Gaur iragarri dutenez, atzo hil zen David Bennett, munduan zerri transgeniko baten bihotzaren txertoa egin zioten lehenbiziko pertsona. 57 urte zituen, eta bi hilabetez eutsi dio bizitzari, animaliaren organoaren laguntzarekin. Baina, ebakuntza iraultzailearen egile AEBetako Marylandeko Unibertsitateko doktoreek esan dutenez, duela pare bat egun haren osasuna okertzen hasi zen, eta atzo zendu zen, azkenean.
Urtarrilaren 7an egin zioten ebakuntza Bennetti. Haren bizia arriskuan zegoen, bihotzeko gaitz baten ondorioz. Bestelako prozedurak agortuta zituen, gaixoegi zegoen gizaki baten bihotza jasotzeko, eta bizitzen jarraitzeko itxaropenik ez zuen. Horregatik onartu zuen ebakuntza esperimentalarekin arriskatzea.
Zortzi ordu iraun zuen prozedurak. Eta, ondoren, zirujauek esan zuten bihotza ondo funtzionatzen ari zela: pultsua sortzen zuela, eta odol presioa. Bihotz «normala» ematen zuela adierazi zuten. Hala ere, ohartarazi zuten arreta handiz behatuko zutela haren eboluzioa, halakorik ez zelako orain arte inoiz egin.
Adituek esan zutenez, Bennetten saioak itxaropena emango zien mundu osoan organo baten zain dauden milaka gaixoei. Izan ere, horien falta da halako ebakuntzak egiteko arazo nagusia. Orain arte, bakarrik beste gizaki batetik erauzitako organoekin egin zitezkeen halako txertaketak, eta ez beti arrakastaz, organoa jasotzen duenaren immunitate sistemak askotan organo arrotza arbuiatu egiten baitu Zerrien organo askok gizakien baliokideen antz handia dute, eta, beraz, organo iturri ia mugagabe bihur daitezke. Baina, horretarako, arbuioaren arazoa gainditu behar da.
Azken hamarkadan asko garatu dira geneak editatzeko teknikak. Horien helburuetako bat izan da zerrien bihotzak genetikoki eraldatzea, gizakien immunitate sistemaren arbuioa eragozteko. Hamar mutazio genetiko zituen zerriak. Gizakiengan arbuioa eragiten duen molekula bat kodetzen duen gene bat indargabetu zioten, besteak beste.
Halere, adituek nabarmendu zuten ebakuntza mugarria izan arren, oraindik ezingo zela arrunt bihurtu, arbuioaren afera oraindik ez delako erabat gainditu. Terapiak heltzeko denbora asko beharko duela ohartarazi dute.