Eskultorea

Gotzon Huegun: «Hidrogenozko partikula subatomikoen talka islatu dut zurezko pieza batean»

Cristina Enea fundazioan paratu du bere azken erakusketa Huegunek. Hamazazpi mural, bost eskultura eta zenbait zirriborro ikus daitezke. «Naturaz gain, zientzia oso presente dago nire lanean».

Gotzon Huegun, asteartean, Cristina Enea fundazioan duen erakusketan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Gotzon Huegun, asteartean, Cristina Enea fundazioan duen erakusketan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2025eko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Zuhaitz adar soilak ikusten dira egurrez egindako obren ondoan dauden leihoetatik. Kristinaenea parkeko baso txikia aterpe ederra da natura ardatz duen erakusketarako. Gotzon Huegun (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972) pozik da lekuarekin eta harrerarekin. «Tailerretik ikusten dudan paisaiaren antzekoa da». Sinkronia martxoaren 16ra arte egongo da zabalik, eta hilaren 24an, eskultorearen ibilbidea jasotzen duen dokumentala estreinatuko dute Cristina Enea fundazioan: Sinkronia. Artea eta natura. Gorka Ipinazar eta Haizea Huegunek egin dute dokumentala. 

Fisika kuantikoa artelan batean?

Genevako CERN institutuan dagoen hadroi talkagailuak ateratako argazki batean oinarritu naiz pieza hau egiteko. Garai batean asko irakurri nuen fisika kuantikoaz. Paradigma berriak sortu ziren garaiaz ari naiz. Oso erakargarria egiten zitzaidan, eta liburuak irakurtzean irudiak etortzen zitzaizkidan. Halako batean argazki txiki bat topatu nuen; hidrogenozko partikula subatomikoak azaltzen ziren, talka egiten ari zirela, eta zirrara berezi bat sentitu nuen. Oso irudi ederra zen, eta istant horren edertasuna islatzen saiatu naiz. Beti nabil edertasunaren atzetik. Gauza txikien edertasuna aldarrikatzen dut.

Espiralak ikusten dira...

Bai, espiral asko daude. Liburuak irakurtzean ohartu nintzen ikusten den hori bizitzaren sorrera dela. Fisikari batzuekin hitz egin nuen, eta beraiek azaldu zidaten bizitzaren elementu basikoak ikertzen dituztela horrela. Partikula subatomikoak zertaz osatuta dauden ikusten dute. Jada badakite atomoak baino txikiagoak diren partikula subatomikoak daudela, eta horiek baino txikiagoak diren molekula basikoak. Talka egitean ikusten dituzte elementu txiki horiek... Nik plastika hartzen dut kontuan, estetika, edertasuna...

Sinkronia da izenburua. 

Azkenaldiko nire obra laburbiltzen duen hitza da Sinkronia. Kausalitate bat dago denean. Bi elementu elkartzen diren une hori da sinkronia. Hidrogenozko partikula subatomikoen talka islatu dut zurezko pieza batean, eta hori sinkronia hutsa da, baina badaude mural gehiago ere: neuronen konexioak irudikatu ditut pieza txikiagoetan, eta baita likena ere. Likenei buruz irakurtzen hasi nintzen, eta ohartu nintzen alga baten eta onddo baten elkarlanari esker sortzen direla. Ideia ederra iruditu zitzaidan, eta hor ere sinkronia bat dago. Kontzeptualki indarra dago elkarlanaren ideian; ez dira ari norgehiagoka, elkarlanean baizik, eta, gainera, gure planetan dauden bizidunik antzinakoenetakoak dira. Oso ederrak dira.

Gotzon Huegunek egindako obra. Likenak izan dira serie honen ardatza.
Gotzon Huegunek egindako obra. Likenak izan dira serie honen ardatza. BERRIA
Neuronen konexioak ere islatu dituzu?

Naturaz gain, zientzia oso presente dago nire lanean. Mikroskopio elektronikoen bidez ikus ditzakegun irudiak izugarri ederrak dira. Zerbait berria topatzen dudanean, asko irakurtzen dut horren inguruan. El jardín de la neurologia liburua topatu nuen, eta bertan irudi ederrak daude. Javier de Felipe Orokietaren liburua da, eta hari eskatu nion baimena irudi horiek erabiltzeko. Ramon y Cajalek neuronen zirkuituak marraztu zituen, eta oso artistikoak dira. Horietan oinarrituta egin nituen lan horiek. Inspirazioaren zirkuitu bat irudikatu nuen koloreen bidez, eta izenburu hori jarri diot: Inspirazioa. Beti galdetzen didate nondik datorkidan...

Eta nondik datorkizu?

Ez dakit erantzuten. Istant bat da, memento bat, bulkada bat, irudi bat... Pieza bat egin ostean egiten ditut interpretazioak. Gero etortzen da diskurtsoa. Niretzat, lan estetikoa da, ez dut hasieratik planteamendu filosofiko bat egiten. Hori gerora dator. Ondoren datorren zerbait da, eta gustatzen zait horrela izatea. Bidea jolas bat da horrela. 

Zirriborroak egiten dituzu.

Bai. Eta egurrean marrazten dut. Garantia batekin abiatzen naiz. Planifikazioa inportantea da, nahiz eta ez jakin bukaera nolakoa izango den. Norabide bat behar dut, nahiz eta prozesuan beste erabaki batzuk hartu. 

Dena den, natura da zure lanaren ardatza.

Bai. Azkaraten [Nafarroa] bizi naiz, eta basoa etxe atarian daukat. Balerdi mendia ikusten dut tailerretik, piramide eder hori. Araitz bailarako basoetan ibiltzen naiz, baina, itsasotik gertu biziko banintz, itsasoaren edertasuna landuko nuke.

Zuhaitz zartatuak ere ikus daitezke.

Bai. Askotan motzondoak dira. Zirrikituetan sortzen diren marrazkiak ederrak dira... Horietan transformazio bat gertatzen da. Likenen eta goroldioen bidez bizia sortzen da hor. Pieza horiekin azaldu nahi izan dut gauzak ez direla heriotzarekin bukatzen, zikloak daudela, eta dena eraberritzen dela, etengabe; naturan ikusten da mugimenduak ez duela etenik.

Zure arbasoek ere egurra izan zuten ogibide.

Bai. Aiakoak gara aitaren aldetik. Aitona eta birraitona baso gizonak izan ziren. Leon Huegun aizkolari ospetsua ere aitonaren lehengusua izan zen. Aurkikuntza moduko bat izan da hori, eta azken erakusketari izen hori jarri nion: Arbasoak. Beraiek egurra ateratzen zuten, eta nik orain egurra lantzen dut. Beste sinkronia bat. Polita iruditu zitzaidan sinbolikoki omentzea. Hor dago denaren jatorria.

Harriarekin ere egiten duzu lan...

Niretzat bi elementuak dira beharrezkoak. Egurra goxoagoa da, eta harria, berriz, sendoagoa. Oso dotorea da, eta indarra dauka, nahiz eta aldi berean hauskorra izan. Euskaldunok egurra eta harria izan ditugu, eta nortasun bat sortzen dutela esango nuke. Niretzat oso erakargarriak dira biak, eta biak behar ditut. Italiako marmol zuria lantzen dudanean sortzen den hautsak oso atzera eramaten nau... Ez dakit nola azaldu. Usain hori ezaguna banu bezala. Berezia da. Markinako marmol beltzarekin ez zait hori gertatzen. Material maitatuak dira biak. 

Euskal Herriko eskultore handien material kuttunak ere izan dira egurra eta harria. Euskal arimaren estetika ordezkatu dute.

Bai. Oteiza maisu bat da. Ate bat ireki zigun. Arteak espiritualtasunarekin zerikusia duela erakutsi zigun. Hutsunearen ideia horrek asko erakartzen nau. Oteizaren testuetan, teorietan eta planteamenduetan geratu dira asko, baina harago dauden ideia sakonak iruditzen zaizkit niri erakargarriak; haren hutsunean maitasuna dagoela uste dut.

GOTZON HUEGUN
Gotzon Huegun 'Xenpelarren fruitua' eskulturaren aurrean, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Xabier Leteren eta Xenpelarren omenezko eskulturak ere egin izan dituzu...

Bai. Xenpelarrena Errenteriako Udalaren lehiaketa bat izan zen. Xenpelarren fruituak eskultura hiru metro luze da, eta bi tona pisatzen ditu. Altzairuz egina dagoen zuhaitz bat da. Hor ere sinkronia polit bat egon zen. Oteizak eskultura bat egin nahi izan zion, baina frankismoaren garaiak ziren. Inaugurazio egunean bertsolariak etorri ziren, eta sekula ez dut ahaztuko bertso bat. Andoni Egañak horrela bota zuen: «Oteizak egin ezin izan zuena Huegunek egin digu». Oso polita izan zen, oso ederra.

lotsabako

Lanerako, musika edo isiltasuna?
Musika klasikoa, bereziki Johann Sebastian Bach.

Artista bat?
Michelangelo.

Obra bat?
Willendorfeko Venusa

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.