Ahozkotasuna lantzeko bide paregabea eskaintzen dute kantuek euskara ikasteko orduan. Hizkuntza ikasi ez ezik, euskal kulturaren eta euskal kantutegiaren berri izateko tresna eraginkorra ere bada, era atsegin eta dibertigarri batean. Hortik abiatu da Banaiz Bagara elkartea Hiahoka egitasmoa egituratzeko. Villabonako Mintzola fundazioan aurkeztu zuten atzo proiektua, Gipuzkoan. Euskara arrotz sentitzen duen jendearentzat prestatu dituzte euskal mundura hurbiltzeko metodologia eta teknikak, abestien bidez. Eskuliburua eta CDa aurki jarriko dituzte salgai, zortzi eurotan.
«Hizkuntza ahotsaren eta kantuen bitartez sentitzeko proiektua da Hiahoka», azaldu di Petra Elser-ek, Banaiz Bagara elkarteko arduradunak. Ahotsaren eta ahoskatzearen segurtasuna lortzea da Hiahokaren helburuetako bat. Beste kultura bateko jendearentzat da, euskarara eta euskal kulturara gertura daitezen. Etorkinenek ez ezik, baina, euskaraz ikasi nahi duten bertakoek ere parte har dezakete, sustatzaileekazaldu zutenez.
Hizkuntza gaitasunak lantzeaz gain, alderdi sozial indartsua ere badu Hiahoka egitasmoak. Euskal Herrian ohitura da lagunartean kantuan aritzea. Modu horretan, etorkinek gizarteratzeko aukera handiagoa izan dezakete, giza harremanak lantzeko abagunea emango baitie kantuak.
Gramatikarik ez
Euskara ahozkotasunean oinarrituta ikasteko bidea da Hiahoka proiektua. «Askotan, beste kultura batekoek ez dute gramatikaren aldea ikasi nahi izaten», esan du Petra Elserrek. Hizkuntza «burua hautsi gabe» erabiltzeko aukera eman nahi du proiektuak. «Bi esaldi sinple ikasi eta erabiltzea, horretarako aukera ematen dute abestiek».
Metodologia horrekin egindako lanek emaitza ona izan dutela diote Ana Elorza eta Miren Otzerinjauregi kantu irakasleek. Metodo horretan oinarritutako ikastaro bat ere eman zuten Mitzola fundazioan.
«Belarria, erritmoa, artikulazioa eta euskararen musika barneratzen ikas dezakete erdaldunek euskaraz abesten. Leloa errepikatzearen poderioz, esaldiak barneratzen dituzte», Otzerinjauregiren hitzetan.
Erdaldunentzat, euskararen arroztasuna hizkuntzaren beraren ahoskeraren zailtasunean egon ohi da. Tz kontsonanteak, bokal askotako hitzak eta hitz kate luzeak zailak egiten zaizkie ahoskatzen. Etorkina nongo den,zailtasuna bat edo beste izango da, Otzerinjauregik azaldu duenez. Ama hizkuntza latinoa dutenei, kontsonante batzuk ahoskatzea egiten zaie zaila. Arabiar herrialdeetatik etorritakoei, aldiz, erritmoa jarraitzea kostatzen zaie.
Proiektu aitzindaria da Banaiz Bagara elkarteak aurkeztutakoa, eta Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du. Euskal Kantuzaleen Elkartearekin elkarlanean aukeratu dituzte eskuliburuan lantzen dituzten abestiak. Juan Luis Aranburu Euskal Kantuzaleen Elkarteko kideak azaldu duenez, gizarteratzeko bidea ematen du kantagintzak. «Kantu taldeek mezua jaso dute, eta etorkinei arreta ematen ari dira». Tolosa Kantari eta Urretxu eta Zumarragako Iparragirre Kantuz topaketak jarri ditu adibidetzat. Ostiralean biltzarra egitekoak dira, eta etorkinei kantuaren bidez ateak irekitzeko beharraz eta garrantziaz ariko dira.
Orain dela bi urte sortu zuten Banaiz Bagara elkartea, etorkinei euskaraz hitz egiten erakusteko helburuarekin. Gipuzkoako sei herritan astean behin biltzen dira ahozkotasuna lantzeko. Villabonan, Urnietan, Hernanin, Andoainen, Lasarten eta Azkoitian lan egiten du elkarteak, eta laster Tolosan eta Beasainen ere izango dira. Hilean behin kantu topaketak antolatzen dituzte etorkinekin.
Proiektu aitzindaria den arren, egindako saioetan emaitza onak lortu dituzte. «Euskararekin sentitzen duten arroztasuna apurtzea lortu dugu. Eskolak oso arinak izaten dira, ez baitago ez arbelik, ez paperik, ezta irakaslerik ere», azaldu du Petra Elserrek.
Elkarren osagarri diren bi helburu ditu Hiahoka proiektuak: euskara sustatu eta etorkinak gizarteratu. Euskaraz aritzen dena baita, azken finean, euskalduna.
Hiahoka abian da, euskara kantuan ikasteko proiektua
Hiahoka egitasmoa sortu du Banaiz Bagara elkarteak, hizkuntza ahozkotasunean oinarrituta eta abestien bidez ikastekoEtorkinengan pentsatutako egitasmo bat da, eta gizarteratzeko tresna izatea nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu