; kreditu horien modukorik ez da egin oraindik».
The Wire telesaileko Omar da Canoren pertsonaia kutuna. Gogoan hartzen ditu —«lapurtu», esan zuen—, telesailetako esaldi batzuk. The Wire-ko adibide bat jarri zuen. Beisbol partida bat. Polizia bat pertsonaietako bati hurbiltzen zaio eta galdetzen dio ea nor ari den irabazten. Erantzuna: «Inor ez da ari irabazten, batzuek besteek baino polikiago galtzen dute». «Filosofia gidaliburu baterako esaldia da», Canoren iritziz. «Tarteka horrelako perlatxoak harrapatzen dira».
Canok berak utzi zuen perla propioren bat ere, spoiler-ei buruzkoa: «Spoiler-a da kotoiaren proba: benetan nobela, film edo telesail bat esaldi batekin zapuztu badezakezu, ez da ona».