«Orain, zure etxetik aldenduko naiz; nora joango naizen ere ez dakit. Nahi gabe, agurtu egingo zaitut, eta zure ahotsaren oihartzunak erantzungo dit». Nada izeneko tango hori Julio Sosa uruguaitarrak abesten zuen, 1940ko hamarkadan. Letrak, ostera, ez zituen hark idatzi. Garai hartan, Rio de la Plata ibaiaren bazterretan sortutako genero horrek mundua liluratzen zuen, eta abeslariek ospe handiaz gozatzen zuten. Hala ere, askotan, haien fama besteen lanean oinarritzen zen.
Tangoan, abestiak idazleenak ziren. Itsasoaren, maitasunaren edo egunerokoaren inguruko poesiak idazten zituzten —besteak beste—, eta horiek munduratzeaz abeslariak arduratzen ziren, betiere ahots on batez eta karisma handiz lagunduta. Idazleek, berriz, itzalean egiten zuten lan. Esanguratsuenetako bat Horacio Basterra izan zen. Haren lumatik Arlette, Moneda de Cobre eta Los Despojos bezalako abesti ezagunak atera ziren, abeslari ugarik kantatu zituztenak.
Horacio Basterrak, Uruguain jaio arren, bizitza eta ibilbide profesionala Argentinan egin zituen, batez ere. Jakina da tangoaren munduan herrialde horien arteko mugak lausotu egiten zirela, eta zeharo desagertzen zirela Rio de la Plata ibaiaren uretan. Akaso Gardel da horren adibiderik garbiena, genero hartako abeslaririk famatuena: oraindik ere uruguaitarrek eta argentinarrek euren egin nahi dute. Hala ere, haren jaioterria zein zen ez dago argi. Aldiz, Basterraren jaioterria eta jatorria ezagunak dira.
Jose Domingo Basterra Yrustak eta Eugenia Zubiaurre Maldak Bilbotik Hego Konora emigratu zuten 1885ean, Felix, Maximiniana eta Vicente seme-alabekin batera. Felix, idazle eta kazetari anarkista izan zena, Montevideon bizi izan zen. Han jaio zen Horacio Basterra kanta idazlea, 1914an. Uruguain ez ezik, Argentinan ere eman zituen sustraiak Basterra familiak, gehienbat literaturari eta kazetaritzari lotuta. Hortik dator Juan Mario Basterra idazlea (La Plata, Argentina, 1959), Tata Dios liburuaren egilea.
Jose Domingo Basterra Yrustak eta Eugenia Zubiaurre Maldak Bilbotik Hego Konora emigratu zuten 1885ean, Felix, Maximiniana eta Vicente seme-alabekin batera
Juan Mario Basterrak ziurtatu du txikitatik euskal kultura oso presente izan duela bere bizitzan. Izan ere, gogoan du bere aitak behin esandakoa: «Gizon euskaldun batek ez du beldurrik». Esaldi horrek ondo irudikatzen ditu euskaldunek Hego Amerikan izandako estereotipoa eta historia. XIX. mendearen amaieran Argentinara heltzen ziren euskal herritarrak Buenos Aires probintziako lauetara joaten ziren —panpa hezea—, landa eremuan lan egitera. Argentinako herriak hasi ziren populatzen, gautxoen eta gringoen —halaxe esaten zitzaien Europatik iritsitako immigranteei— artean, eta hor bertan errotu zen euskaldunaren estereotipoa: langilea eta burugogorra. Jorge Luis Borges Argentinako idazle ezagunak ere «euskal gogortasuna» aipatu izan du bere obran, Basterrak gogorarazi duenez. «Agindu literario horri jarraitzen saiatu naiz liburua idazterakoan», aitortu du idazleak.
XIX. mendearen amaieran, immigrazioak ziztuan ugaritu zuen Argentinako biztanleria. Bai hirietan eta bai landa eremuetan, jatorri ezberdineko atzerritarrek eta bertakoek elkarrekin bizitzen ikasi behar izan zuten. Hala ere, prozesu hori ez zen ezbeharrik gabe igaro. 1872ko Tandilgo sarraskia da horren erakusgarria.
Atzerritarrenganako sumina
Bazeuzkan arrazoiak Juan Mario Basterrak Buenos Aires probintziako herri txiki batean orain dela 150 urte gertatutako sarraski baten inguruan idazteko. Alde batetik, interesgarria iruditzen zitzaion garaia. Urte horietan, immigrazio masiboarekin batera, nortasun argentinarra eraikitze prozesuan hasi zela nabarmendu du idazleak. Bestalde, aitaren aldetik duen euskal jatorriak bultzatu duela aipatu du, «biktima gehienak hortik etorri zirelako».
Idazleak baieztatu duenez, Tandilgo sarraskiaren zorigabeko protagonistak Euskal Herritik Argentinara heldu ziren immigranteak izan ziren. 1872ko urtarrilaren 1ean, atzerritarrak hiltzeko agindua eman zuen Geronimo Solane petrikiloak, Tata Dios ezizena erabiltzen zuenak. Gaizkileek 36 pertsona hil zituzten —haurrak ere bai tartean—. Horietatik, hogei bat euskaldunak ziren.
Ez du zalantzarik Basterrak: «sarraski xenofoboa» izan zen Tandilgoa, gaizkileen arrazoi nagusia nazionalitatea izan baitzen. Berrogei bat gizon, Tata Dios petrikiloak bultzatuta, urteko lehenengo egunean atzerritarrak hiltzera atera ziren, euskaldunak eta beste atzerritarrak gizartearen gainbeheraren errudunak zirela iritzita. «Gaitz guztien jatorria» immigranteak zirela sinetsita, 1872ko urtarrilaren 1ean, Argentinako historiaren erritu sarraskirik handiena gauzatu zuten Tata Diosek eta haren apostoluek.
«Euskaldun askok gautxoen abileziak garatu zituzten, eta, gero, kasu batzuetan, eragina izan zuten gautxoen portaeran eta janzkeran»
JUAN MARIO BASTERRAIdazle argentinarra
Geronimo Solane zen Tata Dios petrikiloaren benetako izena. Gaur-gaurkoz, haren jatorria ezezaguna da. Argentinako herri eta probintzia askorekin lotu zuten —baita ondoko herrialdeekin ere—, eta, Basterra idazleak azaldu duenez, ustez jatorri frantsesa zuen. Tandilera iritsi baino lehen, herri askotatik kanporatu zuten, eta espetxean ere egon zen. Legez kanpoko medikuntzan eta sorginkerian aritzen zen. Horrez gain, predikatu egiten zuen. Jainkoaren mandataria zela ziurtatzen zien herrietan ezagutzen zituen gautxoei. Munduaren amaiera iristear zegoela iragartzen zuen Tata Diosek, eta salbamena lortzeko modu bakarra atzerritarrak eta masoiak sarraskitzea zela. Diskurtso horrek arrakasta handia izan zuen garai hartako gautxoengan, euren lurretara heltzen ziren atzerritarrak mesfidantzaz ikusten baitzituzten.
Solane Tandilera heldu zen, Gomezek, herri hartako lur jabea zenak, hala eskatu ziolako. Gomezen emazteak etengabeko buruko minak zeuzkan, eta petrikiloari deitu zion hura sendatzeko. Laguntza eskertzeko, lur jabeak Tandiletik gertu zegoen etxetxo bat utzi zion Solaneri. Herrian finkatuta, petrikiloa bere diskurtso xenofoboa zabaltzen hasi zen gautxoen artean. Garai hartan, euskal komunitate handia bizi zen Tandilen.
«Gautxoen eta euskaldunen artean lotura asko egon ziren», azaldu du Basterrak. Izan ere, eragin handia izan zuen batak bestearengan: «Euskaldun askok gautxoen abileziak garatu zituzten, eta, gero, kasu batzuetan, eragina izan zuten gautxoen portaeran eta janzkeran». Idazleak kontatzen duenez, gautxoak zaldizko trebeak eta soldadu ausartak ziren, behi eta ardi haragia eta larrua erabiltzen iaioak, eta inork ez zuen panpa ezagutzen gautxoek bezain ondo.
Geronimo Solane Tandilgo espetxera bidali zuten, eta, bost egun geroago, 1872ko urtarrilaren 6an, hilda agertu zen bere zeldan
Immigranteak heldu baino lehen, nekazaritza lanak gautxoek egiten zituzten. Euskaldunak ere artzaintzan trebeak zirela ohartu zirenean, sentimendu xenofobo bat piztu zen Tandilen, eta Argentinako herri askotan ere bai. Horretaz baliatu zen Solane bere diskurtsoa zabaltzeko eta gautxoak biltzeko.
«Tata Diosen prediku mesianikoa eta milenarista hiltzaileen superstizio bihurtu zen, eta horrek eragin zituen 36 pertsonaren erailketak», arrazoitu du idazleak. Urtarrilaren 1ean, ordu txikietan, berrogei bat gautxok mota guztietako armak lapurtu zituzten, eta hiltzera atera ziren. Haien helburua atzerritarrak ziren, baina bidean jarriko zen oro hiltzeko prest zeuden. Inolako gupida erakutsi barik —eta Jainkoaren agindua zela sinetsita—, gizonak, emakumeak eta haurrak hil zituzten. Horietako hogei bat, euskaldunak. «Hil itzazue euskaldunak eta gringoak», oihukatzen zuten.
Hil zituzten azkenak Txapar familiakoak ziren, euskaldunak. Gero, estantzia batean babestu ziren. Herrikoak haien bila joan ziren, eta hor harrapatu zituzten hainbat, auzitara eramateko. Beste batzuek ihes egitea lortu zuten.
Geronimo Solane Tandilgo espetxera bidali zuten, eta bost egun geroago, 1872ko urtarrilaren 6an, hilda agertu zen bere zeldan. Hamahiru bala zauri aurkitu zizkioten gorpuan. Petrikiloak berak ez zuen parte hartu sarraskian, baina gertatutakoaren errudun nagusia zen, atzerritarrenganako gorrotoa eta sumina kilikatzeagatik, eta sarraskia eragiteagatik, diskurtso xenofobo eta mesianiko baten bidez.
Tata Dios nork eta nola hil zuen ez zen inoiz argitu. Non hobiratu zuten ere ez zuten esan. Haren hilobia santutegi bihurtu ez zedin, toki ezkutu batean lurperatu zuten, «zutik eta kateatuta».