Hezurrek kontatzen dutena

Iruñeko Erresumari lotutako hiru errege historikoren azterketa antropologikoa egin du ikerlari talde batek Aragoin, eta nolabait sorberritzea lortu. Petri I.aren 3Dko irudia lortu dute, eta Ramiro I.a erregea benetan nola hil zen jakin dute. Lan hori nola egiten den azaldu dute ikerlariek.

Aragoi eta Iruñeko erregeen azterketa egiteko lurrazpitik ateratako garezurra, Zaragozako laborategian. ARAGON TV.
Iker Tubia.
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun

Benjamin Buttonen istorio bitxia kontatu zuen F. Socott Fitzgeraldek duela ehun urte: zahar sortu, eta gazte egiten zen pertsonaia. Modu berean, atzekoz aurrera egin dute Aragoiko (Espainia) historiako zenbait pertsona ezagun eta ezezagunen ikerketa antropologikoa eta sorberritzea. Heriotzan du abiapuntua lanak, eta hezurrek esaten dutenari adi, norbanako horiek izandako bizimodua eta itxura birsortu dituzte. Lan horien lagin bat ikus daiteke Aragon Televisioneko Antecessor programan.

Iruñeko Erresumari lotutako hiru pertsonaia historiko aztertu dituzte kate publikoaren programa horretan: Antso Ramiritz eta Petri I.a Santxitz, biak Iruñeko eta Aragoiko errege izandakoak; eta Ramiro I.a Aragoikoa, Antso Ramiritzen aita. Lan horietan, aukera izan dute Petri I.aren eta Ramiro I.aren burua hiru dimentsiotan sorberritzeko. Bigarrenaren heriotza ere argitu dute, eta kronika historikoek ziotena gezurtatu. Gainera, hiruren bizimoduei buruzko informazioa bildu dute.

Petri I.aren 3Dko sorberritzea. Antecessor

Aragoiko telebistak ezagutarazi du lana, baina atzetik heldu da. Ana Cisneros doktorea ari da koordinazio lanetan. «Urte asko daramagu garezurreko morfologia, garapena eta eboluzioa aztertzen. Hala ere, gehienetan jende ezezagunaren hezurrak erabili ditugu». IISA Aragoiko Osasun Ikerketarako Institutuko MGR Medikuntza Genetikoko Ikerketa taldea ari da lan horretan, Zaragozako Unibertsitatearekin elkarlanean. Lehenbiziko lana Zaragozako hirigunean agertutako nekropoli erromatar batean izan zen. «Hor hasi ginen, baina bigarren zati hau, pertsonaia historikoak aztertzearena, [Joanes V.a Lanuzakoa] Aragoiko Justiziarekin hasi genuen. Gero etorri ziren gainerako pertsonaia historikoak». Haien asmoa da Aragoin nor bizi izan den kontatzea ikuspegi antropologiko eta historiko batetik. «Gure lehenbiziko norbanakoak Kristo aurreko 2.500. urtekoak dira, eta, azkenak, Sitioko Heroiak, XIX. mendekoak».

Historia eta zientzia elkarri loturik ageri dira proiektu horretan. Kontakizuna egiteko, hezurrak erabiltzen dituzte. «Historiak gauza bat kontatzen du kroniken bidez, datu historikoen bidez... baina hezurrek egia kontatzen dute. Harago joan gara: batzuetan kontakizuna baieztatuz, eta besteetan gezurtatuz». Kroniken arabera, Ramiro I.a begian gezi batek jota hil zuten; hezurren arabera, sabelean lantza bat sartuta.

Ramiro I. Aragoiko erregearen 3Dko sorberritzea. Antecessor

Hezurren mintzoa

Lan honen oinarria hezurrak dira, beraz. Horiek azterturik lortzen dute sorberritzea eta azterketa antropologikoa egitea. «Hezurrek hitz egiten dute», zehaztu du Cisnerosek. Lan egiteko modua oso sistematizaturik dutela kontatu du. Lehenbizi, hezurrak hartu behar dira. «Gehienetan itsuan ateratzen dituzu, ez baitakizu zer aurkituko duzun». Iruñeko erregeen azterketa egiteko, lehenbizi Huescako San Juan de la Peña monasterioan dagoen errege panteoian sartu ziren. Batzuetan, hezurrek tratamendua behar dute; adibidez, hezeak badaude, idortu egin behar dira. Hezur horiek bilduta, norbanakoak banatzen dituzte, posible denean. Norbanako bakarra badago, garunetik eremu distalera hezurrak paratzen dituzte: garezurra, hezur luzeak eta gainerakoak —ornoak, saihetsak, hezur koxala eta errain hezurra—; eta, gero, hezur txikiagoak: eskuak, oinak... Horiek edukitzea zaila da.

Hezur horiek aztertzeaz arduratzen da, besteak beste, Salvador Baena auzi medikua. Lehenbizi berreraikuntza identifikazioa egiten dute. Hala, zenbait galderari erantzuten diete: gizakia ote den, gizonezkoa edo emakumezkoa den, zer adin duen, eta zer garaiera. Hurrengo urratsa identifikazio konparatiboa da: DNArekin egiten da, baina, hori egiteko, zerekin alderatu eduki behar da.

Antecessor proiektuko zientzialariak lanean. Antecesor

Morfologiaren arabera ikusten dute hezurrak gizakienak ote diren: «Giza anatomia ezagutzen dugu, eta hori aise ikusten da hezurra osorik dagoenean eta eskeletoa nahiko ongi dugunean. Haurren kasuan, adituak ez direnek animaliekin nahas ditzakete». Sexua dimorfismo sexualaren bidez zehazten dute: «Eskeleto osoa dugunean, garezurrarekin eta pelbisarekin %98an asma dezakegu sexua, zalantzarik gabe; betiere 18 urtetik gorakoetan. Haurretan zaila da ezberdintzea».

Adina asmatzeko, pelbisean dagoen bi zentimetroko puska bat erabiltzen dute: pubiseko sinfisia. Beste bi lekutan begiratzen dute: saihetsetan eta garezurrean. «Batez ere laugarren saihetsak metamorfosi bat izaten du, bularrezurrera batzerakoan. Hori begiratuta, adina kalkulatu dezakegu, lauzpabost urteko tartearekin». Bestalde, garezurreko hezurrak soldatu egiten dira adinean aurrera egin ahala.

Garaiera jakiteko, hezur luzeak neurtzen dituzte: femurra, erradioa, humeroa, kubitua, tibia... Datu horiek ekuazio tauletan sartuta, norbanakoaren gutxi gorabeherako garaiera ematen dute. «Baina gerta daiteke norbanakoa besamotza eta zangoluzea izatea, edo zangomotza eta besaluzea. Horren arabera kalkulatu behar da garaiera». Hezur horiek norenak diren jakin ondotik, datarena da beste galdera garrantzitsu bat: norbanakoak zenbat denbora daraman hilik, alegia. Antzinako arrastoekin, karbono-14 proba erabiltzen dute horretarako, baina hezur garaikideagoekin beste teknika batzuk erabiltzen dira.

Bizimoduaren arrastoa

«Hortik aurrera, beste galdera batzuk azaltzen dira: nola bizi zen, nola hil zen, zer egiten zuen, patologia traumatikorik edo infekziorik ote zuen, nola ibiltzen zen...», esan du Baenak. «Datu horien bidez pertsona hori bizi zeneko profila eraiki dezakegu. Eskeletoa organismoaren kutxa beltza baita: bizitzako gauza askoren arrastoa du; ez denak, baina asko bai». Ramiro I.aren eta Antso Ramiritzen kasuan, traumatismoak ikusi dituzte hezurretan; bizi ziren garaiko arrastoak dira horiek. Petri I.a gazte hil zen, eta ez dute aurkitu zergatik hil zen azaltzen duen deus.

Baina nola jakin dezakete, adibidez, zein zen norbanako horren ibilkera? Baenak azaldu du: «Hezurrak, azken finean, haietan txertaturik dauden lotailu eta muskuluen malgukiak dira. Hezur baten zati bat aldaturik badago, badakigu hor dagoen muskuluak zer egiten duen; beraz, ondorioak atera ditzakegu». Esaterako: deltoidea besahezurrean txertatzen da. Marka nabarmena bada, mugimendu hori askotan egiten zuen seinale; hau da, sorbalda nabarmena zuen, gihar handiarekin. «Modu horretan ikus dezakegu norbanakoak, bizi zenean, zer gauza egiten zituen, behin eta berriz eta nabarmen, gerlaria zelako, edo buztingilea, edo nekazaria... «Ez dugu muskulua, baina bai hezurrean utzitako marka».

Hezurretatik ateratako DNA aztertzea ere garrantzitsua da. Eva Barrio genetikaria izan da lan horien arduraduna. «Genetika ezinbestekoa da lan honetan, betiere norekin alderatu baduzu». Berak normalki bizidunekin egiten du lan, baina hildakoekin modu berean egiten da. «Gehienetan, hezur luzeak edo oso porotsuak erabiltzen ditugu». Lehenbizi, anatomistek eta antropologo forentseek bidalitako hezur lagina garbitzen dute lixibarekin eta azetonarekin, eta, ondoren, kaltzioa eta sobran duen guzia kentzen diote, DNA hartzeko.

«Kalitate egokia duen DNA badugu, kromosoma bakoitzaren zenbait markatzaile erabiltzen ditugu», esan du Barriok. «Markatzaileetako bat D3S1358 da. Gizakiak diploideak gara, eta kromosomen bi kopia ditugu. Orduan, batek 14 du eta besteak 15; bakoitza gurasoetako batetik jaso du. Gurasoak aurkitzen baditugu, ikusiko dugu alelo edo markatzaile horien bi formak aitari edo amari dagozkiola». Analisi programen bidez lortzen dute ahaidetasun ehunekoa. Memoria historikoan asko erabiltzen da teknika hori. Kasu horietan, gorpuak duela gutxikoak direnez eta ondorengoak bizirik daudenez, alelo guziak dituzte, eta «oso erraza» da identifikatzea. Arrasto zaharren kasuan, 25 STR tandemean errepikakorrak diren sekuentzietatik 15 izan ditzakete. «Ez da egoerarik onena, baina horrekin egiten dugu lan».

Ikerketan Pedro I.a identifikatu zuten. Arkeologiari dagokionez, behar zuen tokian zegoen; antropologiari dagokionez, gorpuzkiek bat egiten zuten dokumentatua zegoenarekin. Genetikari dagokionez, ahaidetasun ehunekoa zuen aurretik identifikatuak zituzten aita eta aitatxirekin. Baina beste aurkikuntza bat egin zuten: «Monasterioan, identifikatu gabeko bi haur eta emakume bat zeuden ehortzirik. Ikerketa genetikoa egitean ikusi genuen haurrak anaiak zirela, Pedro I.a aita zela, eta emakume hori Isabel Akitaniakoa zela, ama».

Azterketa horiek eginda, erradiologiara pasatzen dira. Erredurak aurkitzen badituzte, erradiologia sinplea egiten dute kortikala eta hezurra nola dauden ikusteko. Bestela, PACS delakoa egiten dute. Bukatzeko, 3D eskanerra erabiltzen dute. «Azterketa antropologiak, erradiologiak eta 3D eskanerrak emandako datu guziek ematen dizkigute puntu kraneometrikoak, neurriak, atal biguna estrapolatzen dugu, eta hortik abiatuta egiten dugu sorberritzea». Erregeen kasuan, txanponei esker jakin dute nola orrazten ziren.

3D eskanerrak bereizmen handiko irudiak izateko aukera ematen du, eta horrek lan oso zehatzak egiteko modua ematen duela kontatu du Cisnerosek: «Lupa batekin ikusi ez ditugun detaile txikiak ikusteko aukera izan dugu irudiak handitzean, baita neurketa oso zehatzak egitekoa ere». Ez hori bakarrik: datu horiek gorde egiten dira, eta aurrerantzean hezurrak aztertu daitezke esku artean izan gabe.

Zientzia telebistara

Prozesu hori modu erakargarrian erakutsi dute Antecessor telebista saioan. Nacho Navarro ikerlariak eta Silvia Ladrero kazetari eta kriminologoak zuzendu dute programa. Egindakoaren garrantzia nabarmendu du Navarrok: «Ikus-entzunezkoen alorrean lehen aldia da horrelako benetako serie bat egiten dela. Egin izan da zerbait Egiptoko momiekin, Erresuma Batuan eta AEBetan zer edo zer; baina sei hilabetez pertsonaia historikoak lurpetik ateratzea, sekula ez».

Denborarekin ez zen orekarik: telebistan lanak agudo egiten dira; zientzian, patxadaz. «Horrek egunero lan eta lan aritzera behartu gaitu». Emaitzarekin kontent da Navarro: «Zailena zen telebista saio bat egitea hizkuntza zientifiko ulergarri batekin. Hau da, nola azaldu zientzia, medikuntza eta historia, teknologia erabiliz eta modu atsegin batean». Baina lortu dute. Saioa bukatuta, MGR taldeko ikerlariek beren lanarekin jarraituko dute: hezurrek diotena entzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.