Hezur denak

Milaka zikloturista biltzen dituen lasterketa herrikoi entzutetsuena jokatuko da bihar Pirinioetan: Quebrantahuesos 2007. Euskaldunik ez da faltako tartean.

2007ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Sabiñanigotik Sabiñanigora (Espainia). 205 kilometro, eta lau mendate tartean. Abiatu eta 40 kilometro eskasera Somporteko gaina (1.640 metro) igotzen hasi behar. Frantziako lurretan sartu, Escot alderako noranzkoa hartu eta Marie Blanque pikoa zain (1.035 metro). Arnasa hartzeko denborarik gabe, berriz ere behera, Laruns herritik Portalet (1.794 metro) amaiezinera abiatzeko. Berriz ere Espainian dago lasterketa. Formigalen behera ziztu bizian jaitsi, Escarrillako tunela pasatu eta Hoz de Jacako (1.272 metro) aldapa maltzurra. Beste 30 kilometro egin eta gero dago helmuga desiratua.

Orain dela hamazazpi urte hasi zen Sabiñanigoko Edelweiss txirrindulari kluba Quebrantahuesos zikloturista lasterketa antolatzen, eta urtea joan eta urtea etorri, gero eta parte-hartzaile eta ikusle gehiago biltzen ditu. Aurten 7.500 lagunek eman zezaketen proba horretan parte hartzeko izena. Martxorako betea zegoen kuota. Gehiegitxo esatea ez bada, Pirinioetako maldak izerdiz bustiko dituzten erdiak euskal herritarrak izango dira. Ez da urruti ibiliko. Tartean izango da Aitor Kintana gasteiztarra, azken bi urteetako garailea. Abraham Olano eta Fernando Escartin txirrindulari ohiak ere Sabiñanigoko irteeran izango dira.

Bizikleta fabrikatzaileak direla, hedabideak direla, antolatzaileak direla, komertzialak direla edota egun-pasara joandako ehunka zale direla, Pirinioetako magal hori ziklismoaren hiriburu bilakatzen da egun batez. Eta ez da gutxiagorako, Frantziako Tourreko etapa baten parekoa baita Quebrantahuesos lasterketaren ibilbidea. Eta martxa horrek eskatzen duen antolakuntza ere ez da makala: 200 pertsona bidegurutzeetan, 150 jan-edan postuetan, 20 mekanikari bidean, 50 moto, 20 furgoneta, 3 kamioi trailer, 20 auto... Txirrindulariak artatzeko zerbitzurik ere ez da faltako. Dena prest dago, eguna iristea besterik ez da falta.

Gaur bertan abiatuko dira bizikletari gehienak Pirinioak aldera. Batzuek eguna jai hartuko dute, besteek goizeko erreleboan lan egin, eta arratsaldean egingo dute bidaia, eta korrika eta presaka ibiliko denik ere izango da. Hori bai, denek gauza bat izango dute komunean: irteera gunera ailegatu, bizikleta gainean eseri, eta pedalei eragiten hasi. Batzuek iazko marka ondu nahi dutelako, besteek apusturen bati aurre egin behar diotelako, eta izango dira tartean proba amaitzearekin etsiko dutenak. Quebrantahuesos probaren antolatzaileen arabera, «ilusioa eta magia» dira lasterketa hobekien deskribatzen duten bi hitzak, eta abiatu aurretik jarritako helburua betetzen ez dutenek bi hitz horiei erreparatu behar diete barrena lasaitzeko.



LEHENDABIZIKO ALDIA. Tartean sari potolorik ez dagoen arren -ohorea bada nahikoa sari-, orduak pasatu dituzte zikloturistek bizikleta gainean proba egoki prestatzeko. Egindako lanaren ordaina jaso nahi dute, eta urduri daude, ez baitzaie berehalakoan ailegatu horrenbeste esperotako hitzordua. «Zenbat kilometro egin dituk aurten?», «Bihar egingo diagu buelta bat». Horrelakoetarako denborarik ez dago ia.

Gorka Agirre altzotarrak ezagutzen du Quebrantahuesos lasterketa, baina kanpotik. Tartean beti izan du parte hartzera joan den norbait, eta azken lau-bost urteetan errepide barruan zihoazenei laguntzen aritu da ertzetik. Harra sortu zitzaion berari ere, eta errepideko bizikleta erosi zuen orain bi urte. Harrezkero, kilometro sorta ederra egin du. Abendutik ekainera 4.200 kilometro. «Nire asmoa bukatzea da, eta sentsazio onekin bukatzen badut, bada hobeto». Pirinioetako paisaiekin gozatzeko aukerarik izango duen ez daki, kontua da karrera barrutik bizi nahi duela.

Parte hartuko zuela erabaki zuenean esfortzu proba bat egitera joan zen medikutara. Badaezpadako neurria dela dio. «Lasai geratu nahi nuen, horrelako proba bati aurre egiteko gorputza nola nuen jakin nahi nuen». Prestatzaileek aginduta bezala aritu da entrenamenduetan.

Helburu jakin batekin joateko asmoa duena Ander Zulaika da. Mendarokoa da, eta 25 urte beteko ditu laster. «Erronka jarri diot neure buruari. Ez zait gustatzen parte hartzera edo bukatzera joatea», zehaztu du. Sei ordu eta erdian bukatu nahi du proba. «Nahiko denbora ona izango litzateke, baina zail ikusten dut, azkeneko tropelean aterako naizelako». Antolakuntzak dituen erreferentzien arabera sailkatzen ditu zikloturistak, eta Zulaikarenik ez du, ez baita aurrez proba horretan aritu.

Lehen aldia izateko ez dio erronka samurrik jarri bere buruari, baina berak badu konfiantza bere buruarekin, gaztetxotan txirrindularia izan baitzen. «Nahiko ondo ezagutzen dut neure burua». Gaztetako eskarmentua baliagarria izango zaio, eta baita azken hilabeteetan pilatu dituen kilometroak ere: 4.500 inguru. «Oinarri ona dela uste dut». Aste barruan lanak uzten zizkion tarteak baliatu ditu bizikletan ibiltzeko, eta asteburuan bost ordu inguru egunean. «Inguruko proba herrikoietan ibili naiz». Zulaikak ez du esfortzu probarik egin, baina kirol gutxi egin izan duten eta halako proba batean parte hartu nahi dutenentzat gomendagarria dela dio.

Bi lekukotza, eta biak ezberdinak. Quebrantahuesos proban parte hartuko duen bakoitzak ere bere istorioa izango du, neska izan nahiz mutila izan, gihartsua izan edota hanka mehea. Ilusioak batzen ditu guztiak errepidean, eta errepideak berak bereiziko ditu lehen pedal kolpeak ematen hasten diren momentutik. Hezur pitzaduren probatik hezurrik hautsi gabe etorriz gero, gaitz erdi.



Aitor Kintana Txirrindulari ohia

«Gehiegizko lehiak konponbidea du: denborak eta sailkapenak kentzea»



Ekaitz Agirre

Ziklista profesional ohia, azken bi urteetan irabazi du Quebrantahuesos zikloturista martxa Aitor Kintanak (Gasteiz, 1975). Aurten ere parte hartuko du. «Ez nabil, ordea, horren fin; aita izan naiz eta gutxiago entrenatu naiz». Zazpi urte egin zituen profesionaletan, eta Etorkizuneko Tourrean eta Kataluniako Voltan etapa bat irabazi. Astelehenean bete ziren lau urte, hain justu, azken garaipen hartatik.

Zergatik du hainbesteko arrakasta Quebrantahuesos zikloturista martxak?

Jendeak jendea erakartzen duela uste dut. Proba berez da erakargarria; data aproposa da eta igotzen diren mendateak eta ibilbidea Frantziako Tourreko etapa baten parekoak dira. Baina, azken batean, jende askok parte hartzeak erakartzen du jende gehiago.

Gehiegizko lehiakortasuna dagoela iritzi zabaldua da. Ados al zaude?

Badago lehia, baina zikloturisten martxa hutsa bihurtzea erraza da: denborak eta sailkapenak kendu, eta kito. Ziklistoi txipa eta dortsala kentzea izan liteke lehenengo urratsa. Baina buru hainbat aburu ditu gaiak, eta luze joko luke eztabaidak. Finean, parte hartuko dugun guztiok dugu gure erronka, gure helburua, gure lehia. Jakina, hori ez da zikloturismoa, baina bai errealitatea.

Zikloturisten Frantziako Tourra dela esan al daiteke?

Tourrarekin alderatuta ez dakit, baina Espainiako Vueltan baino jende askoz gehiago joaten da ikustera. Portalet inguruan biltzen den jendetzari erreparatzea baino ez dago. Egun batez protagonista sentitzen gara parte-hartzaile guztiok, hasi lehenengo helmugaratzen denetik eta azkena iristen denarekin bukatu. Sufrimendua, gozamena, guztion sentipenak dira.

Lehen aldiz parte hartu behar duenari zer aholkatuko zenioke?

Prestaketaren arabera eta duen maila aintzat hartuta, indarrak neur ditzala. Proba luzea da, eta behar bezala prestatu badu, gozatzera irteteko aholkatuko nioke, baina tentuz har dezala martxa.

Azken bi ekitaldietan zuk irabazi duzu. Aurten nola zaude?

Niretzat egunerokotasunetik ihesbidea dira halako martxak, eta bizikleta gainean nagoenean beti ematen dut dudan guztia. Aurten, ordea, ez nago hain prestatua; aita izan naiz, eta familia eta lana ditut lehentasuna. Ez dut aurreko urteetan bezainbeste prestatu, baina behin bizikleta gainean jarrita...

Ziklista profesional izateari utzi zenion, baina kirola uzterik bai?

Ni profesionala izan naiz, baina hori baino gehiago txirrindularitza zalea. Bizikleta udaberri eta uda partean hartzen dut, eta bestela korrika ibiltzen naiz. Gustatzen zait Behobia-Donostiaren gisako proba herrikoietan parte hartzea. Ihesbidea dut kirola, beharrezkoa.



 

Prestakuntza fisiko egokia egiteakomeni da proba ondo bukatzeko



I.G.

Proba herrikoiak profesionalizatzeko joera areagotzen ari da azken urteetan. Jendeak erronka jartzen dio bere buruari: «Halako denboran baietz egin!», «iazkoa baietz hobetu!». Tartean ere badira, noski, parte hartzeagatik, edota lagun batek animatu duelako, edo besterik gabe proba egin nahi duelako izena eman dutenak. Horixe da lasterketa herrikoien funtsa azken batean, parte hartzea. Baina 205 kilometro egin, eta lau mendate igotzea ez da egunero egiten den gauza bat. Prestakuntza fisiko egokia edukitzea ezinbestekoa da.

Lazkaoko (Gipuzkoa) Kemen kirol zentroan «asko» antzematen dute gisa horretako lasterketen gertutasuna, Etor Mendia kirol prestatzaileak adierazi duenez. «Jendea kontzientzia hartzen hasi da bai!». Erronkak jarri bai, baina denek ez dutela erronka hori betetzeko gaitasunik izaten nabarmendu du. «Gorputzak esfortzu handia egin behar izaten du lasterketa horietan, eta denek ez dute balio». Kirolaria izan ez, eta halako proba batean parte hartu nahi dutenei esfortzu proba egitera aholkatzen die. «Kirola egiteko arazorik ez duela ikusi ondoren, bezeroaren gaitasun fisikoa eta potentzia neurtzen dugu». Prestatzaile fisikoek errendimenduari ematen diote garrantzia, baina errendimendua osasunarekin uztartuta. «Proba herrikoi batean parte hartzeko esfortzu hori egitea merezi ote dion ere galdetu behar dio norberak bere buruari».

Lasterketa egunean gorputzak ahalik eta gutxien sufritzeko, aurretik egin behar da lan. Mendiaren iritziz, egiten den lanaren eta lortu nahi den etekinaren arteko «oreka bilatzea» da gakoa. «Etekinak ikustea denoi gustatzen zaigu, baina muga jartzen ere jakin beharra dago». Quebrantahuesos proban parte hartu behar duten zikloturistei pultsometroa eramatea gomendatzen diete Kemen kirol zentroan. Prestatzaileen esanei kasu eginez gero, lasterketa «fisikoki ondo» bukatuko dute zikloturistek, nahiz eta ezarritako helburuak ez bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.