ATZEKOZ AURRERA. Begoña Guillen Montero. Argazkilaria

«Hilerrietako bakearekin eta isiltasunarekin gozatzen dut»

Hilerriak argazkiak ateratzeko leku egokiak direla uste du Guillen Monterok: hilobi apainduengatik, eskulturengatik eta giroagatik, esaterako. Bilboko hilerrien lehen argazki lehiaketa irabazi du berriki.

RAUL BOGAJO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Ugariak dira tokiak eta gaiak Begoña Guillen Monteroren argazkilaritzan (Amurrio, Araba, 1963). Eta batzuk, bitxiak. Izan ere, hilerrietan argazkiak ateratzea gogoko du, besteak beste. Bilboko Udalak antolatutako hilerrien aurreneko argazki lehiaketa irabazi berri du Itxaropenik eza lanarekin: begiak itxita, gora begira dagoen harrizko eskultura baten bustoa ageri da, eta aurpegiera are atsekabetuagoa ematen diote hezetasunek. Bilboko Photobat argazkilaritza elkarteko presidentea ere bada Guillen Montero.

Zergatik hasi zinen hilerrietan argazkiak ateratzen?

Ikusten dituzu besteek publikatzen dituzten argazkiak, gustuko dituzu, eta animatzen zara zu ere egitera. Beti ibiltzen gara lekuak bilatzen argazkietarako, eta leku aproposa iruditu zitzaidan. Ez nuen erlazio esturik erlijioarekin, familiakoak ere ez ditut hilerrian... Baina hilerriak gustatzen zaizkit; bidaiatzen dudanean, saiatzen naiz hilerriak ere bisitatzen.

Zer berezitasun dituzte, oro har? Artistikoki zer eskaintzen dizute?

Berezitasunak badituzte arkitekturari dagokionez; hilobiak bereziak dira. Eta eskultura piloa egoten dira, batez ere hilerri handietan eta zaharretan; berriagoak minimalistak direnez, ez dago hainbeste ornamenturik. Paisaia ere berezia da, leku oso lasaiak dira, lorategi politak daude... Denetarik dute.

Hilerriak lotuta daude iruditeria jakin batera. Alde sinboliko horretaz ere baliatzen zara?

Bai. Beti bilatzen ditut emozioak transmititzen dituzten eskulturak, edo hezetasunak dituztenak... Bilboko hilerrian, Derion dagoenean [Bizkaia], badaude bi edo hiru pertsonatako eskulturak, adibidez. Nahiz eta harrizkoak edo marmolezkoak izan —gogorrak, esan dezakegu—, sentimenduak eta emozioak transmititzen dituzte. Eta hori bilatzen dut.

Hain justu, Bilboko hilerrien lehiaketan aurkeztu zenuen argazkiko protagonista eskultura bat da.

Lehiaketa berezia izan zen. Beste batzuetan —adibidez, online egiten direnetan—, zure artxiboan duzun argazkirik onena aukeratu eta bidaltzen duzu. Baina honetan momentuan egindako argazkia izan behar zuen, eta ezin zen ez ukitu, ez editatu.

Nolakoa izan zen zen prozesua?

Oso sinplea: paseoan joan, eta, zeozerk atentzioa ematen zidanean, gelditu, eta hasten nintzen pentsatzen ea zer angelutatik atera argazkia, zer altueratik... Adibidez, erabaki behar da osotasuna edo zati bat erakutsiko duzun, segun zer adierazi nahi duzun, edo zein den alderik hoberena. Ikerketa lana egitea da. Nik argazki asko atera nituen, eta gutxi gorabehera bukaeran ikusi nuen eskultura, kasualitatez, urrutitik, eta gustatu zitzaidan. Aurpegia ateratzea erabaki nuen: gorputzak transmititzen du, baina iruditzen zitzaidan aurpegiak irudikatzen zituela emozioa, tristura, etsipena...

Horregatik lausotu zenuen hondoa, aurpegiera are gehiago nabarmentzeko?

Bai. Azkenean, hilerri batean eskultura eta arkitektura pila bat dago, eta, angeluak ez badituzu ondo hartzen, nahi ez dituzun gauzak agertzen dira hondoan. Jakin behar duzu protagonismoa daukan hori isolatzen, indarra emateko, hainbeste informaziorekin ez galtzeko.

Hemen, ateratzen dira argazkiak hilerrietan, oro har?

Europan askoz hedatuago dago hilerriak bisitatzea. Hemen ez dago hain zabalduta, eta hilerrian argazkiak egitea, are gutxiago. Azkenean, uste dut jendearentzat hilerria isilik egoteko leku bat dela, errespetua ematen dizuna, eta gustukoa ez dena, hilerri batean sartzea ez delako oso atsegina.

Zure kasuan ez da hala, ezta?

Niretzat kontrakoa da: nik gozatzen dut hilerrietako bakearekin eta isiltasunarekin... Sentsazio horiekin disfrutatzen dut. Turismoa egitera datorren jende gutxik erabakitzen du hilerria bisitatzea; nik hori egiten duten oso gutxi ezagutzen ditut. Baina uste dut hedatuko dela, ondare handia dutelako; uste dut administrazioek indarra egin behar dutela bisita horiek turismoari zabaltzeko, beti errespetuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.