ATZEKOZ AURRERA. Larraitz Amezaga. 'EndoFeliz' liburuaren egilea

«Hilekoak ez du minik eman behar»

Amezagak dio endometriosia duten gaixoek mina «normalizatu» egin behar izaten dutela, tabuagatik. Medikuen prestakuntza falta salatu du, bai eta diagnostikoa jaso arte gaixoen mina gutxietsi egiten dutela ere.

LARRAITZ AMEZAGA.
ane insausti barandiaran
2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hilekoa izatean, obulazio garaian eta harreman sexualak izateko garaian mina izatea, horiek dira endometriosiaren sintoma nagusiak.29 urterekin diagnostikatu zioten gaitz hori Larraitz Amezagari (Donostia, 1990). Aurretik, hamazazpi urtez pairatu zituen sintomak, ordea. EndoFeliz liburua argitaratu zuen, gaztelaniaz, eta, orain, hura euskaratu ahal izateko kanpaina abiatu du, Verkami plataforman.

Mito bat: hilekoak min ematen du?

Hilekoak ez du minik eman behar; min ematen badu, beti dago zerbait atzean. Izan daiteke estresa bera, baina beti zerbait dago.

Hilekoa tabua bada, endometriosia are gehiago?

Bai, gaur egun, hilekoa tabua da oraindik, eta horrekin erlazionatuta dauden gaixotasunak, are gehiago.

Hilekoa duten hamar pertsonatik batek pairatzen du gaitza, baina, hala ere, ez da ezaguna.

Oso gaixotasun arrunta da, baina oso ezezaguna. Hamarretik batek pairatzen du, baina ikerketarik ez dagoenez, agian gehiago izango dira. Diabetesa sufritzen dutenak baino askoz ere gehiago gara.

29 urterekin diagnostikatu zizuten zuri. Nola?

Hamazazpi urte neramatzan sintomak pairatzen, baina beti esaten zidaten dena ondo zegoela. Egun batean, min handiz jaiki nintzen, ezin nintzen tente jarri. Kiste bat aurkitu zidaten ezkerreko obulutegian. Mina neukanez, ebakuntza egitea erabaki zuten, eta esnatu nintzenean zirujauak esan zidan kistea endometrioma bat zela, eta laugarren graduko endometriosia neukala.

Zeintzuk dira sintoma nagusiak?

Nire kasuan progresiboa izan da. Hasieratik eduki dut mina hilekoarekin, obulazio garaian, harreman sexualetan, sabela asko puzteagatik... Eta sintoma psikologikoak ere bai: 25 urterekin, antsietatea eta izu atakeak ere sufritu nituen. Horretarako arrazoi bat izan zen, hain zuzen, zuk mina izan arren medikuek esaten dizutela ondo zaudela. Azkenean, pentsatzen duzu minaren atalasea besteek baino askoz ere apalagoa duzula, edo kexati bat zarela, edo zoratuta zaudela, eta dena asmatzen duzula. Emakume askori gertatu zaie gauza bera.

Egunerokoa zailduko zizun sarri...

Hilabetean bitan, ezin izaten nintzen ohetik altxatu, eta, batez ere azken urteetan, medikuari esaten nion birus batekin nengoela botaka, pare bat eguneko baja emateko. Izan ere, esaten baduzu hilekoagatik mina duzula, esaten dizute pilulak hartzeko. Hor estigma dago, eta zuk ere normalizatzen duzu. Emakume askok esan didate lanbide jakin bat aukeratu izan dutela gaixotasunarekin bateragarri egin ahal izateko, beti dagoelako beldurra ea ez dizuten kontratua berrituko, zer esango duten zure lankideek... Gaixotasun kroniko bat pairatu arren, legearen aurrean ere ez gaude oso babestuta.

Zer tratamendu eskaini zizuten diagnostikoaren ondoren?

Ez zidaten esan, ez zer zen endometriosia, ez betiko zela, ez ezer. Gaixotasunak ez daukanez sendabiderik, tratamendu hormonala eskaintzen dizute, aukera desberdinetan. Denek dituzte albo ondorioak, eta, gorputz bakoitza ezberdina denez, ikusi behar duzu zein tratamendu datorkizun ondo. Ebakuntza egiteko aukera ere badago, baina zirujauak oso espezializatuak izan behar dira.

Hortaz, gabezia handiak daude osasun sisteman?

Diagnostikoa jaso baino lehen, Euskal Herrian, Polonian eta Alemanian bizi izan nintzen ni, eta hiruretan joan naiz medikuarengana, sintoma berekin. Ebakuntzan ireki arte, ordea, ez didate inoiz diagnostiko bat eman. Denek normalizatu didate min hori guztia. Beraz, ez da Euskal Herriko arazo bat, mundu osokoa baizik. Horrez gain, ez dago profesional asko espezializaturik gaixotasuna tratatzeko.

Zure kabuz bilatu dituzu alternatibak, ezta?

Aurretik ere probatu nituen dieta begetarianoa eta beganoa, baina ez zuten ezer aldatzen. Diagnostikoa edukita, elikadura aldatzen duzu, eta, niretzat, konponbidearen gakoa izan da: elikadura antiinflamatorioa egiten dut, estrogeno gutxikoa.

Informazioa ere pilula ona da. Horretarako euskaratu nahi duzu liburua?

Gazteleraz egin nuen hasieran, dagoen informazio gutxia erdaraz dagoelako. Baina gustatuko litzaidake euskarara itzultzea, ez dagoelako hainbeste liburu euskaraz hilekoari buruz, eta, are gutxiago, endometriosiari buruz, eta beharrezkoa da.

Zer jaso duzu bertan?

Gida moduko bat da liburua. Azaldu dut zer den endometriosia, nola funtzionatzen duen gure gorputzak, zikloak, eta sintomatologia. Tratamendu posibleak eta gure eskaerak ere jaso ditut. Azkenik, gai horri buruzko liburuak sartu ditut, informazio gehiago nahi dutenentzat. Gure artean babesteko modu bat da, liburuak idatzi dituzten gehienak pazienteak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.