Osasuna. Elikadura

Hidratazioaren garrantzia

Bizitzari eusteko, ura ezinbesteko osagaia da. Urteekin, ordea, gorputzeko ur kopurua gutxitu egiten da, eta, horregatik, are garrantzitsuagoa da adinekoak ondo hidratatzea.

Arantza Lorenzo.
2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Denok dakigu bizitzeko ura ezinbestekoa dela. Urak zelulako erreakzio kimiko guztiak posible egiten ditu, bai energia ekoiztekoak, bai eta edozein erreakzio biosintetiko ere. Zelulak, bere egitura mantendu ahal izateko, ura behar-beharrezkoa du. Eta, bizitzeko ezinbestekoa denez, dietaren bitartez beharrezko kopurua barneratu behar da, osasuntsu egon nahi bada.

Gorputzeko masaren erdia baino gehiago urak osatzen du—batez beste, % 60 gizon helduetan eta % 50 emakumeetan—. Gorputzeko ur kopurua aldatu egiten da hainbat faktoreren arabera: adina, gorputz osaketa eta egoera fisiologikoa. Baina adina faktore garrantzitsuenetarikoa da gorputzeko ur kopuruari dagokionez. Adinean aurrera goazen heinean, gorputzeko ur kopurua gutxituz joaten da, eta deshidratazio arriskua, handituz; eta ondorio kaltegarriak ditu horrek. Horretarako, barneratzen eta kanporatzen den likidoen artean oreka egon behar du, desorekatuz gero bizitza bera ere arriskuan jar baitaiteke. Likidoa edariaren eta zenbait janariren bitartez barneratzen dugu. Galdu, berriz, gernu, gorotz, birika eta larruazalaren bitartez galtzen dira.

Ur gehiegi barneratzea, oro har, osasun arazorik ez duen pertsona batentzat, ez da arriskutsua, edandakoa gernuaren bitartez oso erraz kanporatzen delako. Baina likido gutxi barneratzeak osasun arazo larriak ekar ditzake.

Deshidratazioa zahartzaroan:

Gorputzeko ur kopurua %15 (sei litro inguru) gutxitzen da 20 eta 80 urte bitartean. Gainera, adin horretan egarri gutxiago sentitzen da; ondorioz, gutxiago edaten da, eta ohartu ere egin gabe gorputza deshidratatua egon daiteke. Urteen poderioz ere, giltzurrunek gernua kontzentratu eta ura atxikitzeko gaitasun gutxiago izan ohi dute.

Bi dira deshidratazioaren kausa: behar baino likido gutxiago barneratzea eta hainbat arrazoirengatik —inguruneko tenperatura altuak, beherako edo gorakoak, sukarra, ariketa fisikoa…— likido galerak ohi baino handiagoak izatea.

Deshidratazioa maiz ospitalizazioen arrazoia izan ohi da zahartzaroan; gainera, ikerketek erakutsi dute ospitaleetan eta beste instituzio batzuetan agure asko deshidratatuta egoten direla. Deshidratazioaren ondorioz, areagotu egiten dira idorreria, hipotensioa, hezurren ahuldadea eta, ondorioz, eroriak, larruazaleko infekzioak, digestio zailtasunak, oroimenaren nahaste eta endekatze kognitiboak.

Besteak beste, arrazoi hauek izan daitezke zahartzaroan deshidratazio arriskua areagotzen dutenak:

Esan dugun bezala, adinarekin egarri sentsazioa gutxitu egiten da.

Irensteko zailtasunak.

Mugikortasuna gutxitua izatea.

Ulermen eta komunikazio nahasmen edo ezintasunak.

Txizari ezin eustea, eta, ondorioz, ur galera handitzea.

Agureak dauden erakundeetan tenperatura altua izatea, eta pertsona gutxi agure askorengana iristeko.

Laxante edo diuretikoak erabiltzeak ere ur galera handitu egiten du.

Zaharren deshidratazioa saihesteko neurriak:

Agurearen inguruko familia, pertsona eta zaintzaileek, deshidratazioaren arriskuez kontzientziatu, eta likido kontsumo beharrezko bat ziurtatzea.

Likidoen kontsumoa bultzatzeko estrategiak:

—Egunez likidoak maiz eskaini, eta egarria eduki ez arren, likidoak edatea oso garrantzizkoa dela erakutsi.

—Likidoetara iristeko erraztasuna dutela ziurtatu: haien ondoan edo gertu dagoen mahaian, aulkian eta haientzat erosoa eta erraza den ontzi batean, likidoa eduki. Amaitutakoan, berriro bete.

—Botikekin batera beti ura edan dezatela. Botikek izan ditzaketen efektuak ere kontuan izan. Batzuek deshidratatzeko joera dute. Horiek hartuz gero, erne egon beharko dugu, likido gehiago eskaintzeko.

—Haien ezaugarriak kontuan izanda, gogoko dituzten edariak eskaini: infusioak, saldak, zukuak…

—Deshidratazio arriskua handiagoa den garaietan, uda partean esaterako, ziurtatu egunean gutxienez 1,5 litro likido barneratzen dutela.

—Otordu bakoitzean gutxien-gutxienez baso eta erdi ur har dezatela.

—Otorduetatik kanpo, ordu eta erdiro gutxi gorabehera likidoak eskaini: ura, tea, fruta zukuak, infusioak, freskagarriak. Egunez, hainbat edariren artean 4-6 baso inguru edan ditzatela.

—Egun osoan, likidoetan aberatsak diren elikagaiak eman; hiru fruta ale, pare bat platerkada barazki eta bizpahiru esneki adibidez.

—Haien efektu diuretikoa dela eta, hobe edari alkoholdunen kontsumoa murriztea edo guztiz ezabatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.