Hidrari burua mozteko ahalegina

Immunoterapiari erresistente zaizkion biriketako minbiziek tratamenduei erantzutea lortu dute CIMAko ikertzaileek. Minbizien artean, hori da munduan pertsona gehien hiltzen duena.

Genetikoki eraldatutako saguaren irudia; biriketako minbizia morez ikusten da. NIH NATIONAL INSTITUTES OF HEALTH.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Biriketakoa da munduan gehien hiltzen duen minbizia: gaixotasun horrek eragindako heriotzen %25en erantzule da. Horren arrazoi nagusietako bat da ez dela garaiz harrapatzen, birikak ez baitu nozizeptorerik, eta, beraz, ez da minik sumatzen tumorea beste eremu batzuetara zabaldu den arte. Badira tratamenduak: kimioterapia, erradioterapia eta, duela gutxitik, tratamenduen «gailurra»: immunologia. Gaur-gaurkoz, pazienteen %15ek erantzuten diote immunoterapiari; horregatik hasi dira ehuneko hori zabaltzeko lanetan. Gaitzari buru bat mozteko gakoa DSTYK proteina dela aurkitu dute CIMAko ikerlariek.

Journal of ExperimentalMedicine aldizkarian argitaratu dute lana, eta Karmele Valencia ikertzailea da lehenbizi sinatzen duena. «Ikusi dugu DSTYK proteina alteratua dagoela pazienteen %7tan; gutxi dela dirudi, baina paziente kopuru handia da», esan du. Espero baino proteina gehiago izaten dute. «Tumore zeluletan proteina inhibitu edo nokeatzen badugu, ikusi dugu immunoterapiari erantzuten diotela, aurretik ez bezala». Bestela, paziente horiek ezin izanen liokete tratamenduari erantzun.

Minbizia Lernako hidrarekin alderatu du Valenciak, Greziako mitologiako izakia, suge itxurakoa. «Buru bat mozten ziotenero, bi ateratzen zitzaizkion. Tumore zelulek tresna asko dituzte, eta tratamenduei aurre egiten diete. Minbiziari alde askotatik egin behar zaio aurre: buruak moztu bitartean, zernahi egin behar da berriro ez daitezen erreproduzi».

DSTYK proteina jomugan

Ikusi dutenez, tumore zelulak «oso alteraturik» daude, eta autofagia aktibaturik dute. «Zelula hauek oso aurkako inguruan bizi dira, etengabe egiten diete eraso; beraz, elikagaiak ingurutik hartu beharrean, beraien burua jaten dute modu kontrolatuan; elurrak erabat estalitako mendizaleek pixarekin egiten duten bezala». Autofagia funtzioan DSTYK proteinak parte hartzen duela ikusi dute. «Proteina inhibitzean zelularen digestio prozesu hori eteten ari gara. Betekada zelularra eragiten diogu». Hori dela eta, edozein erasoren aurrean babesgabe gelditzen dira, baita immunoterapiaren aurrean ere. Orain inhibitzaileak garatu nahi dituzte.

Aurkikuntzak eraginkorrak diren tratamendu berriei eta konbinazio berriei ateak ireki diezazkieke, ikerlariaren arabera: «Tumoreei buruz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeki jakinen dugu haien aurka nola egin. Alde horretatik, proteina edo molekula berrien ezagutzak aurrerapausoak dira». Gainera, ohartu dira DSTYK beste minbizi mota batzuetan ageri dela: hepatokartzinoma, bular kartzinoma, melanoma...

Nolanahi ere, prebentzioa azpimarratu du Valenciak. Irudi proba batekin identifika liteke minbizia, nahiz eta garestia izan. «Garaiz harrapatzen denean sendatzeko benetako aukera dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.