«Hik badakin hika egiten?», esan dio kazetariari Idoia Etxeberriak (Oñati, Gipuzkoa, 1977), topo egin eta gutxira. Kazetariaren gabeziak gabezia, noka erantzun die Etxeberriak elkarrizketako galderei. Zirhikako kidea eta Badihardugu elkarteko langilea da, eta larunbatean Durangoko Azokan (Bizkaia) egingo duten Hikadromoaren antolatzaileetako bat. 16:00etan izango da, Landako ikastetxean. Euskal Herri osoko hitano hiztunak elkartuko ditu egitasmoak.
Badator Hikadromoa. Jendea zirhikatzea da asmoa?
Bai, horixe dun asmoa. Hitanoa bizirik dagoela erakustea, ondo pasatzea, eta Euskal Herriko leku askotako hikazaleak elkartzea.
Nola funtzionatuko du?
Mintzodromoetako egitura edukiko din dinamikak; launaka eserita mahaietan, gaia aldatuko dinagu hamabost minututik behin. Aukera emango dinagu jende ezberdinarekin berba egiteko.
Batuan ala euskalkian egin daiteke, ezta?
Bai, bakoitzak bere eran. Polita izango dun euskalki desberdinetako hitanoa entzutea.
Lotsa faktore garrantzitsua da hitanoaren erabileran... Baina ikaratu beharrean, hikaratzeko deia egin duzue.
Bai, hori dun, beldurrik gabe hikaratzeko deia egin dinagu. Azkenean, praktikatzeko, hika ikasteko eta hitz egiteko ezinbestekoa dun hanka sartzea eta lotsa alde batera uztea. Uste dinagu hau aukera polita izan daitekeela horretarako.
Iaz egin zenuten Euskal Herriko I. Hika topaketa, eta hortik sortu zen Zirhika. Batu beharra ikusi zenuten?
Bai, azkenean han eta hemen, baina sakabanatuta genbiltzanan hainbat hika eragile, Euskal Herriko toki askotan. Denak lanean, baina elkar ezagutu barik. Topaketa hori oso garrantzitsua izan zunan horretarako.
Zer ondorio atera zenuten topaketatik? Nola ikusten duzue hitanoa?
Topaketaren ondorioetako bat izan zunan beharra zegoela hitanoa bultzatzeko; hitanoaren egoera badakigu ez dela oso ona. Baina alde positiboari begiratuta, bazagon interesa hitanoa bultzatzeko. Ez bakarrik arnasguneetan, beste toki batzuetan ere bai. Azkenean, hizkera informal horrek euskara aberastu egiten din, eta hori gabe hankamotz zagon euskara. Gazteen erdararako joera ikusita, halako tresnak izatea beharrezkoa dun; hika hitz egiten duenak ez din erdaraz hitz egiten.
Zer pertzepzio dago hitanoari buruz?
2023an inkesta bat egin geninan, jakiteko Euskal Herrian hitanoaren egoera nolakoa den. Lau mila eta piko erantzun jaso genitinan. Ikusten dinagu interesa gero eta handiagoa dela, eta aurreiritziak, berriz, aldatzen doazela —itsusia dela edo ez errespetuzkoa—.
Nork parte hartzea nahi duzue?
Deialdi berezi bat egin nahi dinagu, noka delako gehien galdu dena: emakumeei eta baita gazteei ere. Gazteen artean eta emakumeen artean erabiltzen dun gutxien. Orduan, denak zauden gonbidatuta, zahar eta gazte, emakume eta gizon. Baina deialdi berezi bat egin nahi dinagu gazteak animatzeko.
Zergatik erabiltzen dute gutxiago emakumeek?
Askok mutilen hizkera moduan ikusten diten hitanoa. Erakutsi nahi dinagu ez dela horrela izan, eta orain ere ez dela horrela. Eta galtzen joan den hori berreskuratu daitekeela, gure aldetik jarriz gero, ahalegintxo batekin.
Badago non ikasia: Appa Hi aplikazioan, adibidez. Modernitatearekin lotzeko saiakera da?
Bai, horregatik sortu geninan aplikazioa. Gazteekin pentsatzen, baina ez bakarrik haiekin. Mundu guztia bizi dun mobilari begira, guztiok gauden harrapatuta. Kalean edo familiako transmisioaren bidez ikasi izan dinagu orain arte, modu naturalean; taulen bidez ikastea pisuagoa izan liteken. Ikastea beti izango dun ikastea, baina erraztea dun asmoa: dinamikoa izateko, galdera-erantzunekin...
LOTSABAKO
Oñatiko hitanoan hitz edo esamolde bat?
Ingo xonau.Zuk nola ikasi duzu hitanoa?
Neure kabuz eta ingurukoekin praktikatzen, proiektu honen harira.