Udako serieak. Euskal Herriko tunelak (IV)

Hildakoen pasabidea izan behar zuen

Istorio laburra du Artxandako aurreneko tunelak: Bilbo-Lezama burdinbiderako zulatu zuten, baina lineak zortzi urtez baino ez zuen funtzionatu, eta pasabidea abandonatuta dago XX. mende hasieratik. Oinezkoentzat eta ziklistentzat berreskuratu nahi dute.

Bizi Txorierri elkarteko bi kide Artxandako tunel zaharraren Bilboko sarreran, 2011n. PATXI DIEZ DE ULZURRUN / BIZI TXORIERRI
Bizi Txorierri elkarteko bi kide, Artxandako tunel zaharraren Bilboko sarreran, 2011n. PATXI DIEZ DE ULZURRUN / BIZI TXORIERRI
amaia igartua aristondo
2024ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Jakin-minak berpiztu du Artxanda mendiko tunelik zaharrena. Ehun urte baino gehiago ziren hura zeharkatzen zuen burdinbidea erabiltzeari utzi ziotela, baina geratzen zen arrastoren bat artean, nahikoa indartsua behintzat Larrabetzuko (Bizkaia) guraso talde bat ziztatzeko, 2008. urte inguruan. «Pentsatu genuen polita izango zela ibilbide hori berreskuratzea, bai umeekin egiteko, Bilbora lanera joateko, edo erromesentzako», gogoratu du Goio Sanz Bizi Txorierri taldeko kideak. Bazegoen Bilbo eta Txorierri eskualdea batzen zituen kilometro erdi eskaseko pasabide bat; baina non? Gurasoak ikertzen hasi ziren, topatu zuten tunela, egiaztatu zuten haren egoera, garbitu zituzten inguruko belarrak, eta instituzioekin harremanetan ipini ziren ondare hura txukundu eta oinezkoentzat eta txirrindularientzat eskuragarri jar zezaten. Lortu dute helburua, kostata: 2026rako egongo da prest Artxandako tunel zaharberritua.

Trenarentzat eraiki zuten. 1891n, Espainiako garai hartako gobernuak Juan de Urrutia y Buñueli eman zion Bilbo, Begoña —artean hiriburuarekin anexionatu gabea—, Derio, Zamudio eta Lezama lotuko zituen burdinbidearen kontzesioa. Garai hartan, Txorierriko eskualdea ez zegoen oso populatua, baina bazuen linea hark erakargarri egiten zuen elementu bat: Bilboko hilerri berria. Izan ere, Mallonako hilerriaren egoera okerrak arduratuta, hirirako beste kanposantu bat eraiki beharra zegoela erabaki zuen udalak 1887an.

«Artxandako geltokia zena han zegoen, lur horiek Espainiako Gobernuaren jabetzakoak ziren, eta pertsona batek alokatuak zituen. Horma bat ipini zuen tunelean, eta ura pilatu da»

GOIO SANZ Bizi Txorierriko elkarteko kidea

Aurreko urtean onartutako lege baten arabera, hilerriak leku nahikoa izan behar zuen hurrengo hogei urteetako hildakoen gorpuak jasotzeko, eta ezin zen egon etxebizitza batetik bi kilometro baino gutxiagora, besteak beste. Bilbon bertan ez zegoen baldintzok betetzen zituen eremurik, eta, beraz, handik kanpo hasi ziren bilatzen. 1891n, udalak lehiaketa bat antolatu zuen, eta Bilbo-Lezamako trenbidearen promotoreek doan eskaini zituzten Derioko lursail batzuk, hildakoekin eta haien senideekin bezero mordo bat bermatzeko asmoz, Juanjo Olaizola Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak kontatu duenez —lursail horietatik igaroko zen trena, hain justu—. Proposamena gailendu zen, eta 1895ean ekin zieten hilerriko obrei.

Bilboko dirudun asko batu ziren trenaren proiektura: 1893an, Bilbotik Lezamarako Burdinbidearen Konpainia sortu zuten —kideen artean, Casilda Iturrizar zegoen, esate baterako—. Eta, hala ere, egitasmoak aurrekontu murritza eduki zuen, Olaizolak nabarmendu duenez. Artxanda gainditzeko biderik laburrena aukeratu zuten, hasteko. «Bilbotik Txorierrira joan nahi bada, bi bide daude: bata, itsasadarretik joanda, eta Lutxanatik sartuta, Asua errekaren bailaratik; bestea, Artxanda pasatuta». Promotoreek bigarren aukera lehenetsi zuten, eta mendian ahalik eta zulo laburrena egiten ahalegindu ziren, gastuak aurrezte aldera.

Bizi Txorierri elkarteko kide bat, piraguarekin, Artxandako tunel zaharrean, 2011n. PATXI DIEZ DE ULZURRUN
Bizi Txorierri elkarteko kide bat, piraguarekin, Artxandako tunel zaharrean, 2011n. PATXI DIEZ DE ULZURRUN

Tontorretik gertuago egin zuten pasabidea, baina, Bilbotik hara gora ailegatzeko, trenak bide aldapatsua egin beharra zuen. Olaizolak xehatu duenez, hasierako proiektuak %7ko maldak jasotzen zituen —egungo trenbideek %2koak dituzte, gehienez—, eta tunelak 330 metro edukiko zituen. Plana berrikusi zuten, ordea: azkenean, %4ko maldak zituen bide bat eraiki zuten, eta 445 metroko galeria bat. Horretaz gain, 157 metroko tunela egin behar izan zuten Bilboren eta Begoñaren artean.

Hamahiru hildako

Bilboren eta Begoñaren arteko tunel horrek burdinbidearen obrak atzeratu zituen. Hortaz, linea inauguratu zutenean, 1894ko maiatzaren 2an, trenak Lezamatik Begoñarako zatia baino ez zuen betetzen, eta oraindik ez zen Bilboko estaziora heltzen. Bidea «gogorra» zen, Olaizolaren esanetan, eta berehala agerian geratu zen ez zela azpiegitura egoki bat. Urte hartako uztailaren 7an, 08:30ean, trena aldapan behera zihoala Bilborantz, bidetik atera eta hiru metroko zanga batera abaildu zen: hamahiru bidaiari hil ziren, eta hamazortzi zauritu —guztira, 34 bidaiari zihoazen, eta 18 tona harri ere garraiatzen zituen lokomotor hark—.

Lineak ez zuen zerbitzua eten. Inauguratu eta ia urtebetera, 1895eko martxoaren 30ean, obrak bukatu zituzten, eta Bilboko geltokia gehitu zitzaion ibilbideari —Mallonako Galtzadetan zegoen; eraikin horretan Arkeologia Museoa dago gaur egun—. Alabaina, negozioa ez zen errentagarria oraindik, Olaizolaren arabera. «Trenbidearen sustatzaileen esperantza zen kanposantua martxan jar zezatela». Baina hilerriaren obrak luzatzen ari ziren, eta tren konpainiari arazoak gehitzen ari zitzaizkion bitartean: mende aldaketarako, hiru lokomotorretatik bi aberiatuta zeuden, eta bazebilen bakar horren galdarak eztanda egin zuen 1901eko urriaren 4an, Mallonako Galtzadetako geltokian zegoela. Enpresa trenik gabe geratu zen, eta bertan behera utzi zuen zerbitzua.

Lezamatik Bilborako trena, istripua izan ondoren, 1894ko uztailaren 7an. EUSKOTRENEN BURDINBIDEAREN EUSKAL MUSEOA
Lezamatik Bilborako trena, istripua izan ondoren, 1894ko uztailaren 7an. EUSKOTREN/ BURDINBIDEAREN EUSKAL MUSEOA

Hurrengo urtean berrekin zieten asmoei. Derioko hilerria 1902ko apirilaren 27an zabaldu zuten, eta promotoreak beste burdinbide bat eraikitzen hasi ziren, hasieratik: Deriotik Lezamara zihoan zatia baino ez zuten aprobetxatu, bost kilometro inguruko trazatua; Bilbotik Derioraino, bide berri-berria egin zuten —Begoñatik igaro gabe—, eta Artxandan beste tunel bat zulatu zuten, aurrekoa baino sakonago kokatua: 1.350 metroko bat, eta 799, 134 eta 72 metroko beste hiru. Burdinbide berria aurrekoa baino hiru kilometro inguru motzagoa zen.

1908ko urriaren 31n inauguratu zen burdinbide berria. Eta, aurrekoak ez bezala, bide horrek hildakoak ere garraiatu zituen; zerbitzu bereziak ere eskaintzen zituzten helburu horretarako. El Nervión egunkariko 1908ko ale batean, enpresak berak xehatu zuen prozesua —Olaizolak jaso duenez—: Mallonako Galtzaden geltokian toki bat zegoen, kapera eta gorpuen gordailua zena; hildakoak han edukitzen zituzten zegokien trenean garraiatu arte, eta, tarte horretan, beilatu zitzaketen, edo zeremoniaren bat egin. Trenak geltoki bat zuen Derioko hilerriaren sarreraren aurrean, eta enpresak hainbat motatako kotxeak eskaintzen zituen hildakoentzat: lehen, bigarren eta hirugarren klasekoak.

«Bilbotik Txorierrira joan nahi bada, bi bide daude: bata, itsasadarretik joanda, eta Lutxanatik sartuta, Asua errekaren bailaratik; bestea, Artxanda pasatuta»

JUANJO OLAIZOLAEuskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoaren zuzendaria

Olaizolak azaldu duenez, lehen klaseko bagoiak zizelkatutako egurrez eta kristal esmerilatuez dekoratuta zeuden, gorpu bakarrarentzako tokia zuten, eta hurkoentzako saloi bat ere bazegoen; bigarren klasekoan, bi hildako joan zitezkeen, eta bi eremu zeuden gertukoentzat; eta hirugarren klasekoan, hamar gorpu garraia zitezkeen, eta ez zegoen senideentzako tokirik.

Pasabide berria

Bizi Txorierri elkarteko gurasoek tunel zaharra aurkitu zutenean, ehun bat urteren ondoren, belarrez josita zeuden sarrerak. Txorierriko aldetik sar zitekeen, nahiz eta lokaztuta egon; baina Bilboko partea ia itxita zegoen, eta urez beteta, Sanzek esplikatu duenez. «Artxandako geltokia zena han zegoen, lur horiek Espainiako Gobernuaren jabetzakoak ziren, eta pertsona batek alokatuak zituen —oraindik behiak eta animaliak ditu han—. Horma bat ipini zuen tunelean, eta ura pilatu da». Piraguetan zeharkatu izan dute zati hori, ezin baita oinez igaro —eta baimen batekin, eremua pribatua baita—. Bestela, tunela «nahiko ondo» dagoela uste du Sanzek: erdi partean harri batzuk jausi ziren, eta tontortxo moduko bat sortu da, baina ez du pasabidea guztiz oztopatzen.

Artxandako tunelaren Txorierriko sarrera. PATXI DIEZ DE ULZURRUN
Artxandako tunelaren Txorierriko sarrera. PATXI DIEZ DE ULZURRUN

Ura drainatu, tunelaren paretak hormigoiarekin gogortu, pasabidea argiztatu... Lan horiei ekingo diete berandu baino lehen, eta Lezamako bide zaharra ere atonduko dute oinezkoentzat eta ziklistentzat. Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministerioak obren lizitazioa lehiaketara atera zuen apirilean, eta, ondo bidean, bi urte barru prest egongo da tunela. 6,6 milioi euroko kostua aurreikusi dute.

fitxa

  • Izena: Artxandako tunel zaharra.

  • Non dagoen: Bilboren eta Txorierri eskualdearen artean (Bizkaia).

  • Zer zeharkatzen duen: Artxanda mendia.

  • Zertarako eraiki zen: Bilbo-Lezama burdinbiderako.

  • Nork eraiki zuen: Bilbotik Lezamarako Burdinbidearen Konpainiak.

  • Noiz inauguratu zuten: 1894ko maiatzaren 2an.

  • Zenbateko luzera duen: 445 metro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.