Birala bihurtu da irudia: Jonathan Brownlee pot eginda Cozumelgo (Mexiko) triatloia irabazteko 700 metro falta zaizkiola, zabuka, zutik iraun ezinik; atzetik Alistair anaia iritsi, Jonathan lepoan hartu, helmugaraino arrastaka eraman, eta bultzada bat eman, lasterketa bere aurretik bigarren postuan amai dezan—Henri Schoemanek irabazi zuen—. Askorentzat, anaitasun hunkigarria muturreko egoera batean, epikoa, heroikoa; beste hainbatentzat, gaizki ulertutako kirol legea, arriskutsuegia eta lehiakorregia, legez kanpokoa.
Irudiok «pasada bat» iruditu zitzaizkion Gurutze Fradesi (Durango, Bizkaia, 1981): «Bidaiatzen ari nintzen, sakelakoa piztu, eta ikusitakoa gustatu zitzaidan, mirestekoa iruditu zitzaidan. Ordea, hotzean aztertuta, bestelako ondorioa atera daiteke: osasuna, kirol legea...». Keinuarekin «zalantzak» ditu Aitzol Arregik (Hernani, Gipuzkoa, 1971): «Laguntzen dio, bai, baina helmugara iristean, bultza egin, eta erortzen uzten du, arraroa da. Bera ere txikituta iristen da, ados, baina, ez dakit». Ironmanak, iraupen luzeko triatloiak, egiten dituzte Fradesek eta Arregik, eta probarik entzutetsuenean lehiatuko dira urriaren 8an: Kailua-Konako Munduko Ironman Txapelketan (Hawaii, AEB).
Ohiko triatloiak gogorrak badira, are gehiago Hawaiiko Ironmana. Latza da, oso, egin beharreko ibilbidea: igerian lau kilometro, bizikletan 180 eta korrika maratoi bat osatu behar dituzte parte hartzaileek. Zortzi ordutik gorako esfortzua. Aurreikuspenen arabera, gainera, 30 graduren bueltan ibiliko da tenperatura, eta hezetasuna %70tik gorakoa izango da.
Biek ala biek eskarmentu handia duten arren, estreinakoz ariko dira Hawaiikoan; helburu desberdinarekin, hori bai. Durangarra profesionala da, eliteko kirolaria, eta ahalik eta emaitzarik onena lortu nahi du. Gipuzkoakoarra, berriz, maila apalagoan aritzen da, eta haren adin tartean lehiatuko da: 45 urtekoan. «Gozatzea» du xede.
Prestaketa lan handia du ironman batek atzetik. «Lauzpabost hilabete» behar dira ondo prestatzeko, Arregik azaldu duenez: «Apirilean Hegoafrikakoa egin nuen, eta azaro aldera hasi nintzen hura prestatzen». Dena den, ironmanak egiten dituzten triatloilari gehienek barneratua dute entrenamenduen diziplina, beti ari dira kirola egiten. Ariketa fisiko horren lan karga areagotu besterik ez dute egiten. Askotan, goizez eta arratsaldez entrenatuta. Korrika saioak, bizikleta eta igeriketa, noski; baina baita gimnasio lana, giharrak indartzeko eta lesioak saihesteko. Fradesek, esaterako, «guztiz neurtua» du egunerokoa. «Entrenatzailea dut, eta milimetrora neurtuta dagoen plangintza bat betetzen dut: helburuak, entrenamenduak egunero berrikusten ditugu. Asteko egun guztietan dut zehaztua goizean eta arratsean zer eta nola egin behar dudan».
Entrenamenduen garrantzia
Triatloilari bakoitza, baina, bere erara entrenatzen da. Arregik, adibidez, ez du egun berean goizez eta arratsaldez entrenatzeko ohiturarik: «Nahiago dut jarraian egin; aurrekoan bi ordu eta laurden egin nituen bizikletan, eta jarraian hasi nintzen korrika, 40 minutuz». Hernaniarrak, gainera, urte dezente daramatza triatloiak prestatzen, ezagutzen du bere burua. «Bolumena pixkanaka igo, gehien jota bost bat orduko irtenaldiak egin bizikletan, eta bi korrika, eta lasterketa baino bizpahiru aste lehenago karga murrizten hasi. Baina, ito gabe».
Esaterako, Arregik ez du ohiturarik abuztuan bizikletan ibiltzeko, uda aurretik egin ohi baititu lehiaketak, eta lasaiago ibiltzen baita hilabete horretan. Aurten, baina, Hawaiikoa jomugan izanik, oporretan eta guzti igo da bizikletara: «Eivissan [Herrialde Katalanak] bi aste eman nituen, eta bizikleta alokatu nuen. Gustura ibili nintzen». Asteburuan egindako entrenamendu gogorren ondoren, hasi da lan karga murrizten. Euskal Herrian dago orain, baina astea amaitu aurretik doa Hawaiira.
Arregi ez bezala, Konan dago jada Frades. Astebete darama han, gorputza ahalik eta azkarrena egokitzeko hango klimara eta ordutegira —Euskal Herrian baino hamabi ordu gutxiago—. «Oso garrantzitsua da garaiz bidaiatzea eta gorputza egokitzea. Hawaiiko klima muturrekoa da gainera, hezetasun handia dago. Besteetan ere goiz bidaiatu izan dugu, eta ondo joan zaigu».
Halako entrenamendu luzeek eta gogorrek eta halako bidaiek zaildu egin behar dute triatloia bizitzaren gainontzeko arloekin uztartzea: familia, lana... Alde horretatik «zortea» duela nabarmendu du Fradesek. «Profesionala naiz, eta eguneko 24 orduak ematen ditut triatloian pentsatzen: entrenatu, jan, eta atseden hartu; entrenatu, jan, eta atseden hartu... behin eta berriro. Gainera, bere bikotea du entrenatzailea. «Nahi eta nahi ez, zure zirkulua itxi egiten da, eta, garai batzuetan, entrenamendua eta lasterketa besterik ez dago; ezer gehiago, ezinezkoa delako». Arregik familia kutsatu du bere zaletasunera, eta Hawaiin izango ditu emaztea eta bi seme-alabak. Proba amaitu osteko egunakturismoa egiteko baliatuko dituzte.
Hawaiiko Ironmanean lehiatzea ez da merkea. Izena emateko,890 dolar ordaindu behar dira: 790 euro baino gehiago. Horri hegaldiak, ostatua eta erabili beharreko materiala gehitu behar zaizkio. Ez gastu horiek bakarrik, Hawaiin lehiatu ahal izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik sailkatzea. Arregik Hegoafrikan lortu zuen; Fradesek hiru ironman eta bi ironman erdi egin zituen —sailkatzeko irizpidea desberdina da profesionaletan eta adin tarteko triatloilarietan—.
Garestia da, beraz, ironmanak korritzea. BAT Basque Teameko beka du Fradesek, eta hainbat babesleren laguntza. Argi du haiek gabe «ezinezkoa» litzatekeela lehiatzea: «Hawaii zen helburua, eta gastu handia izan da, baina etorri ahal izan dut azkenean».
Arregik ez du halako babesle handirik, eta hark pagatu behar ditu gastuak eta materiala. Emazteak eta biek lan egiten dute, eta badaude gastuei aurre egiteko bestelako moduak. «Pijerio asko dago triatloiaren munduan; ez duzu zertan erosi bizikleta garestiegia. Profesionalek urtero aldatzen dute bizikleta; nik, lau urtean behin. Batzuetan, profesional horietako bati erosten diot, bigarren eskukoa. Orain, bizikleta berria dut, baina bizitzan bi aldiz izan dut berria». Orain erabiltzen duena Alemanian erosi zuen, hemen baino merkeago, eta igeriketako neoprenoa %60 merkeago eskuratu zuen. «Sekulako mauka». Txirrindularitza denboraldiaren amaieraren zain egoten dira triatloilari asko, taldeek sobera duten guztia saldu egiten dutelako. «Aurten, gainera, Tinkoff taldea desagertu egingo da, eta hor gabiltza denak zerbaiten atzetik; nire kasuan, gurpilak behar ditut». Interneten-eta «sekulako mugimendua» dagoela azaldu du: «Egunero bonbardatzen zaituzte posta elektroniko bidez».
Ironman bat arrakastaz burutzeko beste arlo garrantzitsu bat elikadura egokia da. Horretara ohituta daude jada Frades eta Arregi, normal-normal bizi dute, barneratuta dute. Gipuzkoarrak, gainera, ez dio berebiziko garrantzirik eman nahi: «Desastre bat naiz, beti ditut sobera hiru-lau kilo; saiatu, saiatu naiz, baina... Beti zaindu dut elikadura, arazoak izan ditudalako kolesterolarekin: barazki asko, beraz».
Lasterketa prestatu aurretik baino gehiago, ironmana egiteko garaian egin beharreko elikadurari eman diote garrantzia bi kirolariek. Ezinbestekotzat jo dute ondo hidratatzea eta gorputzari behar dituen gatzak, bitaminak eta abar eskaintzea:«Gorputzari gasolina sartzen ez badiozu, zureak egin du», esan du Fradesek. Hainbeste zaintzen dute faktore hori, non jada probatuak baitituzte lasterketan zehar emango dizkieten produktuak, gorputzak ondo onartzen dituela ziurtatzeko. «Gertatu izan zait ironman bat bukatu gabe geratzea gel bat zeharo gurutzatu zaidalako», aitortu du Arregik. Lehietan irasagarra eta coca-cola hartu zalea da.
Ironmanaren sorlekua
Denboraldiko lasterketa garrantzitsuena hamabi egun barru dute Fradesek eta Arregik, aspaldi zain izan duten proba. Ironmanik ezagunena da Hawaiikoa, baina, zerk egiten du hain berezi? «Han sortu zen ironmana, eta, gainera, orduko ibilbideari eusten diote», azaldu dute aho batez. 1978an egin zuten lehenengoz, eta John Collins marine-aren ideia izan zen: kirolari onenak igerilariak, korrikalariak edo txirrindulariak ziren eztabaidatzen ari ziren, eta, hori jakiteko, hiru probak batera egitea bururatu zitzaion.Proba amaitzeko gai zirenei «burdinazko gizon» deitu behar zitzaiela uste zuen, iron man ingelesez. Izen horri eusten dio; emakumeei erreferentzia egin gabe, oraindik.
Hawaiiko triatloi historikoan izan da bere arrastoa utzi duen euskal herritarrik. Eneko Llanosek askotan parte hartu izan du, emaitza bikainak lortuta, gainera. Bigarren amaitu zuen 2008an, eta bosgarren eta zazpigarren —birritan— ailegatutakoa da. Aurten ere parte hartuko du.
Hezur, haragi eta burdinazkoak
Iraupen luzeko triatloiak egiten dituzte Gurutze Fradesek eta Aitzol Arregik: ironmanak. Gorputza halako esfortzura egokitzeko, entrenamendu luze eta gogorrak osatu behar dituzte, eta elikadura orekatua izan. Ironmanik ezagunenean ariko dira bi larunbat barru: Hawaiin (AEB).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu